euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioak Rural Kutxa sariak banatu ditu ekintzailetzaren arloko lan onenen artean

Sarien lehen edizioan ikastegiko ikasleen lana aitortu da 1000 eta 500 euroko sarien bidez

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/18

Irudia
Lau sarituak. Goian (ezkerretik eskuinera), Angela Alonso eta Julen Ferro. Azpian, Mikel Santos eta Lorea Armendariz.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak ekintzailetzaren arloko ikasketa amaierako lan onenei Rural Kutxa Sariak emateko lehen ekitaldia antolatu du, graduko eta masterreko kategorian. Sariak Ingeniaritza Eskola Fundazioak antolatu ditu banketxearen babesarekin, eta helburua da Eskolako ikasleen lana saritzea, honako arlo hauetan: merkaturatu daitekeen produktu berri bat sortzea, industriaren ingurunera transferitu daitekeen teknologia sortzea edo enpresa berri bat sortzea eragin dezaken enpresa proiektu bat sortzea. 1000 eta 500 euro jasoko dituzte kategoria bakoitzeko lehenengo eta bigarren saridunek, hurrenez hurren.

Saritutako ikasleek beren lanaren ekarpen nagusiak azaltzeko aurkezpen bat egin zuten eta epaimahaiak egindako galderei erantzun zieten. Epaimahaia honako hauek osatu zuten: Gonzalo Soto, Rural Kutxako ekintzaileen saileko arduraduna; Francisco Javier Campa, Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioko zuzendaria; eta Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria.

“Gradu Amaierako Lana” kategorian Ángela Alonsok eta Mikel Santosek jaso zuten lehenengo eta bigarren saria, hurrenez hurren. Ángela Alonsok ospitalerako eskorga baten diseinua aurkeztu zuen eta Mikel Santosek, berriz, muskulazioko makinak hobetzeko proiektua.  “Master Amaierako Lana” kategorian Julen Ferrok eta Lorea Armendárizek jaso zuten lehenengo eta bigarren saria, hurrenez hurren. Julen Ferrok etxeetan eta industrian energia kontsumoa optimizatzeko adimen artifiziala erabiltzeari buruzko lan aurkeztu zuen, eta Lorea Armendárizek, berriz, hidrogeno berdearekiko aleazio erresistenteak garatzeko proposamena. Laburbilduz, osasuna, adimen artifiziala eta hidrogenoa, ingeniaritzaren munduan gaurkotasun bete-beteko hiru eremu.