euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Bisky Team taldeak arrakastaz jaurti du «Io» suziria

Oraingo honetan, bere hedapenaren eraginkortasuna berretsi nahi zuten

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/15

Irudia
Bisky Team taldea «Io» suziriarekin jaurtiketa egin baino lehen

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Bisky Team taldeak arrakastaz amaitu zuen joan den larunbatean, martxoaren 12an, Dimako aerodromotik (Bizkaia) egin zuen suziriaren jaurtiketa. Proba berri horrekin, UPV/EHUko kohete-taldeak espazio-ibilgailua berreskuratzeko sistemaren sendotasuna berretsi zuen. Taldearen hitzetan, “Ganimedesen jaurtiketarekin, joan den otsailaren 26an, paraxutak hedatzeko sistemak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatu genuen. ‘Io’ suziriaren jaurtiketarekin baieztatu ahal izan dugu ondo funtzionatzen duela eta aurreko saiakera ez zela kasualitatea izan”.

Bisky Team-eko ordezkariek azaldu dutenez, “jausgailuaren eiekzio-sistema alboko eskotilla batean kokatuta dago, aurrekoetan ez bezala. Suziri horietan, paraxuta ojibatik ateratzen zen, hau da, bere puntatik, eta, hortaz, probak egin behar zituzten sistema berriaren eraginkortasuna egiaztatzeko.

Baldintza meteorologiko txarrak zirela eta, jaurtiketari buruzko zalantzak izan ondoren, suziria larunbatean aireratu zen, 09:00etan, eta segundo gutxiren buruan 468 metroko altuera lortu zuen. Puntu horretara iritsita, jausgailua ondo zabaldu zen, eta suziria inolako kalterik gabe lurreratu zen.

Bost suziri eta motor bat lau urtean

Bisky Team 2017-2018 ikasturtean jaio zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta, ordutik, bost suziri jaurti ditu eta bere suziri-motorra eraiki du. Lau urte hauetan taldeak bilakaera nabarmena izan du eta bere helburura hurbiltzear daude: ehuneko ehun suziri propioa eraikitzeko beharrezkoak diren teknologiak erabat garatzea.

Gaur egun, ikastegiko hainbat ikasketa-lerrotako 45 ikaslek osatzen dute taldea, eta sei azpitaldetan antolatuta dago, lantaldean betetzen dituzten zereginen arabera: Propultsioa, entsegu-bankuetan probatzen diren motorrak garatzera bideratua; Aerodinamika, suzirien azalera aerodinamikoak diseinatzeaz arduratzen dena; Egitura, egiturazko elementuen diseinu mekanikoa lantzen duena, hala suziriena, nola egitura osagarriena; Abionikoa, horren ardura baita bai hardwarea garatzea, bai ontziko elektronikako softwarea garatzea; Kontrola eta Simulazioa, entsegu-bankuen instrumentazioan eta simulagailuen garapenean zentratua; eta Bussines & Management, zeinak taldearen barne-antolamenduaz eta marketinaz arduratzen den.

Bisky Teamek European Rocketry Challenge (EuRoC) unibertsitatean Suzirien Europako txapelketan lehiatzeko asmoa du, Portugalen aurten.

Ganimedesen jaurtiketa ikus daiteke, aurreko suziria, esteka honetan: [ikusi]