Bizi zigiluak/Bizi tantak

UPV/EHUko Pediatriako irakasle Marian Municiok haurren osasunarekin lotutako mundu osoko zigilu sorta zabala du.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/17

(Beste leiho bat zabalduko du)
Marian Munniciok 80 xaflatan jaso ditu txertoen historiaren zigilu eta tinbreak.

Filateliak gizateriari, zientziari buruz aritzeko diziplina eta artea da, eta osasuna sustatzeko ere baliagarria. UPV/EHUko Pediatriako irakasle Marian Municiok ‘Gotas de Vida’ bilduman 80 xaflatan jaso ditu txertoen historia eta hori osasuna hobetzeko erabiltzea sustatzen duten zigilu eta tinbreak, baita txartel, gutun-azal eta eskutitzak ere. Exfilna Espainiako filatelia kongresu nagusian, ‘Gotas de Vida’ bildumak zilarrezko bina sari jaso ditu (2017 eta 2018) dagokion kategorian.

Marian Municiok bere etxean ditu gordeta zortzi mila zigilu, txartel, gutun-azal, eskutitz eta dokumentu, horiek ikertu, artxibatu eta sailkatzen ditu. “Zigiluak indexatzen jakitea falta zait, baina Getxoko Sozietate Filatelikoan ari naiz ikasten”, adierazi du Municiok. Bere ustez, elkarte honen lana funtsezkoa da eta egunotan erakusketa ere antolatu dute. Bertan Municioren bilduma ikusgai izango da Getxoko Filatelia elkartearen XXXVI. zigiluen erakusketan maiatzaren 13tik 26ra.

Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko pasilloetan eman zituen Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko irakasle unitateko irakasle honek bere lehen urratsak Filateliaren alorrean, UPV EHUko Erizaintzako irakasle Charo Uliarte Larriquetaren eskutik. 2005ean erantsi zion Uliartek bere zaletasuna Municiori; 2009an, elkarrekin joan ziren Erizaintzako Nazioarteko Kongresura amagandiko edoskitzeari eta infekzio-gaixotasunei buruzko bilduma batekin. Gaur egun, Charo Uliartek ‘Cuidados de Enfermería’ lanean dihardu buru-belarri, baina bilduma sorta zabala du, eta osasunari buruzko 70 bilduma baino gehiago osatu ditu.

Uliarte eta Municio osasunari buruzko filatelia alorrean nazio mailako zein nazioarteko ezinbesteko bi erreferente dira. Horiekin batera, Begoña Imaz arabarra dugu. Osasun alorrekoa ez bada ere, odol transfusioei buruzko bilduma “zoragarria” osatu du. Gainera, urrezko hainbat domina jaso dituen “La enfermera: cuidar, enseñar y confortar” lan paregabea Maria Teresa Miralles erizainarena da. Emakume horiek guztiek jaso dute Sozietate Filatelikoen Espainiako Federazioaren aintzatespena.

Zigiluaren garrantzia

Marian Municioren zigilu bildumaren bidez, Higia osasunaren Greziako jainkosa ezagutuko dugu; haren izenetik dator Higiene hitza. Horrez gain, mundu arabiarreko eta gurutzada garaiko medikuntzaren historia ere errepasatzen du. Hala ere, ‘Gotas de Vida’ txertoei buruzko laburpena da, bereziki. Edward Jennerri buruz hitz egiten du, hura da baztangaren aurkako txertoa aurkitu zuena, munduko lehen txertoa aurkitu zuena, egun erabat desagerrarazitako gaixotasunaren aurkakoa. Pasteurren aurrerapenei buruz ere ari da, mikrobiologia modernoan edo pediatriako historian egindakoei buruz, alegia.

 ‘Gotas de Vida’ bildumak medikuntzaren eta txertoen historia azaltzen digu, baita haren ezaugarriei, ikerkuntzari, osasunaren sustapenari, prebenitu daitezkeen gaixotasunei eta txertoen kanpainei buruz aritu ere. “Txertoa oso aurrerapen mediku garrantzitsua eta beharrezkoa da, gaixotasunak prebenitu eta desagerrarazteko, baztangaren kasuan gertatu den moduan. Hori bai, erabat eraginkorra izateko biztanleriaren portzentaje altu bat behar da egon txertatuta”, dio Marian Municiok.

Zigiluak osasuna modu grafiko eta sinplean sustatzeko balio digu. Zigiluen bidez hedatu dira hainbat alorretako ezaguerak, hala nola, edoskitzea, haurren hidratazioa, uraren purutasuna, txertoak, infekzio gaixotasunak, haurren osasunaren kontrola, hezkuntza, etab. Horrez gain, besteak beste, difteria, baztanga, tosferina, gripea, tetanosa, elgorria edota tuberkulosiari txertoen bidez aurre egitea irakasten da. Beste era batera esanda, gizateriaren eta osasunaren historia azaltzen digu. Azken batean, “zigilua oso garrantzitsua da”, dio Marian Municiok. Izan ere, bere piezarik zaharrena zigilatutako dokumentu bat da, 1848koa, Sizilian egindakoa. Bertan, alkateak herritarrak txertatzeko agindua ematen zuen.

Bildumak, balio ekonomikoa baino gehiago, balio pertsonala du, berau osatu eta gizartearentzat interesgarria dela ohartu baita. “Une hauetan, ditudan dokumentuekin datu base bat osatzen ari naiz, eta nire proiektu handia da pediatriaren bilakaerari lotutako ibilbide historikoa egitea: haurdunaldia eta erditzea, haurraren osasunaren kontrola, edoskitzea, elikadura, gaixotasun eta infekzioak, osasunarentzako hezkuntza”. Bitartean, Interneten, filatelietan eta Madrilgo Plaza Nagusian dabil bila, “Bilboko Plaza Berria txiki geratu zait”, dio Marian Municiok.