euskaraespañol

Araitz Uskola Ibarluzea

Osasuna bakarra bada, zergatik irakasten dugu atalka?

Zientzia esperimentalen didaktikako irakaslea eta ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/13

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) proposatutako osasun bakarra kontzeptuak (ingelesez, One Health) erreferentzia egiten dio giza osasunaren, animalien osasunaren eta ingurumenaren osasunaren interdependentziari. Nozio hori ez da berria, kontrakoa dirudien arren.

Historian badaude antzeko ikuspegiak. Adibidez, Hipokratesen (o.a.a. 460 – 377) idazkietan agertzen dira osasun publikoaren eta ingurumenaren egoeraren interdependentzia-erlazioari buruzko aipamenak.

Rudolf Virchow (1821 – 1902) fisiologo eta patologoak “zoonosi”, terminoa sortu zuen izendatzeko gizakiei transmititzen zaizkien animalien berezko gaixotasun infekziosoak, birusek, bakterioek, parasitoek eta abarrek sortutakoak. Hala, animalien eta gizakien osasunaren arteko lotura ezarri zuen. Virchow-ek nabarmendu zuen ingurumen-faktoreek funtsezko zeregina dutela giza komunitateen osasun-egoeran.

Berrikiago, James Steele-k (1913 – 2013) eta Calvin Schwabe-k (1927 – 2006) proposatu zuten gizakien eta animalien osasunak izaera ekologikoa zutela eta, lotu zituzten “Osasun bakarra” kontzeptuaren hiru osagai edo esfera nagusiak.

Garrantzi garaikidea

“Osasun bakarra” kontzeptua garrantzitsu bihurtzen hasi zen bi koronabirusen agerpenarekin; hain zuzen, 2000ko hamarkadaren hasieran arnas sindrome akutu larria (SARS, ingelesezko sigletan) eragin zuenarekin eta, ondoren, Ekialde Ertaineko arnas sindromea (MERS, ingelesezko sigletan) eragin zuenarekin Saudi Arabian.

Patogeno horiek infektatutako pertsonak aurkitzean agerian gelditu zen beharrezkoa zela detekzio eta erantzun goiztiarra emateko sistema koordinatu eta globalak sortzea.

Covid-19a eragiten duen SARS-CoV-2 koronabirusaren ondoriozko egungo pandemiak eta tximinoaren baztangaren agerraldi epidemiologiak berretsi dute “osasun bakarra” ikuspegiaren garrantzia, etorkizunean arazo sanitarioak ekiditeko, bestelako pandemiak edota bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentzia gero eta handiagoa kasu.

Hala, zenbait ikerlanen arabera, gaixotasun infekzioso berriak agertzeko maiztasuna handitu egin da, eta horietako asko osasun arazo global bihurtzeko potentziala daukate.

Horren ondorioz, “osasun bakarra” ikuspegia txertatzen ari dira osasunaren eta ikerketa biomedikoaren arloetan. Eta hezkuntza zientifikoan, irakasten al dugu?

Osasun bakarra, ikasketa planetan

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta antolamendua ezartzen dituen errege dekretu berriak barne hartzen du nozio hori Biologia eta Geologia irakasgaiaren gaitasun zehatzen artean, zehazki, ekologiari eta jasangarritasunari buruzko oinarrizko jakintzen artean.

Horrenbestez, zientzien didaktikako ikerketan lehentasuna da, baita lan ildo berri bat ere, zientzien irakaskuntzan ikuspegi hori efektiboki txertatzeko baliabide didaktikoak diseinatzea.

Santiago de Compostelako Unibertsitateko Zientzia Esperimentalen Didaktikako adituek eta Espainiako beste unibertsitate batzuetakoek, hala nola Euskal Herriko Unibertsitatekoek, osatzen dugun RODA ikertaldeko (Razonamiento, Discurso y Argumentación, gaztelaniaz) ikertzaileak eta irakasleak laguntzen ari gara ikerketan oinarritutako diseinu didaktikoak sortzeko, Bigarren Hezkuntzako eta beste etapa batzuetako irakasleen eta ikasleen garapena hobetzeko, ikuspuntu hori txertatuz.

Ikasleek ez dute “osasun bakarraren” ikuspegia aplikatzen

Galiziako ikastetxe publiko bateko Bigarren Hezkuntzako ikasgela batean egindako ikerketa bati esker, identifikatu ahal izan dugu ikasle parte-hartzaile gehienek (hemezortzi guztira) pentsaera kausal sinplea duela pandemiaren jatorriari dagokionez –Euskadiko irakasleak prestatzeko ikasgeletan aurretik egindako azterlan batean ere emaitzak berberak izan ziren–.

Inkestatutako ikasleak (43 guztira) ez zuen lotzen pandemiaren jatorria ez ingurumen faktoreekin, ez animalien osasunarekin, pertsonen portaera sozialarekin eta ohiturekin baizik.

Gainera, bi azterlanetan, ikasleek zailtasunak zituzten pandemiaren kausak eta ondorioak bereizteko.

“Osasun bakarra” ikuspegia sustatzeko moduak ikertzen jarraitzen dugu, xede horretarako etorkizuneko pentsamendua sustatzearen aldekoak garelako eta iruditzen zaigulako bide bat ikasleei laguntzeko erantzun konplexua behar duten arazo konplexuak prebenitzen eta horiei aurrea hartzen.