euskaraespañol

Gaurko irudia

Ruth Lazkoz

Zer duen jokoan NASAk James Webb teleskopioaren lehen irudiekin

Fisika Teorikoko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/20

Irudia
James Webb teleskopio espazialak hartutako lehen irudia | Argazkia: Nasa, ESA, CSA, eta STScI

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation webgunean dago.

Gizarteak agian galde dezake ea zergatik merezi duen 100 mila milioi euro gastatzea Hubble izeneko haren aurrekaria baino 50 aldiz garestiagoa den teleskopio batean. Teleskopioaren lehen argazkiek dute erantzuna.

Hotzetik sortutako espioia

Zientziaren erabilgarritasunaren aldeko argudio sinesgarriak erakustea malabaren ikuskizun bat da, eta akats txiki batek nire pilotatxoak lurrera erortzea ekarriko luke. Agian aldarrikatzaile jarriko naiz, JWSTk eskaini nahi duen ikuskizunak sortutako lilura dela eta.

Baina nahikoa izan bedi oraingoz argudio zientifiko hutsa, argazki txundigarriek izango duten balioa baloratu ahal izateko.

Teleskopio bat espaziora bidaltzea oso garestia da, argi dago. Baina, zergatik hain urrutira? Besterik gabe, erradiazio infragorrien mailan funtzionamendua optimizatzea ahalbidetzen duelako. Horrela, James Webb teleskopioak Hubble teleskopioak egindako lana osatzen du; izan ere, Hubble teleskopioak urte asko daramatza erradiazio ikusgarria eta erradiazio infragorria ikertzen.

Espaziotik iristen zaizkigun seinale astronomikoak ondasun urria dira. Eta, horregatik, komenigarria da lehiakideak alde batera uztea. Atmosferako ur-molekulek irrika handia dute uhin infragorriekiko. Espazioaren sakontasunean eta hotzean, aldiz, detektagailuek ez dute oztopo hori. Eta gauza bera gertatzen da tresnaren piezek nahi gabeko berotzeak sortzen dituztenean. Hozgailu akustiko izeneko gailu konplexu batekin lortzen da hori.

JWSTaren giltzarri hori Joule-Thomson efektuaz baliatzen da; horren arabera, gas bat hoztu egiten da presioa murrizten zaionean. Bi aitzindari haiek ez zuten amestu ere egingo zein urrun iritsiko zen oinarrizko fisikarekiko zuten grina. Horrek pentsarazten digu litekeena dela ikerketa funtsezkoenak bultzatutako aurrerapen asko jakintzaren eta unibertsoaren beraren mugetara ere iristea.

James Webbarentzat garatutako teknologia ospitaleetara iritsi da jada

Orain arte, seinale zehatzagoak eta indartsuagoak lortzeko, nahi ez diren xurgapenak saihestea zer-nolako erronka den izan dugu hizpide. Egia esan, JWSTk aurre egin beharreko erronken konplexutasun-maila handiaren alderdi txiki bat baino ez da. Eta hori kontuan hartuta baino ezin izango ditugu baloratu puntako zientzia eta hura garatzeko eta ustiatzeko behar den teknologia. Nahikoa da aipatzea ispiluak kalibratzeko teknologia arrakastaz transferitu dela laser bidezko kirurgia oftalmologikora. Aurrerapen eraldatzaile horri esker, hamarnaka mila pazienteren kornea operatu ahal izan da.

Baina utikan panfletoak! Hobe poesia egitea.

Oinarrizko zientzia espazio sakonean

Printze txikiari kontzeptua lapurtuta, astronomia deitzen dugun izaki bizidun horren bihotz berria da James Webb teleskopioa. Gailu berri horri esker, funtsezkoa ikusi ahal izango dugu, begiek ikus ezin dezaketena, unibertsoa argi infragorrian. Unibertsoko eskualde honetako uhinak detektatzea eta ulertzea astronomiaren eta teknologiaren historia elkarlotuaren parte da. Ez da harritzekoa Émilie du Châtelet-ek, emakumezko fisikari aitzindarien artean entzutetsuenak, aurreikusi izana. Eta ezta historiako astronomo ospetsuenetako batek, William Herschel-ek , aurkitu izana. Haren omenez jarri zitzaion izena beste teleskopio bati, James Webbek baino hozte-sistema oinarrizkoagoak dituen bati.

Halaber, ez da harritzekoa pandemiak modan jarri dituen infragorrizko termometroen aitzindaria astronomian erabiltzeko asmatu izana. Tasimetro izeneko gailu hori Thomas Edisonek sortu zuen, eklipseetan zehar eguzki koroan anplifikatzen diren tenperatura aldaketak detektatzeko.

James Webb teleskopioak zientzia neurritsu eta setatsu horren guztiaren lekukoa hartu du. Eta badirudi unibertsoaren sekretu preziatu batzuk argituko dituela bere eremu-sakonera bikainari esker.

James Webbek irudiak «lupa» kosmiko baten bidez hartu ditu

James Webb argia biltzeko gai den ontzi bat dela irudika dezakegu. Eta orain arte sortutako teleskopio espazialek baino argi gehiago hartzen du. Nolabait esateko, begi nini handiago bat duen begia da, baina ez da zulo bat, ispilu multzo bat baizik. Hartara, NASAk aurreratu duenez, SMACS 0723 grabitazio lenteen sistemak sortutako irudi ikusgarriak lortzeko gai izan da. Galaxien kumulu erraldoien multzo hori espazio denboraren kurbaduraz baliatzen da, eta atzean dituen galaxia ahul eta urrunen argia handitzen du. Horri esker, unibertsoari inoiz egindako begirada sakonena oparituko digulakoan gaude.

Izarrak egiten dituen materiala

Baina itzul gaitezen infragorrien mailan dituen gaitasunetara. Teleskopioak bereziki hauts kosmiko asko duten unibertsoaren eskualdeak ikertuko ditu; hauts kosmikoa 100 mikra baino gutxiagoko partikulen konposatua da. Erradiazio infragorriaren uhin luzera ordenaren araberakoa da, eta horrela erraz zeharkatu ditzake hauts kosmikoko hodeiak. Bitxia bada ere, lehengai hori da izarrak sortzen dituen substantzia. Hau da, substantzia hori ugaria da izarrak sortzen diren eskualdeetan. Futboleko lexikoa erabiliz, unibertsoko Masia moduko bat dira. Izan ere, enbrioi izarrak hauts krisalida baten barruan egoten dira denbora batez.

Hala ere, unibertsoan askotariko neurrietako hauts kosmikozko hodeiak daude. Adibidez, nebulosa planetarioak txikiak dira, eta hilzorian dauden izarrak inguratu ohi dituzte. Horixe da, hain zuzen ere, «Zortzi Eztanden» nebulosaren kasua, James Webben begiekin ikusiko dugun lehen irudi-bildumaren protagonista. Espero da bere interpretazioak izarren bilakaera hobeto ulertzen lagunduko digula.

Eta etorkizunean?

Teleskopio berezi horrek zientziari egingo dizkion oparien pista batzuk eman ditugu, baina askoz gehiago espero da harengandik. Adibidez, uste da unibertsoaren egungo hedapenaren erritmoa doitzeko funtsezko eragilea izango dela. Zehazki, beharrezko distantzia neurriak zehatzago egiteko aukera emango du, izar erraldoi gorriak erabiliz. Hona hemen gakoetako bat: Hubbleren konstantearen baliotik urrun dauden tokiko neurrien arteko arbitro horien fisikari buruzko ziurgabetasuna txikiagoa da infragorrian. Izan ere, maila horretako emisioak ez du hainbesteko menpekotasunik ez adinarekiko ez metalezko konposizioarekiko.

Promes horiek guztiek sentiarazten digute txerto bat aurkitu beharrean gaudela jada, James Webb teleskopioaren irudi bilduma bakoitzak eragingo digun Stendhal sindromeari aurre egiteko. Eta, agian, komunitate gisa, honako helburu hau: horren ondorioz ezagutza eskerga horri ahalik eta probetxu gehien ateratzen dioten bokazioak sortzea.