euskaraespañol

‘Jarduera fisikoa eta osasuna’ ikerketa zentroa

UPV/EHUren eta Gasteizko Udalaren arteko hitzarmen batek ikerketa taldeen lana erraztuko du

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/08

Irudia
Sara Maldonado eta, ondoan, Mikel Tous, Aitor Martínez de Aguirre eta Pablo Corres laguntzaileak. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Gasteizko Udalak instalazio batzuk laga dizkio UPV/EHUri, jarduera fisikoak herritarren osasunean dituen ondorioen ezagutzara bideratutako ikerketa proiektuak garatzeko. Lehen lana eskizofrenia diagnostikatuta duten pertsonei buruzkoa da.

Gasteizko Udalak Mendizorrotzako futbol zelaiko eraikinean dagoen gune bat laga dio Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateari, jarduera fisikoak herritarren osasunean dituen ondorioen ezagutzara bideratutako ikerketak egiteko. Lan hori UPV/EHUk aitortu eta finantzatutako ikerketa talde edo ikerketa proiektuetako talde batzuek egingo dute.

Ikerketa zentroak ‘Jarduera fisikoa eta osasuna’ du izena, eta Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuko bulegoei erantsitako bi solairuko lokal bat du, sarrera bereiziarekin, eskailera edo igogailu bidez. Lehen solairuak honako elementu hauek ditu: ariketa gela, officea, zortzi miaketa gela, emakumezkoen, gizonezkoen eta desgaituen aldagelak eta komunak, eta biltegia. Gune horretatik, Mendizorrotzako estadioko atletismoko moduluari erantsitako jarduera gela baterako sarbidea dago eskailera baten bidez. Atletismoko modulua ez da lagapenean sartzen, baina Udaleko Kirol Zerbitzuak instalazioak eskatzeko ezarritako prozedurei jarraikiz, proposatzen diren ikerketa lanen osagarri puntuala izango da. Bigarren solairuan, berriz, ikasketa gela edo liburutegi bat, harrera eremua eta hiru bulego daude.

Ikerketa zentro berrian egiten diren lanak UPV/EHUk hautatuko ditu akordioan zehaztutako ikerketa jarduerarekin zuzenean lotuta dauden proiektu finantzatuen artean. Hau da, jarduera fisikoak pertsonen osasunean dituen ondorioei lotutako edozer lantzen duten proiektuen artean.

 

Ariketa fisikoa eskizofrenia diagnostikatuta duten pazienteengan

 ‘Jarduera fisikoa eta osasuna’ ikerketa zentroan egiten ari den lehen lana eskizofrenia diagnostikatuta duten pertsonei buruzkoa da. Zehazki, azterlanaren izena honako hau da: ‘Eskizofreniarako birgaitze kognitiboari eta ariketa fisikoari lotutako garun neuroirudiaren markatzaileak. Cognitive Rehabilitation and Training with EXercise for SchizoPhrenia (CORTEX-SP Study)’. Lan hori Arabako Ospitale Psikiatrikoko Pedro Sánchez, Deustuko Unibertsitateko Natalia Ojeda eta UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Sara Maldonado Martín ikertzaileen arteko lankidetzaren ondorioz sortu zen.

Eskizofrenia jasaten duten pertsonek gehiegizko pisuari eta metabolismoari lotutako arazoak izaten dituzte maizegi, eta arazo horiek gaixotasun kardiobaskular larriak eta gaixotasun onkologikoak garatzeko arrisku faktoreak izaten dira. Horren ondorioz, eskizofrenia jasaten duten pertsonen bizi itxaropena gaixotasun hori ez duten herritarrena baino 20 urte txikiagoa izan daiteke.

Gero eta azterlan gehiagok diote ariketa fisikoak ondorio positibo bikoitza duela eskizofrenia jasaten duten pertsonen osasunean. Lehenik eta behin, gaixotasun kardiobaskularrak eta onkologikoak garatzeko arrisku faktore guztiak hobetzen dituelako (pisuaren galera, kolesterolaren, lipidoen eta odoleko azukreen mailak eta abar). Bigarrenik, era erregular eta iraunkorrean egindako ariketa fisikoak narriadura kognitiboaren sintomak edo sintoma negatiboak hobetzen dituela erakusten duten aurretiazko emaitza batzuk daudelako. Gainera, aldaketa itxaropentsu horiek garunean islatzea espero da, eta, kasu horretan, garun egituren bolumen eta funtzio normalizatuagoak ikusi beharko lirateke, eskizofreniaren narriadura kognitiboa hobetzen duten beste tratamendu batzuekin gertatzen den bezala.

Pazienteek ariketa fisiko intentsiboko programa bati jarraitzen diote

Beren helburuei begira, ikertzaileak REHACOP izeneko birgaitze kognitiboko programa integrala aplikatzen ari dira, garun aldaketa horiek aztertzeko eta hobekuntza kognitiboa ebaluatzeko. Programa hori Espainian diseinatu da, aldez aurreko eraginkortasun ebidentziak eman ditu, eta Natalia Ojeda doktoreak zuzentzen du. Aldi berean, eta Sara Maldonado Martínek zuzenduta, iraupen bera eta helburu berak dituen ariketa fisiko intentsiboko programa bat garatzen ari da.

Azterlana egiteko, eskizofrenia duten 147 pazientek hartu dute parte, hiru taldetan banatuta: 1. taldea, tratamendu tradizionala; 2. taldea, estimulazio kognitiboa; 3. taldea, ariketa fisiko bidezko estimulazioa. Esku-hartzea egin aurretik eta ondoren, parte hartzaile guztien alderdi klinikoak, kognitiboak, biokimikoak eta funtzionalak baloratzen dira eta erresonantzia magnetiko bidezko irudiak erabiltzen dira, garun egituran eta garun funtzioan, kognizioan eta funtzionalitatean gertatutako aldaketak zehazteko.

Zehazki, ariketa fisikoko taldean parte hartzen duten pertsonak astean hirutan joaten dira ‘Jarduera fisikoa eta osasuna’ ikerketa zentrora, eta ordubete ematen dute egunean. Ariketa fisikoko saio baten barruan, honako hauek egiten dira: berotzea (10 minutu) artikulazioen mugikortasuneko eta koordinazioko ariketekin; intentsitate handiko ariketa aerobikoa bizikletan (20 minutu), intentsitate handiak eta moderatuak txandakatuta; erresistentzia indarreko ariketak (20 minutu); eta, amaitzeko, luzatze ariketa batzuk.

Ikerketa taldeak hobekuntzak lortu nahi ditu kognizioan, kognizio sozialean eta funtzionalitatean, baita haiei lotutako garun aldaketa funtzionalak ere.

Lehen behaketek erakutsi dutenez, ariketa fisikoko taldean parte hartzen duten pertsonak hobera egiten ari dira egunez egun, eta psikiatriako espezialistak oso harrituta geratzen ari dira hautemandako hobekuntzen aurrean. Esku-hartzearen ondorengo lehen balorazioak 2019ko martxoan egingo dira.