euskaraespañol

2.000 ikasle inguruk parte hartuko dute UPV/EHUren mugikortasun programetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/15

Irudia
Iker Redondo Kalifornian (EEBB)

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak gaur goizean egin duen saioan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) nazioarteko mugikortasuneko programei buruzko datuak aurkeztu dira. Hala, programetan parte hartuko duten ikasleak hautatzeko prozesua amaituta, 2018/2019 ikasturtean 1.938 ikaslek parte hartuko dute guztira, aurtengo ikasturtean baino 300 gehiagok.

Zehazki, jasotako 2.400 eskaeretatik, guztira 1.331 ikasle hautatu dira Erasmus+ programarako; 488 ikasle Latinoamerikako programarako; eta 119 ikasle Beste Norakoak programarako. SICUE programarako, berriz, 604 eskari jaso dira denera. Kopuru horiek guztiek argi eta garbi erakusten dute UPV/EHUko ikasleek truke esperientzia batekin osatu nahi dutela beren prestakuntza.

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Marta Barandiaranek ontzat jo ditu datuak: “Unibertsitatea oso pozik dago bere mugikortasun programetarako jaso duen eskari handiarekin. Azken ikasturteetan ikusi dugu izugarri areagotu dela nazioarteko unibertsitate batean ikasi nahi duten ikasleen kopurua (% 33ko gorakada izan da 2014/2015 ikasturteaz geroztik), eta joera horri eusten diogu oraindik. Gure iritziz, oso esperientzia aberasgarria da, ikasleek kultura arteko gaitasunak hobetu ditzaketelako eta, kasu askotan, beste hizkuntza bat hobeto ikas dezaketelako”.

Hitzarmenak nazioarteko unibertsitateekin

Euskal Herriko Unibertsitateak, Nazioarteko Harremanetako Bulegoaren bitartez, mugikortasun programetarako 1.441 hitzarmen ditu mundu osoko 66 herrialdetako unibertsitateekin, hala nola Australiakoekin, Japoniakoekin, Hego Koreakoekin, Estatu Batuetakoekin eta Kazakhstangoekin.

Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran, nazioarteko unibertsitateekin egingo diren beste bi hitzarmen onartu dira. Aipatzekoa da Japoniako Ritsumeikan unibertsitatearekin izenpetu den hitzarmena; izan ere, Japoniako unibertsitate batekin egingo den laugarren kolaborazioa da. Hitzarmen horren harira, ikasleen trukea landuko da, beste zenbait alorrekin batera.

Bestalde, Bureau de Cooperation Interuniversitaire de Quebeceko sarean (Kanada) parte hartzen duten 11 unibertsitate publiko eta pribatuekin ikasle trukerako ditugun hitzarmenak berritzea adostu da.