euskaraespañol

CLARIAH-ES ikerketa azpiegitura banatuaren lehen bilera antolatu da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/01

Irudia
Argazkia: akjprgeter en Freepik

Euskal Herriko Unibertsitateko HiTZ zentroak CLARIAH-ES ikerketa azpiegitura banatuaren lehen bilera antolatu du, Donostian, Giza eta Gizarte Zientzietako Europako azpiegitura zientifiko handienetako bi integratzen dituena estatu mailan: CLARIN (Common Language Resources and Technology Infrastructure), hizkuntza teknologiako datuak, tresnak eta zerbitzuak eskaintzen dituen azpiegitura digitala, Giza eta Gizarte Zientzietako ikerketa garatzeko; eta DARIAH (Digital Research Infrastructure for the Arts and Humanities), Arteen eta Giza Zientzien alorreko ikerketa eta irakaskuntza bultzatzeko azpiegitura, baliabide digitaletan oinarrituta.

Bi azpiegiturak  Ikerketa Azpiegituretako Foro Estrategikoaren (ESFRI, ingelesezko akronimoa) parte dira. Foro hori 2002an sortu zen eta EBko estatu kideek eta Europako Batzordeak osatzen dute, helburua izanik estrategia komun bat koordinatzea Europa osoko instalazio zientifiko eta ikerketa azpiegituretarako.

CLARIN (Hizkuntza Teknologien eta Baliabideen Azpiegitura Komuna) osatzen dute 23 herrialdetako zentroek, eta helburua da laguntza eta oinarri bat ematea datu eta tresna linguistikoen trukeari, erabilerari eta mantenimenduari, Giza eta Gizarte Zientzien alorrean ikertzeko. CLARINen eginkizun garrantzitsuenetako bat da ziurtatzea Azpiegituraren baliabide eta tresna linguistiko guztiak eskura egongo direla atari komun batean ikertzaile guztientzat.

DARIAH (Arteen eta Giza Zientzien Ikerketako Azpiegitura) azpiegiturak indartu egin nahi ditu Arteen eta Giza Zientzien arloko ikerketa eta irakaskuntza, teknologia digitalaren bidez.  DARIAHren zeregin nagusia da bultzada ematea datu, zerbitzu eta tresna konputazional multimodalen ekoizpen, zaintza eta trukeari, haien eskuragarritasuna eta hedapena bermatzeko epe luzera. Era berean, material didaktikoak eta prestakuntza aukerak ere eskaintzen ditu, ikerketa digitaleko trebetasunak garatzeko, bai eta jardunbide egokiak garatzeko aukera ere, nazioz eta diziplinaz gaindi.

HiTZ zentroaren zuzendariorde eta bi azpiegituren koordinatzaile German Rigau doktorearen hitzetan, “gure partaidetza CLARIN eta DARIAH azpiegituretan balio handikoa izango da, arrazoi askorengatik. Alde batetik, CLARIAH-ES azpiegiturak indartu egingo ditu Europako azpiegiturak, gure datu gordailuei, instalazio informatikoei eta hizkuntza ofizialen ezagutzari esker (gaztelania, euskara, galegoa eta katalana), bai eta gure kultura ondareari esker ere, Europako testuinguruan eta testuinguru globalean. Bestetik, CLARIAH-ESek aukera emango die gure ikertzaileei eskuratzeko Adimen Artifizial aurreratuenean oinarritutako teknologia eta baliabide konputazional multimodalak. CLARIAH-ES azpiegituraren asmo handiko helburuak betetzeko, ezinbestekoa izango da biltzea Espainiako estatuko ikerketa zentro bakar batean eskuragarri ez dauden datuak, instalazio informatikoak eta ezagutza aditua. Ikergune horietako bakoitzak biltzen ditu gaitasunak, esperientzia metodologikoa eta teknologia, ezagutza eta baliabideetako funtsezko piezak, egitasmo honen erronkei arrakastaz heltzeko behar den ikerketa laborategi banatua sortze aldera.”

Gaur egun, hamar instituziok eratzen dute CLARIAH-ES partzuergoaren talde multidiziplinarra, adituak Gizarte Zientzietan, Arteetan eta Giza Zientzietan, bibliotekonomian, hizkuntzalaritzan, Adimen Artifizialean, hizkuntzaren teknologietan eta errendimendu handiko informatikan eta konputazioan: Basque Center for Language Technology (HiTZ) (UPV/EHU); Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren (CSIC) Giza eta Gizarte Zientzien Zentroa (CCHS); Instituto da Lingua Galega (ILG) eta Centro Singular de Investigación en Tecnoloxías Intelixentes (CiTIUS), bi-biak Santiagoko Unibertsitateari (USC) lotuak; Miguel de Cervantes Biblioteka Birtuala (BVMC), Alacanteko Unibertsitatea (UA); Giza Zientzia Digitalen Berrikuntza Laborategia (LINDH) (UNED); Barcelona Supercomputing Center - Centro Nacional de Supercomputación (BSC-CNS); Giza Zientzia Digitalen Complutense Laborategia (UCMLabHD), Madrilgo Complutense Unibertsitatea (UCM); IKTetako Ikasketa Aurreratuen Zentroa (CEATIC), Jaengo Unibertsitatea (UJA); Testu Analisien eta Aplikazioen Unibertsitate Institutua (IATEXT), Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatea (ULPGC); eta Espainiako Biblioteka Nazionala (BNE).

CLARIAH-ES osatzen duten hamar zentroetako ordezkariez gain, bileran izan dira ere Scayle eta Dialnet-eko ordezkariak.

UPV/EHUko HiTZ zentroak bere gain hartuko du CLARIAH-ES azpiegitura berriaren bulego teknikoaren gestioa. German Rigauren arabera, “eraldaketa digitalaren egungo testuinguruan, Giza Zientzien, Arteen eta Gizarte Zientzien eremuetako azterlanak, ikerketak eta garapenak azpiegitura zientifiko eta teknologikoak behar dituzte, datu testualen, bisualen eta soinudunen tratamendu konputazionala ahalbidetzeko. CLARIN eta DARIAH azpiegiturek sustatzen dituzte eleaniztasuna, elkarreragingarritasuna, baliabideen mantenimendua eta berrerabilera, zientzia irekia, ikusgarritasuna eta lankidetza zientifikoa Europan. Bi azpiegituretan dugun parte hartzeari esker, ikertzaileek ordenagailu bidez eskuratu ahal izango dituzte hodeian ikertzeko behar diren datu, teknologia, azpiegitura eta baliabide guztiak, adimen artifizialeko tresna aurreratuenekin. Horrela, CLARIAH-ES azpiegiturak urrats eraginkorrak ahalbidetuko ditu Giza eta Gizarte Zientzia Digitaletako ikerketaren eraldaketa digitalean, Europako Ikerketa Esparruaren testuinguruan”.