euskaraespañol

CONNECT proiektua

Proiektuaren web berriak biltzen ditu Erdi Aroko Mendebaldeko kulturarteko konexioetara eginiko hurbilpen konbinatuari buruzko lanak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/07

Irudia
Juan José Larrea eta Francesca Tinti | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

CONNECT egitasmoaren xedea da kulturarteko konexioak aztertzea Ingalaterran, Rhin Erdialdean eta Iberiar Penintsularen iparraldean, arreta jarriz elkarri lotuta dauden hiru eremu tematiko handitan: Topaketak, Pertzepzioak eta errepresentazioak, eta Hizkuntzak eta nortasunak. UPV/EHU da egitasmoaren liderra eta Burgos eta Kantabriako unibertsitateek laguntzen dute.

Dagoeneko guztiz erabilgarri dago CONNECT proiektuaren web orria, egitasmoaren helburua izanik ikertzea Goi Erdi Aroko Europako hiru eskualdetako kulturarteko konexioak: Ingalaterra, Rhin Erdialdea eta Iberiar Penintsularen iparraldea.

Eskualde horietako gizarte guztiak har daitezke “ertzetako gizartetzat”, nahiz eta bakoitza arrazoi desberdinengatik. Anglosaxoiek oso argi zuten mundu ezagunaren mugan kokatuta zeudela, Bedak VIII. mendean bere ‘Historia ecclesiastica gentis Anglorum’ liburua hasteko erabili zituen hitzek adierazten duten bezala. Bere aldetik, historiografia tradizionalarentzat, frankoen munduaren (hots, Rhin Erdialdearen ekialdeko lurraldeak) ekialdeko mugak muga eremua ziren, eta elementu arkaikoek ezaugarritutako periferia gisa tratatu izan dira horrenbestez, bereziki konparatzen bada Loira eta Rhin ibaien arteko lurralde zabal eta zentralarekin. Goi Erdi Aroko Iberiar Penintsulako entitate kristauei dagokienez, kontaktuan zeuden, gizarte desberdin batekin ez ezik, baita haiena baino askoz indartsuagoa zen erakuntza politiko batekin ere (al-Andalus). Iparraldeko lurralde kristauen eta hegoaldeko estatu islamiarraren arteko “muga” (aldi honi dagokion kontzeptu malgu gisa hartuta) behin eta berriro mugitu zen Goi Erdi Aroan, eta are esangura handiagoa ematen dio horrek “ertzetako gizarteen” definizioari.

CONNECT ikerketa proiektua martxan jarri zen 2021ean UPV/EHUn, Burgos eta Kantabriako unibertsitateetako ikertzaileen laguntzarekin. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Estatuko Ikerketa Agentziak finantzatzen du 2021-2025 aldian, eta zuzendari ditu Francesca Tinti Ikerbasque ikerketa irakaslea eta Juan José Larrea UPV/EHUko Erdi Aroko Historiako irakaslea.

“Hiru eskualdeen artean desberdintasun handiak egon arren, gure hurbilpen konbinatua justifikatzen dituzten ezaugarri komun batzuk dituzte. Nahiago dugu ‘konbinatu’ adjektiboa erabili ‘konparatu’ baino (egiten duguna historia konparatua ere izan arren), nabarmendu nahi dugulako gure helburua ez dela eraikitzea hiru eskualdeak globalki esplikatzea xede izango duen narrazio handi bat: ez ditugu desberdintasunak molde batera egokitu nahi; aitzitik, horietatik abantailak atera nahi dugu”, azaldu dute ikertzaileek.

Egitasmoak aztergai ditu hiru eskualdeetako kulturarteko konexioak, arreta jarriz elkarri lotutako hiru eremu tematiko nagusitan: Topaketak, Pertzepzioak eta errepresentazioak, eta Hizkuntzak eta nortasunak. Lanaren ezaugarrietako bat da diziplinarteko ikuspegi sakona, historialariek, filologoek eta arkeologoek osatzen duten ikertaldearen esperientzia handiaren ondorioz.

Weba kontsulta daiteke euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta besteak beste biltzen ditu taldearen ikerketa lerroak, bibliografia eta lotutako argitalpenak, martxan dauden lanak, etab.