euskaraespañol

Juan Ignacio Pérez Iglesias

COVID-19a: Etorkizuna ezin asmatuzkoa da, baita dakartzan mehatxuak ere

Fisiologian katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/14

Juan Ignacio Pérez Iglesias
Juan Ignacio Pérez Iglesias. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Richard Nixonek National Cancer Act izeneko legea sinatu zuen 1971n, Ameriketako Estatu Batuetako lehendakari izendatua izan eta bi urtera. Lege horren bitartez, minbiziarekin amaitzeko asmoa zuen Nixonek. Legeak hitzez hitz “minbiziari guda” esamoldea jasotzen ez bazuen ere, behin eta berriro erabili zen bertan jasotako jarduketa plan federalari erreferentzia egiteko. Beste neurri batzuekin batera, 1.500 milioi dolar bideratu ziren planera, eta Nixonek minbizia “garaituko” zutela hitzeman zuen.

Beste gobernu batzuek, tartean Espainiakoak, beste gaixotasun baten aurkako “guda” deklaratu dute egunotan, SARS-CoV-2 koronabirusak sortutako gaixotasunaren aurkakoa, zehazki. Pandemia are gehiago zabaltzea eragozteko ezarritako neurriez gain, planek politika zientifikoko neurriak ere aurreikusten dituzte, baliabide ekonomiko ugari eskainiz koronabirusaren inguruan eta berau “garaitzeko” balizko tratamenduen inguruan ikertzeko.

Pandemiak eragindako kezka, min eta zalantzetan murgilduta gauden honetan, gobernatzaileek eta iritzi preskriptoreek konfiantza zientzian jarri dutela dirudi, zientzia bihurtuz bat-batean zenbait belaunaldik aurrez aurre duten erronka itzelari aurre egiteko instrumentu nagusi. Izan ere, badirudi ideia bat zabaldu dela gizartean: ezagutzak soilik ahalbidetuko du COVID-19a gainditzea.

Aldiz, komenigarria da uneotan zuhur jokatzea. Iragan ostiralean, martxoaren 27an zehazki, Science aldizkariak editorial bat argitaratu zuen ohartarazpen argi batekin: zientziari gehiegi eskatzea arriskutsua da, baita komunitate zientifikoak berak ere beharrezkoak baino itxaropen altuagoak sortzea ere. Editorialak, giza immunoeskasiaren birusarekin gertatutakoa ekartzen zuen gogora: hamarkadatan egin behar izan zen ahalegina birologian eta epidemiologian eta farmako berriak garatu behar izan ziren, emaitzak lortzen hasteko. Egia baldin bada ere hiesa aspaldi honetan gaixotasun kroniko bihurtuta dagoela, ezin dugu ahaztu oraintsu arte, lau hamarkada igaro arte, ez dela lortu gaixo gutxi batzuk sendatzen hastea.

Antzeko zerbait esan daiteke minbiziari buruzko ikerketen emaitzen gainean ere. Gaur egun askoz gehiago dakigu minbiziaren izendapenaren baitan biltzen diren gaixotasun ezberdinen inguruan, eta bistakoa da 1971tik aurrerapausoak eman direla zenbait minbizi motaren arrisku faktoreen, tratamenduen eta prognosiaren ezagutzan. Baina oraindik ere minbizi asko sendaezinak dira eta hilkortasuna pixka bat besterik ez da apaldu ordutik. Metafora belikoa berreskuratuz, oraindik ere ez dugu lortu minbizia “garaitzea”.

Hizpide hartu ditugun “guden” kontrako adibidea Manhattan proiektua da, honakoa bai, honakoa gudarekin erabat lotua. Pentsa, emaitza bezala bonba atomikoaren ekoizpena ekarri zuen. Komunitate zientifikoak nahikoa ezagutza zuen atomoaren egituraren eta materiaren izaeraren gainean. Eta, horri esker, estatubatuarrek humanitateak inoiz sortutako armarik hilgarriena denbora errekorrean prest izan ahal zuten.

Garrantzitsua da, noski, koronabirusaren eta epidemien ikerketara baliabideak bideratzea, baina azaldutakotik atera daitekeen ondorioak haratago eraman behar gaitu ezinbestean.

Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun. Egia baldin bada ere zenbait balizko arrisku gertagarriegiak direla kontuan ez hartzeko, egia da ere beste batzuk iragartzea guztiz ezinezkoa dela. Era berean, ez dakigu zer materia edo arlotan sortu beharko ditugun ezagutzak ezinbestean etorkizun hurbilean.

Egungo arazoetako batzuen azpian dauden funtsezko arloak ere ez ditugu ezagutzen, minbiziarekin gertatutakoak erakusten duen bezala. Horregatik, estrategiarik erabilgarriena ahalegina areagotu eta dibertsifikatzea da, arlo ezberdinak jorratuz, ez baitugu gaur jakiterik bihar zer beharko dugun.

Garrantzitsua da askotariko materiatan ezagutza pilatzea, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta prestatuago izango baikara gizadiak aurrez aurre dituen erronkei aurre egiteko, izan pandemia eran edo izan beste edozein eratan.