Miren Basaras

COVID-19 gaixotasunaren borroka, Osasun Publikorako erronka

Mikrobiologiako irakasle titularra

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/05

Miren Basaras
Miren Basaras. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Azken bi hilabeteotan koronabirus berri batek (SARS-CoV2 deiturikoa) sorrarazten duen gaixotasunaren izena (COVID-19) egunero hainbat bider entzun izan dugu. Nahiz eta ez jakin zehatz-mehatz zein animaliatatik eta nola ailegatu den gizakiengana, guztiz argi dagoena da zoonosia dela, hau da, animalietatik etorritako birusa dela eta gizakiarengan kalte egiteko gai dela. Gaixotasun zoonotikoak ez dira arraroak eta duela hainbat mende ezagutzen dira. Infekzio berri hauei azaleratzen ari diren infekzioak edo emergenteak deritze.

Bizi garen mundu gainpopulatu honetan (egun 7800 milioi gizabanako) hainbat faktoreren konbinazioak errazten du animalien birusek gizakiak mehatxatzea. Faktore horien barnean hauexek daude: ingurumeneko aldaketak, hala nola tenperaturaren igoera; gizaki, animalia eta ekosistemen partekatze hurbila munduko hainbat lurraldeetan; edo munduko osasun-publiko mekanismo desegokiak. Azkeneko 50 urteotan azaleratzen ari diren infekzioen % 70 baino gehiago zoonosiak direla ikusi da.

Osasun globalerako azken mehatxu hau arnas gaixotasunaren agerraldi jarraituan ematen ari da, eta inoiz baino azkarrago lortu izan da birusaren sekuentziazioa eta identifikazioa eta, horrekin batera, diagnostikorako proba arinak gauzatzea. Horrek guztiak arindu du kontrol-neurriak martxan jartzea, hala nola milioika pertsona berrogeialdian ezartzea Asian. Txinan sortutako birus hau mundu osoko hainbat herrialdetara hedatzen ari da. Argi dagoena da XXI. mende honetan epidemiak modu azkarrago eta urrunago hedatzen direla aurreko mendeetan baino, bereziki globalizazioari eta aireko bidaiei esker.

Egia da birus honek duen kutsakortasun-maila ez dela oso altua: pertsona kutsatu batek beste bi-hiru kutsatu ahal ditu. Beste mikroorganismo batzuen kasuan, elgorriaren birusa kasu, pertsona kutsatu bat gai da 14-18 artean pertsona kutsatzeko. Gainera, klinikari dagokionez, koronabirus berri hau kasu gehienetan sintomarik gabekoa da edo sintoma arinak sorrarazten ditu, eta bakarrik kasu gutxi batzuetan (% 14), larriagoak direnak (pneumoniak, arnas ezintasunak,…) eta bere heriotza-tasa ez da oso altua, % 2-3koa.

Beraz, zergatik kezka hori? Ezezaguna den guztiari beti errespetu bat izan behar zaio. Azaleratzen ari diren infekzioak edo infekzio emergenteak beti mehatxu dira giza eta animalia osasunerako eta, aldi berean, egonkortasun sozialerako eta munduko ekonomiarako. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egiten dituen aurreikuspenak dio munduko barne-produktu gordina (BPGd ) aurreikusitakoarekin nabarmen jaitsiko dela, inkluso erdira ere. Gainera, birus honen genoma RNA motakoa da eta ikusi egin da mota horretako animalia birusak egun gutxitan % 1 baino gehiago alda daitezkeela.

Munduko Osasunerako Erakundeak (MOE) urtarrilaren bukaeran Osasun Publikoko Nazioarteko Larrialdi deklaratu zuen gaixotasun hau. MOEk irizpide batzuk kontutan hartzen ditu larrialdi hori ezartzeko: osasun publikoan ondorio larriak ematea, ustekabeko gaixotasuna izatea, nazioartean hedatzeko arriskua egotea eta bidaiei edo merkataritzari nazioarteko murrizketak ezartzeko arriskua egotea. MOEk sei kasutan bakarrik aitortu du nazioarteko larrialdi hori.

Gaixotasun honen egoera ezberdinak aurreikusi daitezke. Egun, lehenengo egoeran gaude, euste-neurrien egoeraren barnean, zeinetan noizbehinkako kasu inportatuak ditugun eta ez den aurreikusten tokiko transmisio egonkor bat. Egoera hori gaindituko balitz, bigarren egoerara pasatuko ginateke eta identifikatu gabeko transmisio ugari izango genuke populazioan hainbat kasu detektatuz. Horrek populazioren mugimendua murriztea ekarriko luke. Hirugarren egoera batean, transmisioa orokortu egingo litzateke, populazioaren gehiengoa kutsatua egonik. Krisi honen ondoren birusa desager daiteke, duela 17 urte gertatu zen moduan, bere antzekoa den beste koronabirus batekin (SARS-CoV izenekoa). Beste aukera bat litzateke birusa gure artean gelditzea urte-sasoiko patroia jarraituz, beste koronabirus batzuen portaeraren berdina izanik, udazkenean eta neguan kaltea eman eta urteko beste sasoietan isilpean gelditu.

COVID-19ren agerraldi hau patogeno infekzioso berrien eta azaleratzen ari direnen erronka etengabearen oroigarri harrigarria da, eta etengabeko zaintza, diagnostiko azkarra eta ikerketa sendoa behar dira mikroorganismo berrien oinarrizko biologia eta haiekiko ditugun suszeptibilitateak ulertzeko, baita neurri eraginkorrak garatzeko ere. Ez da ahaztu behar, higiene-neurri sinpleenak funtsezkoak direla transmisioa saihesteko, hala nola eskuen garbiketa.

Azken bi hilabeteotan informazio asko izan dugu sare sozialetan, baina aldi berean informazio eza ere egon da. Horrek xenofobia kanpainak bultzatu egin izan ditu, birusaren eta jatorrizko lurraldearen artean lurralde-madarikazio bat egongo balitz bezala. Oraingo honetan, Europara ailegatu denetik, beharbada beste ikuspegi batekin ikusten da.

Argi dagoena da birusak eta, oro har mikroorganismoak, ez direla lurralde batekoak. Mikroorganismoek ez dute nazioen muga geografikorik errespetatzen, eta, herrialde batean osasun arazo bat dagoenean, oso erraz heda daiteke beste munduko herrialdeetara, osasuna munduko herrialde guztien arazoa baita.