euskaraespañol

Íñigo De Miguel Beriain

COVID-19a: bakartzeko zailtasuna da gure ahulgunea

Zuzenbide Fakultateko irakaslea eta Ikerbasque ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/18

Íñigo De Miguel Beriain
Íñigo De Miguel Beriain. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Txertaketa kanpainak hasi izana albiste bikaina da. Hala ere, pixka bat errealistak izanik, ulertu beharko genuke baliabide hori, berez, ez dela nahikoa izango datozen hilabeteetan gure egoera guztiz hobetzeko (eta hori, bidean zoritxarrik ez badago, noski). Gizartearen zati handi bat immunizatzea lortu arte, beste aukera batzuetan pentsatu beharko dugu. Edo, hobe esanda, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiari aurre egiteko estrategia baliagarri bakarraren ezarpena nola hobetu pentsatu beharko dugu: transmititu dezaketen pertsonak identifikatu eta bakartu.

Ikuspegi horren arrakasta patologiaren eragin mailaren mende dago, neurri handi-handi batean. Intzidentzia txikia bada, praktikan jar daiteke, eraginpekoen borondatea alde batera utzita. Horretarako nahikoa baliabide ditugu, bai ikuspegi juridikotik, bai sozioekonomikotik.

Aldiz, intzidentzia asko hazten denean, transmisio komunitario kontrolgabea dagoenean, ezin da koakzioa modu eraginkorrean erabili, gutxienez ez gure Zuzenbide Estatuetan. Martxoan bezala berriz ere konfinamendu zorrotz bat ezartzeko prest ez bagaude, identifikazio eta bakartze estrategiaren garapena herritarrek politika horiekiko duten borondatezko atxikiduraren mende dago. Atxikidura, laburtuz, arrakasta izateko benetako gakoa da.

Zein egoeratan gaude arlo horretan? Aitortu behar dut ez naizela gai izan Iberiar Penintsularen esparruan azterlan seriorik aurkitzeko. Beste herrialde batzuetan (Erresuma Batuan eta Norvegian, besteak beste) dagoeneko azterlan fidagarriak daude eta bakartzearekiko atxikidura nahiko eskasa adierazten dute emaitzek. Ez litzaiguke arraroa iruditu behar. Egiazki, bakartzea, normalean, sakrifizio bat da, gure interes indibidualen kontrako jokaera bat. Bakartzearekiko atxikidura handia izan dadin, gutxienez hiru faktorek bat egin behar dute: ahalmena, motibazioa eta aukera.

Ahalmena: bakartu behar dut?

Ahalmena norberarengandik espero dena betetzeko aukera hutsarekin lotuta dago. Nekez izango da posible bakartzea, kutsatu dezakegula ez badakigu.

Horregatik da hain beharrezkoa informazio egokia ematea herritarrei kontuan hartu beharreko sintomei, epe estu batean birusaren presentzia argitu dezaketen probei eta kutsatuta egonez gero izan beharreko jokabideari buruz.

Motibazioa: bakartu nahi dut?

Motibazioa, bestetik, osasun publikoko eskakizunak betetzea eragotzi edo indartzen duten prozesu psikologikoekin lotuta dago. Hor, birusak bai norberarentzat, bai hirugarrenentzat dakarren arriskua ondo ulertzeak funtsezko pisua du, baita norberak ahalegin kolektiboari begira bete behar duen rolaren garrantzia ulertzeak ere.

Krisiaren iraupenak eragindako nekea, beharbada positibo izatera iritsi gabe dagoeneko zenbait berrogeialdi egin izanak, zaurtezintasun sentimenduak eta gure bizitza soziala zorrotz murriztu izanarekin lotutako arazo psikologikoen agerpenak –guztion eskura laguntza psikologikoko neurriak eduki beharko lirateke–, gure betebeharrak betetzeko aldarte egokia lortzeko eragozpen handia izan daitezke.

Berebiziko garrantzia du, halaber, norberak agintariengan eta haien proposamenen onuran duen konfiantza. Gardentasuna, pedagogia, eredugarritasuna, sinesgarritasuna eta erantzukizunak bere gain hartzea, besteak beste, funtsezkoak dira neurriekiko atxikidura sustatu nahi bada.

Herritarrak sakrifizioak egiteko oso prest daude, baldin eta neurri hertsatzaileak zentzuzkoak iruditzen bazaizkie, ez hainbeste, ordea, uste badute mendeko gisa tratatzen dituztela eta murrizketak jakintza (ustez) handiago baten aitzakian inposatzen zaizkiela.

Aukera: bakartu naiteke?

Aukera da norberarengandik espero den portaera izateko ahalmen materiala. Beraz, faktore pertsonalak ez direnen mende dago, esaterako, behar finantzarioak, zainketa premiak edo besteekin kontaktu oro ekiditeko egiazko aukerak.

Kutsatzaileak izan gaitezkeela jabetzen bagara, eta bakartze protokoloa egoki bete nahi badugu, baina beste pertsona batzuekin partekatzen badugu etxebizitza, eta ostaturik ez bazaigu eskaintzen, nekez bete ahalko dugu protokolorik.

Halaber, autonomoak edo langile prekarioak bagara, edo mendeko senideren bat badugu, eta agintariek egoera larri horretan laguntzeko politika publikorik ezartzen ez badute, kostata bete ahalko ditugu protokoloak. Itxuraz, ez gara efizienteak izan orain arte horretan guztian, eta ekitate ezari geruza bat gehitu zaio (beste bat), pandemiak eragindako sufrimendua ez baita guztientzat berdina izan.

Konfiantzarik eza krisiaren kudeatzaileengan

Bakartzearekiko atxikidura hobetzeko neurriak ez ditugu modu oso efizientean hartu orain arte. Egoera hobetu behar da, ahal bada. Bistan da, neurri guztiak ezin daitezke berehala ezarri. Eta kudeatzaileengan berriro konfiantza izatearena, beharbada, ez da sekula lehengora itzuliko. Gauden egoeran, ekimen oro albiste on irudituko litzaiguke.

Ondo dakit, hala ere, pizgarri eta indargarri guztiak eta gehiago eskainita ere, bakartzeak eta berrogeialdiak egiteko arazoekin jarraituko dugula.

Izan ere, zaila da birusik denik ere ukatzen dutenek edo haren mehatxagarritasunagatik neurri gogorrak hartu behar direla zalantzan jartzen dutenek ahalegin kolektiboan laguntzea. Oso berekoiek ere ez dute lagunduko, ezta eskainitako informazioa efizientzia nahikoarekin barneratzeko gauza ez direnek ere. Era berean, batzuek kontuzko neurriak beteko dituzte, baina haien hurbilekoak babesteko bada, ez ordea hirugarrenak babesteko.

Horregatik, logikoa da pizgarrien sistema eta ziur gertatuko diren arau urraketetatik babestuko gaituen sistema bateratzea.

Babes neurri osagarri bat: esterilitate ziurtagiriak

Onena, beraz, esterilitate ziurtagiri ofizialak baliozkotzea da; pertsona ziurtatua espazio seguruetan sartu ahalko litzateke, esaterako, adinekoen egoitzetan, distantzia ertain eta luzeko garraiobideetan, ikasgeletan, bulegoetan eta aisia aretoetan, izan txertoa jarri duelako, izan PCR negatiboa eman duelako duela gutxi. Metodoa ez litzateke akasgabea, baina garrantzia duena da kutsatzaile izan daitekeen pertsona batek ahalik eta aukera gutxien izatea kutsadura masibo bat gerta daitekeen edonon sartzeko, batik bat pertsona zaurgarriak badaude. Oraindik asko falta da pertsonen gehiengo handi bat txertoz babestuta egoteko.

The Conversation