euskaraespañol

DBHko ikasleek zailtasunak dituzte hegaztiak identifikatzeko

UPV/EHUk egindako ikerketa baten arabera, jakintza mugatua dute biosfera-erreserbei, padurei eta hegazti-migrazioari buruz

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/02

Unai Ortega UPV/EHUko Lehen Hezkuntza eta Gizarte Hezkuntza graduetako irakaslea
Unai Ortega UPV/EHUko Lehen Hezkuntza eta Gizarte Hezkuntza graduetako irakaslea. | Argazkia: Tere Ormazabal, UPV/EHU.

UPV/EHUko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika saileko ikertzaileek aztertu dute DBHko ikasleek hegaztien inguruko zer ezagutza duten eta kontserbazioarekin lotutako zer jarrera duten. Oro har, ikasleek hegazti-migrazioari eta -identifikazioari lotutako jakintza urria erakutsi dute; bestalde, ingurumenarekiko jarrera egokia erakutsi arren, askok uste dute kontserbazio-ahaleginak gehiegizkoak eta garapen ekonomikorako oztopo direla.

Mendebaldeko gizarteetan oso garrantzitsua da natura eta ingurumena nola ulertzen diren, haien inguruko ezagutzak eragina izan baitezake ingurumenarekiko jarreretan. Ingurumen-hezkuntza funtsezko tresna bat da jendearen kontzientziazioa handitzeko, eta askotariko programa-motak eskaintzen dira bai testuinguru formaletan bai ez-formaletan. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzean kokatua dagoen Urdaibai Bird Center-ek (UBC) hegazti migratzaileen behaketa eta kontserbaziorako beharrezkoak diren habitat ugari ditu, eta, bide batez, ingurumen-hezkuntzako programak garatzeko kokaleku aproposa da.

Halako inguruneetan biodibertsitatea gazteei hurbiltzeko programak urte askotan egin badira ere, orain arte ez da ebaluatu zer eraginkortasun duten. Ingurumen-hezkuntzako halako programak abiapuntutzat hartuta, UPV/EHUko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika saileko ikertzaileek aztertu dute Urdaibai Bird Center-en jardueretan egun batez parte hartu duten DBHko 908 ikaslek zenbateraino barneratu dituzten bertan ikusi eta ikasitakoak.

Horretarako, ikasleek idatzizko galdetegi bat bete zuten, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba eta padurei buruz zituzten pertzepzioak, biodibertsitatearekiko interesa, hegazti-espezieak identifikatzeko trebetasuna, hegaztien migrazioari buruzko ezagutzak eta kontserbazioarekiko jarrera aztertzeko.

Unai Ortega ikertzaileak azpimarratu duenez, ikerketaren helburu nagusia izan da, batetik, ikasleen ezagutzaren eta jarreren diagnostiko bat egitea, eta, bestetik, halako ingurumen-hezkuntzako programen ebaluazioa egitea. “Oso ohikoak dira, baina haien eraginkortasuna neurtzeko ebaluaziorik ez zen egiten, eta beharrezkoa da jakitea programa horien helburuak zenbateraino lortzen diren”, azaldu du.

Ingurumen-alfabetatzearen garrantziaz

Ikertzaileek ikusi dute DBHko ikasleek ezagutza urria dutela biosfera-erreserben, paduren eta hegazti-migrazioaren inguruan, eta, batez ere, hegaztiak identifikatzeko garaian. Bestalde, ingurumenarekiko jarrerarekin lotutako puntuazio altuak izan bazituzten ere, ikasle askok uste dute inguruneok kontserbatzeko ahaleginak gehiegizkoak direla eta garapen ekonomikoa oztopatzen dutela. Bestalde, emaitzek erakutsi dutenez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban edo inguruan bizi diren eta landa-eremutik datozen ikasleek hobeto ezagutzen dute tokiko biodibertsitatea, baita lehen hezkuntzan hegaztietan oinarritutako plan bat gauzatu zuten ikasleek ere.

Ikerketan ondorioztatu dutenez, “egun bakar bateko programek ez dute eraginik ingurumen-hezkuntzan —adierazi du Ortegak—. Programa horiek, epe motzean ingurumen-ezagutza eta -jarrerak sustatzeko baliagarriak badira ere, eraginkortasun mugatua dute“. Horrenbestez, ikertzaileek adierazi dute egokia izan daitekeela Urdaibai Bird Center-en ingurumen-hezkuntzako programa egokitzea testuinguru formaletan txertatzeko, jarduera praktikoen bidez edo proiektuetan oinarrituz, eta emaitzak sistematikoki ebaluatzea. Horrelako ebaluazio sistematikoen “luzerako estrategiak” egiten jarraitzea garrantzitsua dela nabarmendu dute.

Ingurumen-alfabetatzean atxikimendu emozionalak duen garrantzia aipatu du Ortegak. Haren ustez, “nahitaezko” baldintza da “sentitzea zaindu beharreko horrek zaintzea merezi duela”. Horren harira, askok “hartu dugu parte horrelako programetan, baina ingurumen-alfabetatzeak ez du gora egin; kontrara, dokumentatua dago alfabetatze hori gero eta eskasagoa dela”, adierazi du.

Informazio osagarria

Eusko Jaurlaritzak IKASGARAIA ikerketa-taldeari emandako diru-laguntza izan du ikerketa honek.

Unai Ortega UPV/EHUko Lehen Hezkuntza eta Gizarte Hezkuntza graduetako irakasle da.

Erreferentzia bibliografikoa