null

Estalagmiten kolore gorriaren arrazoia eta aldaketa paleoklimatikoekin izan dezakeen lotura aurkitu dute

Estalagmiten kolore gorria klima-aldaketak zehazteko erregistro gisa erabil daitekeela aurkitu du lehen aldiz UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/27

Virginia Martínez Pillado. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUk egindako azterlan batek Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dagoen Goikoetxe haitzuloko estalagmiten kolore gorri enigmatikoaren arrazoia argitu du; eta gainera, duela 7.000 eta 5.000 urte arteko Kantauriko kostaldeko aldaketa paleoklimatikoen adierazle gisa erabil daitekeela adierazi du.

Oro har, kolore gorria, bai lagin geologikoetan, bai arkeologikoetan, burdin oxidoen presentziaren ondorio izan ohi da, mineral eta arroka ugari tindatzen baitituzte. Hala ere, “lan honetan egin diren eta Quaternary International aldizkarian argitaratu diren azterketek erakutsi dutenez, Goikoetxe haitzuloko estalagmiten kasuan (Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dago), kolore gorria barrunbearen gaineko lurzoruetan landare-estaldura deskonposatzetik eratorritako substantzia organikoen ondorioz sortzen da”, adierazi du Virginia Martínez Pillado UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertzaileak eta lanaren egile nagusiak. “Kantauriko itsasertzean prezipitazio eta landaretza ugari dago, eta, beraz, landare-estaldura handia sortzen da barrunbearen gainean; landaredi hori degradatzen denean, batez ere azido humikoak eta fulbikoak, euri-urak eramaten ditu haitzulora, eta espeleotemak gorriz tindatzen dituzte eratzen dituen kaltzitaren sarean sartzean”, azaldu du Virginia Martínez Pilladok.

Lan honen egileek hainbat koloretako estalagmitak aztertzeko teknikak konbinatu dituzte, hala nola uranio-serieen bidezko datazio erradiometrikoa, petrografia, X izpien fluoreszentzia, espektroskopia eta luminiszentzia argi ultramorearekin. “Analisiak egiteko, Raman eta FTIR izeneko bi teknika espektroskopiko erabili dira, molekula eta konposatu motak identifikatzeko balio dutenak. Teknika horien bidez ikusi dugu landare-materia degradatzearen ondorioz konposatu organikoak daudela estalagmiten barruan”, adierazi du lanaren egile nagusiak.

Gainera, “estalagmiten argazkiak egin ditugu argi ultramorearen bidez, eta kaltzitak erradiazio ultramorearen aurrean duen erantzuna ziklikoa dela erakutsi du. Hau da, estalagmita gorrien barruan, gorrietan baino ez da agertu —azpimarratu du ikertzaileak— zenbait ziklotan substantzia organikoak gehiagotan edo gutxiagotan ageri dira; osagai organiko gehiago dagoen uneetan, badirudi landare-estaldura askoz trinkoagoa dagoela. Seguruenik, prezipitazio gehiago dagoelako izango da, nahiz eta hori sakonago aztertu beharko litzatekeen”, adierazi du Martínez Pilladok. Argi dago, ordea, “landare-estaldura eta lurzoru-ekoizpena askoz biziagoa dela zenbait unetan beste batzuetan baino, Erdi Holozeno osoan zehar, duela 7.000 eta 5.000 urte bitartean, eta horrek lotura estua du barrunbearen kanpoko klima-baldintzekin”.

Atzemandako ziklo horiei esker, kolore gorri deigarriarekin lotuta daudenak, ikertzaileek ikerketa berriak hasi dituzte, garai horretan Kantauriko kostaldean izandako bilakaera klimatikoa berreraikitzeko. “Orain arte ez genekien kolore gorri horrek klima-aldaketa batzuk adieraz zitzakeenik edo klima-aldaketak zehazteko erregistro gisa balio zezakeenik”, adierazi du Virginia Martínez Pilladok.

Informazio osagarria

UPV/EHUko eta UCM-ISCIII Zentro Mistoko Virginia Martínez Pillado izan da lan honen buru, eta UPV/EHUko Petrologia eta Mineralogia saileko Iñaki Yusta eta Arantza Aranburu ikertzaileek ere parte hartu dute. Azterketak egiteko, Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalaren (CENIEH) laguntza izan du. UPV/EHU,  UCM-ISCIII eta CENIEH erakundeez gain, Burgosko Unibertsitateak (UBU) ere parte hartu du.

Erreferentzia bibliografikoa