euskaraespañol

Ainara San Juan Escudero UPV/EHUko ikerketako kolaboratzailea

Non bizi, hura jan

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/23

Ainara San Juan
Ainara San Juan Escudero, UPV/EHUko ikerketako kolaboratzailea. Argazkiak: Mitxi. UPV/EHU.

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Guztiok nabari dugu edertasun kanonaren eragina. Hainbestekoa da eragina, non, jakin arren “gorputz bikainaren” estereotipoak unean unekoak eta aldakorrak direla, gutako bakoitzak identifikatu baitezakegu ezaugarri bat, gutxienez, seguru sentiarazten ez gaituena.

Hori irakurri, eta pentsatu baduzu hankak handiegiak dituzula edo sabelaldea irten samarra duzula, jakizu badela jende gehiago zure egoeran. OMEren datuen arabera, 2016. urtean helduen % 39 inguruk zuen gehiegizko pisua eta % 13 inguru zen obesoa. Beste era batera esanda, hamar laguneko bilera batean erdiak egongo lirateke, osasunaren ikuspegitik, beren pisu onenean.

Alderdi estetikoez harago, pisu handia izatea arrisku faktore bat da gaixotasun ez-kutsakor deritzen horiek izateko, zeinak egoera kronikoak izan ohi diren; adibidez, patologia kardiobaskularrak, arnas patologiak, minbizia eta diabetesa. Izan ere, COVID-19aren pandemiaren aurretik, gaixotasun ez-kutsakorrengatik gertatzen ziren munduko heriotza guztien % 71. Hortaz, badugu gure pisuaz arduratzeko arrazoi bat, gaixotasun horien ondorioz ez hiltzea helburu. Kontua zera da: gai al gara gure pisua kontrolatzeko?

Gene bat ez da nahikoa

Pentsa dezakegu “obesitatearen genea” (FTO genearen aldaera bat) dugulako loditzen garela, edo gehiegi jaten dugula jangurarako sentikortasun genetikoa dugulako. Beren egoera fisikoa azaltzeko DNAri heltzen dioten horietakoa bazara, tamalez, zientziak adierazten du ez dela nahikoa baldintza “gaixotasun” batentzako gene bat izatea patologia hori garatzeko. Izan ere, epigenetikak frogatu du geneen adierazpena piztu edo itzal daitekeela, inguruneko faktoreen eraginari esker, material genetikoaren metilazioaren bidez. Hala, gure eguneroko ohiturak oso garrantzitsuak dira gaixotasun bat prebenitu edo garatzeko.

Bizi estiloari dagokionez, elikadura da heriotza eta erikortasun arrisku-faktore nagusia. Baina, zorionez, ohitura hori alda daitekeenez mundu osoko bost heriotzatik bat eragotz daiteke dietaren kalitatea hobetuta.

Ebidentzia zientifikoen arabera, haragi gorri eta prozesatuetan, ale finduetan eta azukre gehigarrietan oinarritutako elikadurak handitu egiten du gaixotasun kroniko batzuk izateko arriskua; aldiz, fruitu, barazki eta ale osoko zerealetan oinarritutako dietak gaixotasun horiek prebenitzen laguntzen du. Baina benetan erabaki dezakegu zer jan? Hau da, gu al gara kalitate txarreko dieta izatearen erantzule bakarrak?

Auzo txiroetan elikagaiak ez dira hain osasungarriak

Zientziak adierazten digu ingurune sozial, kultural eta ekonomikoak baldintzatzen dituztela elikaduraren gainean norberak hartzen dituen erabakiak. Hala, adibidez, herrialde garatuetako hirigune konpaktuetan gertuago ditugu eskaintza zabaleko janari-denda asko eta asko. Horrek esan nahi du erraz eta merke eskura ditzakegula kaloria, gantz, azukre eta gatz askoko produktuak, eta janari lasterreko jatetxeak eta iragarki masiboak ditugula. Horrek guztiak modu ez-osasungarrian jatera bultzatzen gaitu. Beraz, badirudi janariari buruz hartzen ditugun erabakiak gure bizilekuaren ezaugarriek baldintzatzen dituztela.

Izan ere, elikadura inguruneei buruzko analisiak frogatu du ezberdintasunak badaudela, maila sozioekonomikoaren arabera: diru sarrera handiagoko guneetan elikagai eskaintza anitzeko supermerkatu gehiago daude; aldiz, gune txiroetan janari denda txikiak dira nagusi. Gainera, gune pobreetako eskolek errazago dute osasungarriak ez diren elikagaiak erostea.

Horrek esan nahi du ekonomia eta hezkuntza maila txikiagoa dutenei zailagoa zaiela behar bezalako elikadura izatea, eta janariaren prezioa lehenesten dute kalitatearen aurretik janaria erostera joaten direnean. Aitzitik, herritar aberatsek eta hezkuntza maila altuagoa dutenek elikadura ohitura osasungarriak sustatzen dituzten lekuetan bizitzeko aukera dute, eta, osasungarria denaren gaineko ezaguera handiagoa izateaz gain, elikagai osasungarriak eskuratzeko bitarteko gehiago dituzte.

Biztanleriaren talde ahulenak ingurune pobreetan bizi baldin badira, zer beste aukera dute? Bada, politika publikoak susta daitezke, maila sozioekonomiko apaleko guneetan elikagai osasungarriak edukitzeko estrategiak bultzatzeko. Adibidez, elikagai espezifikoak aurkitzeko aukera handitzeak, produktuen prezioa aldatzeak, eta kartelak, etiketak eta promozioak erabiltzeak obesitatea prebenitzen laguntzen dute. Horrez gain, ezinbestekoa da elikadura ohitura osasungarrien inguruan heztea, egitura aldaketa horiek herritarrengan benetako eragina izan dezaten.

Hortaz, jateko moduak eta osasunak kezkatzen bagaitu, azter dezagun gure ekonomia eta hezkuntza maila, bien arabera jakingo baitugu non bizi garen eta zer jaten dugun. Gure erabakiak askatasunez hartzen ditugula uste badugu ere (non eta nola bizi, eta zer jan), zientziak ohartarazten gaitu hainbat faktorek eragiten dutela gure ekintzetan, hala nola gure hiriak edo gure auzoak. Azken batean… aske bizi al gara?

Artikulu hau finalista izan zen Lilly fundazioak eta The Conversation Espainiak antolatutako gazteen dibulgazioaren lehenengo edizioan.