euskaraespañol

Master Astean UPV/EHUren graduondoko eskaintza ezagutzeko azkeneko aukera bihar

Noiz eta non

2016/03/11 2016/03/11, 15:30 - 19:30

110 master ofizial, 65 doktorego programa eta 30 titulu propio baino gehiago aurkeztuko dira

Deskribapena

AURKITU ZURE BIDEA da 2016ko Master Asterako hautatu duten leloa. Jardunaldia Bilbon egingo da bihar, ostirala, martxoak 11, 15:30etatik aurrera Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3). Hor, nahi dutenek gure unibertsitateko graduondokoen eskaintza zabal eta askotarikoaren berri izan dezakete. Izan ere, Master Astea aukera ezin hobea da informazio zuzena jasotzeko programen arduradunen eta tituluetako irakasleen eskutik, bai eta joan diren ikasturteetako masterretako egresatuen eskutik ere. Kalitate handiko irakasleek eta irakasten diren gaietan espezializaturiko profesionalek maila goreneko prestakuntza eskaintzen dute UPV/EHUko graduondokoetan, eta ikasleei lagungarri izango zaie jardunaldia, ikasten jarraitzeko "bide onena" aukeratzeko.

Beste urteetan bezala, UPV/EHUk, astebetez, bere hiru campusetan aurkeztuko du bere eskaintza, guztira, 110 master ofizial, 65 doktorego programa eta 30 titulu propio baino gehiago (espezializazio handiko eta lanera bideratutako titulazioak). Master Astea, zehazki, martxoaren 11n egingo da Bilbon, Donostiatik eta Gasteiztik igaro ostean. Iazko Master Astean 1.500 bisitari izan ziren.

Jardunaldiak antzeko formatua izango du hiru campusetan. Hainbat standetan, master, doktorego programa eta berezko titulu bakoitzaren ezaugarriak azalduko zaizkio publikoari, batez ere azken urteko ikasleei eta espezializatu nahi duten titulatuei, master bat edo graduondoko eta etengabeko prestakuntzaren beste modalitate bat eginez. Standak irekita egongo dira 16:00etatik 19:00etara. Aldi berean, master batzuen irakasleek tituluen aurkezpenak egingo dituzte eta ikasleen zalantzak argituko dituzte.

UPV/EHUko graduondokoen eskaintzak jakintza arlo guztiak biltzen ditu (Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, eta Artea eta Giza Zientziak), eta ikasleak harremanetan jartzen ditu nazioarteko ikertaldeekin, teknologia zentroekin, enpresekin eta erakundeekin. Gainera, 700 hitzarmen baino gehiago ditugu sinatuak I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresekin gure master eta doktorego programetarako, eta nazioarteko truke programetan ere parte hartzen dugu, Erasmus+ programan kasurako. Horri guztiari esker, ikasleek praktikak egin ditzakete inguruko enpresa edo erakundeetan, estatuan zein nazioartean mugi daitezke, eta errazago has daitezke lan merkatuan.

Egitaraua

Martxoaren 11:  Bizkaia Aretoa (Abandoibarra, 3. Bilbo).

15:30-16:00

  • Ongietorria emateko agurra, Carmelo Garitaonandia Bizkaiko Campuseko errektoreordearen eta Maria Gabriela Chotro UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren eskutik.
  • UPV/EHUko graduondoko egresatuen aurkezpenak.
  • 2014/15 ikasturtean Bizkaiko Campusean emandako masterretako ikasle onenei esker ona adierazteko eta diplomak banatzeko ekitaldia.

16:00-19:30

  • Standen irekiera.
  • Masterren aurkezpenen hasiera.