euskaraespañol

UPV/EHUk 1.076 ikasle hartu eta 1.701 bidali ditu ikasturte honetan

150 gaztek baino gehiagok parte hartu dute truke programetako bisitariei agur esateko ekitaldian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/16

Irudia

UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan, mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasle bisitariei agur esateko ohiko ekitaldia egin da. Hainbat herrialdetako ehun gaztetik gora izan dira ekitaldian, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako campusetakoak.

Argazki ofiziala atera ostean, Graduondoko Ikasketen eta Kanpo Harremanen errektoreorde Nekane Balluerkak eta Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Ana Arrietak hasierako agurra egin dute, eta eskerrak eman dituzte UPV/EHU hautatzeagatik truke egonaldia egiteko.

Nazioarteko ikasleek UPV/EHUn eta Euskal Herrian izan dituzten bizipenen berri eman dute. Gero, Kepa Junkera musikari eta konpositore ezagunak Euskal Herriko musika tresna tradizional batzuei buruzko masterclass bat eman du.

Erasmus+ programa mugikortasun akademikorako esparru ezin hobea da; izan ere, master eta doktoregoko mailetara ere zabaldu da, bai eta Europatik kanpoko herrialdeetara ere. Bestalde, UPV/EHUk nabarmen handitu du ingelesezko irakaskuntzaren eskaintza, hala graduan nola masterrean. Era berean, nazioz gaindi lankidetzan aritzeko beste modu batzuk ezarri dira; besteak beste, tesiak elkarlanean zuzentzea eta ikerketa proiektuak beste herrialde batzuetako kideekin egitea.

Europako guneaz harago, ordea, garatzen ari da Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarea; 13 herrialdetako 15 unibertsitatek osatzen dute, eta lankidetza proiektu berriak abiarazi dira, Ipar Amerikako, Errusiako eta Asiako erakunde entzutetsuekin elkarlanean.

 

Mugikortasun programetako nazioarteko bisitariak UPV/EHUn, 2015/2016  
Graduko Erasmus+ programa 496
Masterreko Erasmus+ programa 105
Latinoamerika programa 242
Beste Norako batzuk programa 63
SICUE programa 115
Mugarik gabeko Zientzia (Brasil) programa 38
MESCYT programa (Dominikar Errepublika) 17
BISITARIAK GUZTIRA 1.076

 

Mugikortasun programetan parte hartzen duten UPV/EHUko ikasleak, 2015/2016  
Graduko Erasmus+ programa 1.010
Masterreko Erasmus+ programa 82
Doktoregoko Erasmus+ programa 6
Latinoamerika programa

313

Beste Norako batzuk programa 76
SICUE programa 214
UPV/EHUko IKASLEAk GUZTIRA 1.701

 

Argazkiak: Laura Lopez. UPV/EHU