euskaraespañol

Kongresua: Itsas Industria XXI. mendean

Noiz eta non

Noiztik: 2017/05/16 Noiz arte: 2017/05/15, 09:00 - 14:02

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Bizkaiko hiriburuak `Itsas Industria XXI. mendean´ izeneko Nazioarteko II. Kongresua jasoko du. Topaketak irauten dituen hiru egunetan, itsas sektoreko eragile nagusiek, gure lurraldean tradizio luzea duen jarduera horren orainaldiari eta etorkizunari buruz eztabaidatuko dute. VCCMMk (Bizkaiko Merkataritza Itsasketako Kapitainen Elkartea) eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak (UPV/EHU) antolatu dute bihartik, asteartetik, maiatzaren 16tik, ostegunera, maiatzaren 18ra, Bizkaia Aretoan, Euskal Herriko Unibertsitateak Abandoibarran duen eraikinean, egingo den nazioarteko foroa.

Kongresua itsas eta portu sektoreko eragile publiko eta pribatu guztiei dago zuzenduta, Administraziotik hasi eta prestakuntza ikastetxeetara, itsasontzi enpresetara, ontzioletara eta kontsignatorioetara, portuko, itsasoko eta kostaldeko segurtasunaren ardura duten agintarietara, itsas salbamendura, aseguru konpainietara… Erakundeak, profesionalak eta konpainiak kongresu honetan elkartuko dira, sektoreak dituen erronkak aztertzeko, etorkizuna eta lehiakortasuna bermatu ahal izateko.

Euskadik marinel, arrantzale eta itsasontzi eraikitzaile historia luzea du, antzinako bale-ontzietatik hasi eta azken belaunaldiko merkataritza ontzietara. Bilboko Ingeniaritza Eskolak Itsasketa eta Nautika eta Itsas Garraio graduak eskaintzen ditu Portugaleten. Eskolak ere hartuko du parte sektoreko profesionalen eskariak ezagutzeko eta unibertsitateko prestakuntzan kontuan hartzeko aukera emango duen kongresu honetan. "Horrelako foro batek aukera emango digu, inolako zalantzarik gabe, itsas nabigazioaren alorrean inplikatuta dauden eragile guztiekin harreman zuzena izateko, euren eskariak jaso ahal izateko, itsasoko etorkizuneko profesionalen prestakuntza hobetu eta eguneratu ahal izateko", azpimarratu du Enrique Amezua Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak.

Merkataritzaren ikuspegitik, itsas sektorea ez dago XXI. mendeko ekonomiaren ezaugarri nagusietakoa den globalizaziotik kanpo. Etengabe prestatzen eta berriztatzen ari diren eragile askok osatutako sektoreak erronka berriei egin behar die aurre egunero, kate logistikoak funtzionatzen jarraitzea lortzeko eta Euskadiko eta batez ere itsas eta portu tradizio handia duen Bilboko ekonomiaren nazioartekotzeari eta aberastasunari laguntzen jarraitzeko. Asier Atutxa Bilbao Porteko presidenteak azpimarratu duenez, kongresuaren helburua, "gure profesionalak elkartzeko foroa izatea da, eragile guztiak batuko dituena, sektorearen egungo eta etorkizuneko egoera aztertzeko eta horri buruzko iritziak eztabaidatzeko, berrikuntzak aurkezteko eta kontrastatutako esperientziak erakusteko".

Europako Itsas Eguna: Jendearentzako Ate Ireki Jardunaldia

Kongresuaren barruan aldi bereko zenbait hitzaldi eskainiko dira Bizkaia Aretoko Mitxelena Auditorioan eta Baroja Aretoan. Asteartean, maiatzaren 16an eta asteazkenean, 17an, adituek sektorearen orainaldia eta berehalako etorkizuna markatzen duten gai nagusiak landuko dituzte; itsas legeditik hasi eta itsasontzien eraikuntzara, gurutzontzietara, prestakuntzara, itsasoko segurtasunera, XXI. mendeko arrantza industriara, itsasoko trafikora, laneko arriskuen prebentziora edo teknologiara eta berrikuntzara.

Topaketa amaituko den egunean, ostegunean, maiatzaren 18an, Europako Itsas Eguna ospatuko da. Hori dela eta, nazioarteko kongresuak ateak irekiko ditu jende guztiarentzat eguerdiko 13:00etatik aurrera. Hurbiltzen direnek, Luis Jar Torre itsas kapitain eta ikerlariak eskainiko duen `Un abordaje con sorpresa. 100 años después la explosión de Halifax´ hitzaldia entzun ahal izango dute. Asier Atutxa Bilbao Porteko presidenteak datorren asteartean inauguratuko du kongresua, eta Rafael Rodríguez Valero Merkataritza Itsasketako Zuzendari Nagusiak emango dio amaiera ostegun eguerdian.