euskaraespañol

Leire Fernández Iñurritegui eta Eduardo Herrera

Eduardo Chillidaren mendeurrena, UPV/EHUren sinboloaren sortzailea

‘Letraz’ Diseinu Grafiko eta Tipografiako Ikerketa Taldearen zuzendariak. Arte Ederren Fakultatea.

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/11

Eduardo Herrera eta Leire Fernández
Eduardo Herrera eta Leire Fernández | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Urtarrilaren 10ean, Eduardo Chillidak ehun urte beteko lituzke. UPV/EHUtik, mendeurrena baliatu nahi dugu bultzada emateko eta berritzeko euskal artista handiaren balioen, sentsibilitatearen eta hasieratik bertatik gure unibertsitatean utzi zuen legatuaren memoria.

Egin dezagun atzera 1975era. Martin Ugalde kazetari eta idazleak eskultore, margolari eta grabatzaile donostiarrari egin zion elkarrizketa batean, galdetu zion ea garrantzitsua iruditzen zitzaion euskal unibertsitatea. Erantzunean, artistak agerian utzi zuen garai hartako euskal gizartean indartzen ari zen korronte intelektual baten kezka:  “Garrantzitsuena da. Beste herriek beren unibertsitateak dituzten modu berean, arnasa ematen dietenak, gai unibertsaletatik harago, beren aurrekari kulturalen eta sustrai espiritualen esanahia ahalegin txeratsuz bilatzen dutenei, beren hizkuntza, historia, historiaurrea, etnografia eta arkeologia modu grinatsu eta legitimoan aztertzen dihardutenei, gure herriak, hainbeste gauza eskas dituen adibide bakarti, merezi du ere arreta hori, oinarrizko ardura hori. Ulertzen ez dudana da gaur egun, XX. mende bukaera honetan, gizakia izarrartean bidaiatzeko gai denean, nola existi daitekeen gurea bezalako kultura bat, zeinari ukatzen zaizkion horiek denak ikertzeko baimena, eskubidea eta baliabideak”. Egonezin hori pizgarri izan zitzaion identitate bisualeko ikur bat sortzeko, lehen une batean balio izan zuena irudikatzeko euskal unibertsitatearen aldarrikapenaren ilusio kolektibotik sortutako mugimendu indartsu bat.

1978an, behin UPV/EHUren Estatutuak idatzita, Ramon Martínek, ordurako desagertutako Bilboko Unibertsitatearen azken errektoreak, unibertsitate berriaren ikur izango zen sinbolo baten beharra helarazi zion Gobernu Batzarrari. 1981ean, Gregorio Monreal errektoreak Gobernu Batzarrari eskatu zion martxan jartzeko unibertsitateren ikurra sortzeko prozesua. 1982ko urtarrilaren 19an, erabaki zen Chillidaren esku uztea UPV/EHUren nortasun sinboloaren diseinua. Enkargua jasotzean, artistak erabaki zuen urte batzuk lehenago euskal unibertsitatea aldarrikatzeko kanpainan erabili zen sinboloa berreskuratzea eta UPV/EHUri modu altruistan dohaintzan ematea. Gregorio Monrealek proposatuta, erabaki zen ‘Eman (jakintza) ta zabal zazu’ lema gehitzea sinboloari. Lema hori atera zuen Jose Maria Iparragirre poeta eta musikariak XIX. mendean idatzitako “Gernikako Arbola” zortziko ezagunaren estrofa batetik. “Eman ta zabal zazu / munduan frutua / adoratzen zaitugu / arbola santua”.

Ikur berria 1982ko apirilaren 19an aurkeztu zen. Chillidak berak honako hau adierazi zuen: “Sinbolo bat sortzea eskatu zidaten, eta horixe egin nuen, arbola bat sortu nuen. Arbola bat eta haren fruitua. Hori da ideia. Eman ta zabal zazu”. Kolore beltzeko arbola, espazio zuri bat besarkatzen, artistaren obraren ezaugarri diren forma dinamikoen eta konstruktiboen planteamendua erabilita. Forma horietan, egituraren erdigunetik beretik sortzen den organikotasun moduko batek zorroztasun geometrikoa garaitzen du. Metafora bat, zuhaitza, Zientziaren Zuhaitzaren sinbolismo tradizionalari lotua.

Orduz geroztik, sinbolo hori erabili da UPV/EHUren identitate bisual korporatiboaren euskarri guztietan, bai eta unibertsitatearen urrezko dominaren elementu enblematiko gisa ere. 1984ko urrian, Chillidari berari eman zion UPV/EHUk domina horietako bigarrena, euskal unibertsitatearen aldeko kanpainan parte hartzeagatik eta erakundearen sinboloa sortuz UPV/EHUren irudi publikoari eginiko ekarpenagatik. Gregorio Monreal errektoreak honako hau esan zuen domina emateko ekitaldian: “Eduardo Chillidari helarazi nahi dizkiot gure erakundearen estamentu guztien begikotasuna eta esker ona, bai eta askok etorkizuneko gure arteko harremanean dugun itxaropena ere. Unibertsitate gazte eta artikulatu gabe batek behar ditu pertsona apartak eta gailenak, gai izango direnak pentsamendu moral, estetiko eta zientifikoko korronteak sortzeko eta egituratzeko, eta lan zorrotzerako ohitura eta usadioak sortzeko. Eduardo Chillida bezalako pertsonen esku hartzea behar dugu, Europa mendebaldeko gizarte aurreratuek unibertsitatearen esku uzten duten eginkizuna bete ahal izateko. Espero dugu gure ikurraren idazkunak dioena egi bihurtzea. Eman ta Zabal Zazu. Horixe adierazi nahi dugu domina hau ematean”.

Sortu zenetik berrogei urtetik gora igaro direnean, Chillidaren sinboloa da UPV/EHUren nortasunaren ikur garrantzitsuena, bai eta gure ingurune soziokulturalean sustraituriko gu guztion ondare artistikoa ere. Sinbolo bat, bultzada ematen diona “identitatearen” ikuspegitik Chillidaren obra osoa bezalako proposamen unibertsal eta integratzaile batekiko konexioari. Artista bat, bere lanaren bitartez hizkuntza bat sortu zuena, hizkuntza soil, indartsu eta sendoa, lexiko plastiko baten oinarriak finkatzeko, bizi izan zen ingurunearen kultura bereizian. Eta beti jarrera sortzaile aske batetik, arau baldintzatzaileen kontrakoa, bulkadak, berezkotasunak eta keinuak gidatua, zama doktrinario eta intelektualik gabeko hizkuntza natural baten bidez.