euskaraespañol

Itsas ingurunean kutsadura gutxitzeko plastiko biodegradagarria garatzeko hitzarmena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/17

Irudia
José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumeneko diputatua eta Xabier Ostolaza Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendaria hitzarmena sinatu ostean. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak hitzarmena sinatu dute eta ikerketa lerro bat irekitzen da polietileno konpostagarria eta itsas ingurunean biodegradagarria dena garatzeko.

Teknika aldetik posible da polietilenoa birziklatzea, baina beste material batzuekin sortutako kutsaduraren edo kudeaketa desegoki baten eraginez, hondakin horien zati handi bat itsasora iristen da. Zehazki, uste da urtero zortzi milioi tona plastiko botatzen direla itsasora, kalte handiak eraginez faunan, floran eta bentosetan; baina, nolanahi ere, kalte horiek areagotu egiten dira plastikoak duen egonkortasun handiagatik, 100 urte inguru behar baitu mineralizatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, Euskal Herriko Unibertsitateko Materialak + Teknologiak taldearen lankidetzarekin, abian jarri duen ikerketa lerroak helburu hau du: polietileno mota bat sortzea, itsas ingurunean biodegradagarria izango dena, eta konpostagarria izan daitekeena nekazaritza prozesuetan erabili ahal izateko. Gehigarriak aplikatuko dira polietileno biodegradagarria fabrikatzeko, eta material berriaren bizitza baliagarria nahiz biodegradazio edo birziklagarritasun aldia aztertuko dira. Gainera, material ijeztuak eta konposatuzkoak birziklatzeko aukera aztertuko da. Halaber, proiektu horretan Gipuzkoako Ekorec eta Plastigaur enpresek parte hartuko dute, eta beraien esperientzia baliagarria izango da birziklatzeko hondakinak prestatzeko prozesuan, eta konplexu ijeztuak eta konposatuzkoak fabrikatzeko orduan, hurrenez hurren (PE eta PET).

Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreirak gogorarazi du plastikoen bidezko itsas kutsadura dela ingurumen arazo nagusienetako bat, eta bere Departamentua Life Lema proiektua zuzentzen ari dela, datozen hiru urteetan 100 milioi tona plastiko Gipuzkoako kostaldeetan biltzera bideratutakoa.  Pedreiraren esanetan, abian jarritako ikerketa lerro berria aurrerago doa; izan ere, «funtsezkoa da gure itsas hondoak zaintzea, eta plastiko biodegradagarrien fabrikazioa hondakin horien metaketari aurre egiteko modu eraginkorra da».  

UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Zuzendaria den Xabier Ostolazak gehitu du proiektu honek plastikoen formulazio berriak eskainiko dizkiola industriari, materialen berrerabiltzea eta birziklatzea bermatzeaz gain, beraien biodegradazioa itsas ingurunean ere ahalbidetu dezaten.

Bederatzi hilabete beharko dira proiektua garatzeko, eta UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza Saileko irakasle den Kristina Peña doktoreak zuzenduko du. Polietileno biodegradagarria fabrikatzeko ikerketa lerro berriaren aurrekontua 60.000 euro da, eta Ingurumeneko Departamentuak jarriko ditu bi entitateek sinatutako hitzarmenaren esparruan.