euskaraespañol

Ion Errea UPV/EHUko ikertzaileak 1,5 milioi euroko ERC Starting Grant diru-laguntza jaso du

Hidrogenotan aberatsak diren konposatuen artean tenperatura altuetan supereroale izan daitezkeenak bilatzeko ikerketa-taldea sortuko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/27

Irudia
Ion Errea UPV/EHUko irakasle atxiki eta DIPCko ikertzaile elkartua. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

1,5 milioi euroko diru-laguntza onartu dio Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) Ion Erreari, UPV/EHUko Fisika Aplikatua 1 Saileko irakasle atxiki eta DIPCko ikertzaile elkartuari, ERC Starting Grant laguntzen 2018ko deialdian. Bere ikerketa-taldea sortzen lagunduko dio, eta bultzada handia izango da datozen 5 urteetan supereroankortasunari lotutako ikerketa-proiektu bat aurrera eraman ahal izateko.

Ion Errea UPV/EHUko Fisika Aplikatua 1 Saileko irakasle atxiki eta DIPCko ikertzaile elkartuak ERC Starting Grant laguntza prestigiotsua jaso du. 1,5 milioi euroko diru-laguntza  da, Europako Ikerketa Kontseiluak ematen diena azken 7 urteetan doktoratu diren ikertzaileei, beren ikerketa-taldea sortu eta ikerketa-proiektua gara dezaten.

Ion Errea “oso pozik” agertu da, oso deialdi lehiakorra delako. Europako Ikerketa Kontseiluak jakinarazi duenez, 3.000 eskari baino gehiago jaso dituzte, eta haietako % 13 baino ez dituzte diruz lagundu. Errearentzat “sekulako aukera da ikerketa-talde bat sortzeko eta nire ikerketa-proiektua aurrera eramateko. Lortu izan ez banu, ziur aski hamarkadak beharko nituzke egin nahi ditudan gauzak egiteko. Gainera, nire ikerketa-ibilbideari ere aintzatespena egiten dio, eta oso maila altuan kokatzen nau. Jakina, ardura handia ere bada, baina erronka polita da”.

Tenperatura altuan supereroale diren materialen bila

Hidrogenotan aberatsak diren konposatuak izango ditu aztergai Erreak. Ikerketa teorikoa izango da, eta azkeneko helburua izango da “aurresatea haietatik zein izan daitezkeen tenperatura altuan supereroale”, azaldu du ikertzaileak.

Metal gehienak dira supereroaleak tenperatura oso-oso baxuetan, hau da, egoera horretan erresistentzia elektrikoa guztiz galtzen dute, eta, beraz, material eroale perfektu bihurtzen dira. Oso propietate interesgarria da hori, oso korronte elektriko handiak sortzen direlako, eta horrek oso eremu magnetiko ahaltsuak sorrarazten dituelako. Gaur egun halakoak erabiltzen dira erresonantzia magnetikoak egiteko gailuetan, edo CERN bezalako instalazioetan, besteak beste. “Arazoa da supereroankortasuna sortzea oso garestia dela, materialak oso tenperatura baxuetan bihurtzen direlako supereroale”, argitu du.

Arazo horri irtenbidea bilatu nahi dio Erreak ERC Starting Grantari esker martxan jarriko duen ikerketan. “Bilaketa teorikoa izango da, hidrogenotan aberatsak diren konposatu edo materialetan, tenperatura altuetan supereroale izan daitezkeenak iragartzeko” dio. Hiru atal edo fase aurreikusten ditu: “lehenik, kalkulu-teknika berriak garatuko ditugu zuzen kalkulatzeko zein tenperaturatan galtzen duten materialek erresistentzia elektrikoa guztiz, hau da, zein den haien supereroankortasun-tenperatura kritikoa. Bigarren atal batean, saiatuko gara ulertzen zergatik diren supereroale onak orain arte ezagutzen diren konposatu batzuk (hidrogenotan aberatsak direnetan jarriko dugu arreta). Eta, azkenik, ikasitako guztiarekin saiatuko gara aurresaten zer material berri izan daitezkeen supereroale onak tenperatura altuetan”.

Datozen bost urteetan arituko da lan horretan, epe hori ematen baitu Europako Ikerketa Kontseiluak. “Ametsa litzateke giro-kondizioetan supereroale izan daitekeen materialen bat hautematea; sekulako iraultza ekarriko luke horrek”, dio, bukatzeko, Erreak.

Informazio osagarria

Unibertsitatearen eta erreferentziazko ikerketa-zentro baten arteko elkarlan estuak gazte baten ibilbidea nola bultza dezakeen erakusten du garbi Ion Errearen ibilbideak. 2007an Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Fisikan lizentziatu ostean, ikertzaile gipuzkoarrak doktore-tesia egin zuen, Eusko Jaurlaritzaren doktoratu aurreko beka batek diruz lagunduta, UPV/EHUn eta Donostia International Physics Center-en (DIPC). Ikerketa-ibilbidearekin herritik kanpo jarraitzea erabaki zuen, eta doktoratu osteko egonaldi bat egin zuen Parisen,  Pierre et Marie Curie Unibertsitate entzutetsuan. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu zuen orduan ere, doktoratu osteko diru-laguntza baten bidez, eta, hari esker, bi urte egin ahal izan zituen atzerrian, eta hirugarren bat EAEn. DIPC aukeratu zuen azkeneko aldi horretarako. Beka bukatu ostean, zentro donostiarrean jarraitu zuen ikertzen, eta, ondotik, irakasle atxiki lanpostua lortu zuen UPV/EHUko Fisika Aplikatua 1 Sailean. Gaur egun, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan ari da irakasle, eta DIPCko ikertzaile elkartu ere bada