euskaraespañol

Iñaki Milton ikertzaileak Juan de la Cierva laguntza bat jaso du

UPV/EHUko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldeko kideak Madrilgo Instituto de Investigación IMDEA-Alimentación zentroan osatuko du bere prestakuntza

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/02

Iñaki Milton
Iñaki Milton. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Iñaki Milton Laskibar doktoreak –Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldeko kidea da (María Puy Portillo da talde horretako burua) eta Instituto de Salud Carlos III erakundeko CIBER zentroko Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioa atalean ere badago–, Juan de la Cierva-formación doktoretza ondoko laguntza jaso du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Unibertsitateen Ministerioaren eskutik

Espainiako ikerketa erakunde edo I+G zentroek doktore gradua duten gazteak bi urtez kontrata ditzaten sustatzea da Juan de la Cierva-formación laguntzen jomuga. Helburua da doktoretza ondoko ikerketa prestakuntza Espainiako I+G zentroetan osatzea, doktoretza aurreko prestakuntza egin zuten zentroez bestelakoetan, hain zuzen. Deialdia oso lehiakortasun handikoa da, eta hautaketa doktorearen curriculum merezimenduetan eta sartuko den taldearen historia zientifiko teknikoan funtsatuta egoten da.

Iñaki Milton 2014an sartu zen UPV/EHUko Farmazia fakultateko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldean; han egin zuen, hain zuzen, bere doktorego tesia, sindrome metabolikoarekin lotutako gaixotasunetan resberatrolak eta kaloria murrizketak dituzten ondorioei buruzkoa, María Puy Portillo eta Leixuri Aguirre doktoreek ikuskatuta. 2018ko abenduan bere tesia defendatu ostean, Miltonek taldean lanean jarraitu du ikertzaile kontratatu gisa, Farmazia Fakultateko irakasle izateaz gain. Juan de la Cierva-formación doktoretza ondoko laguntza jaso ondoren, Madrilgo Instituto de Investigación IMDEA-Alimentación zentroan sartu da, 'Cardiometabolic Nutrition Group' taldean –zeinaren buru J. Alfredo Martínez doktorea den– lan egiteko, zeina 'Precision Nutrition and Cardiometabolic Health' ikerketa programaren barruan baitago. Talde horretan, UPV/EHUko ikertzaileak biomarkatzaile berriak bilatzeko proiektuetan lan egingo du, doitasunezko elikadura baten oinarriak finkatzen laguntze aldera.