euskaraespañol

XVII Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Sari hunkigarria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/13

Irudia

Guadalupe Díaz García irakasleak eta Argibel Euba Ugarte ikertzaileak jaso zuten Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria, aurtengoan hamazazpigarren edizioa bete duelarik. Sariak emateko ekitaldia UPV/EHUren Donostiako Ignacio María Barriola eraikineko auditorioan egin zen eta bertan, José María Echarri Donostiako Orfeoiko presidenteak eta Agustín Erkizia UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak hartu zuten parte. Amaieran, Donostiako Orfeoiak emanaldi irekia eskaini zuen.

Guadalupe Diaz Garcia (San Martín de Treviño, Cáceres, 1937) Musikan prestakuntza goiztiarra baina irmoa eta dibertigarria eskaintzeko nahiak eta asmoak bultzatuta, Zoltán Kodaly konpositorearen metodoaz baliatu zen Guadalupe; metodo horrekin goitik behera aldatu zuen konpositoreak Hungariako musika-hezkuntza, oso emaitza onekin gainera.

Arlo horretan prestatzeko ikastaro trinkoak egin ondoren, eta Donostiako Jesuiten San Ignazio Ikastetxeko irakasle zela, solfeoa ikasteko metodo aspergarria baztertu eta sistema berritzaile hura ezarri zuen, kantu folklorikoa tresna nagusitzat duena haurrek “musika handia” modu erraz eta dibertigarri batean ezagutzea lortzeko.

Kodalyren beraren hitzek ondo definitzen dute musikaren arloan egindako ibilbidean Guadaluperi lagundu zion filosofia: “Giza kultura unibertsalaren ezinbesteko alderdia da musika. Musikaren arloan ezagutzarik ez dutenek ez dute adimen garapen osatua lortzen. Musikarik gabe ez dago pertsona osatu eta beterik”.

Ñabardura horiekin eta gogo biziak bultzatuta, San Ignazio Eskolania sortu zuen Guadalupek 1982an, José Antonio Sáinz Alfaroren eskutik. Hasiera batean Orfeoiari laguntzeko, zenbaitetan haurren ahotsak behar izaten zituelako. Haur talde hark “izugarrizko gaitasuna zuen kanturako eta musikarako, eta hala hasi ziren etengabeko arrakasta izaten”, adierazi zuen Iñaki Cárcamok Eskolaniaren 25. urteurrena zela-eta argitaratutako artikulu batean.

1992ra arte egon zen Guadalupe ekimen horren aitzindaritzan eta urte hartan bertan sortu zuen Orfeoiko Haurren Kantu Eskola, bost eta zortzi urte bitarteko haurrentzat, etorkizunari begira Orfeoi Txikiko kide izateko. Lehenengo ikasturte hartan 39 ikaslek jaso zituzten haren ikasbideak. Bigarrenean, 65 ikaslek, eta lau taldetan banatu behar izan zituzten, adinaren eta ezagutza mailaren arabera.

Emaitzak berehala ikusi nahi izatearen eta helburutzat hartutako prestakuntza maila lortu ezin izango zenaren beldur, ondokoa utzi zuen idatzita: “Nire lana ez da korala; kantua da, ordea, lan horren oinarria, eta bere bitartez, abesti soilekin, ikasleek musikari buruzko ezagutza praktikoak eskuratu ahal izaten dituzte, sentitu, ulertu eta gustura hartzen dutenak; ondoren dator teoria, solfeoaren momentu txarrak jasan behar izanik gabe, kontuan izanik musikan balio handiko jendea uzten duela horrek bidean”. Metodologia hura beste erakunde batzuentzako eredu izan zen eta 1997an Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak bere nahia adierazi zuen Guadalupek eta bere ikasleek garatu izan zuten lanaren erakustaldi bat egin zezaten, jardunaldi pedagogiko/musikal batzuetara bertaratutako abesbatzen zuzendari talde baten aurrean. Bilboko Kodály Institutuak berak Muskizen egiten zituzten kontzertuak ematera gonbidatu ohi zituen.

Gela haietako ikasle asko izango ziren gerora Orfeoi Txikiko eta Orfeoiko kide. Ekimen hura, 1992an sortua, 2000. urtean erretiratu zen arte zuzendu zuen Guadalupek.

Argibel Euba Ugarte (Galdakao, 1979) Doktore titulua lortu zuen (UPV/EHU 2017) orain sari hau merezi izatera eraman duen ikerlanagatik. Txalapartaren espezifikotasun kulturalean eta historikoan sakontzen duen lan bat da, eta agerian uzten du Donostiarekin eta bertako erakundeekin izan zuen lotura estua 1960ko hamarkadan euskal kulturak izandako susperraldian. Tesiak txalapartaren fazeta anitzei heltzen die eta, musikaren arloko praktika den aldetik, alderdi hauek aztertzen ditu: organologia, transmisio bideak eta interpretazioari eta gizarteari dagokienez dituen konnotazioak. Bestalde, eten berezi bat egiten du berrirakurketa historiko kritiko bat egiteko, eta baita fenomenoaren ikusmolde eta izaera garaikidea bera definitzen duten joerak eta narratibak identifikatu eta aztertzeko ere.

Gizarte eta Kultur Antropologian eta Artearen Historian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, Argibel Eubak Etnomusikologiako Master bat du (Goldsmiths College, University of London 2004) baita Musikologiako Ikasketa Aurreratuen Diploma bat ere (UPV/EHU 2006).

2016an beste ikerlan bat argitaratu zuen UPV/EHUn: BASKER: 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak, hedabideetan oihartzun nabarmena izan zuena. Doktorego tesirako informazioa bilatzen jardun zuenean, Euskal Herrian ordura arte ezagutzen ez zen altxor bat aurkitu zuen Eubak: bi film labur dokumental (Basker eta Bonde i Baskerland), 1963an Suediako telebista publikoko Daniel Grenholm eta Lennart Olson erreportariek eginak. Ezusteko aurkikuntza hark aukera eman zion tesian garatzea pentsatuta ez zituen gai batzuetan sakontzeko; liburu eta DVD formatuan argitaratu zuen.

Erreportari suediarrek euskal kulturaren hainbat gai jaso zituzten bi dokumental horietan, eta musika eta dantza tradizionalean jarri zuten arreta berezia. Jaso zituzten irudien artean ditugu Iturengo eta Zubietako inauteriak, pilota jokoa Oiartzunen eta Bergarako frontoi zaharrean, Abadiñoko aurresku lehiaketa bat, harri-jasotzea eta idi-dema Aian, baserrietako bizimodua Bergaran eta Ataunen, Zumarragako fabrika bateko lana eta beste hainbat irudi, euskal musikarien ikus-entzunezko balio handiko testigantzez gain. Irudi horiek balio historiko eta etnografiko berezia dute, azken hamarkadetan euskal kulturak bizi izan dituen aldaketa nabarmenak erakusten dituztenez gero. Liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zen, eta DVDak jatorrizko bertsioan jasotzen ditu aipatutako bi filmak, euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko bertsioekin.