euskaraespañol

Martxan da aztarnategi paleontologikoen lehen katalogo digitala

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/25

Irudia
José Manuel Valle Melón eta Angélica Torices. Argazkia: UR

Dron batek eskaintzen duen ikuspegiaren bidez aztarnategi paleontologiko batean barna ibilaldi birtual bat egin, haren geolokalizazioa zein den jakin, aipamen bibliografikoak ikusi, zein lege babes duen jakin, plano eta argazkiak ikusi, dinosauroen aztarnen ikatzezko ziriz egindako lehen zirriborroak deskargatu, edo 3Dn egindakoak... Orain, hori guztia egin daiteke aztarnategi paleontologikoen katalogo digitalak egiteko prestatutako protokoloari esker.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ondarearen Dokumentazio Geometrikoaren Laborategiko ikertzaileak eta Errioxako Unibertsitateko Paleontologiako Katedrako ikertzaileak Errioxako Aztarnategi Paleontologikoen Katalogo Digitala sortzen ari dira. Eremu paleontologiko bateko aztarnategien lehen online inbentarioa izango da, hain zuzen ere.

Horretarako, protokolo bat prestatu dute –‘Palaeontologia Electronica’ aldizkarian eman dute argitara– eta horri esker aztarnategi paleontologikoei buruzko informazio guztia eskura daiteke Interneten (informazio hautatuta, antolatua eta digitalizatua).

Lan guztia urte eta erdi barru burututa izatea espero dute; nolanahi ere, Enciso udalerrian (Errioxa) dagoen Valdecevillo aztarnategiari buruzko materiala irauli dute jada Errioxako Gobernuaren IDERioja web plataforman. Informazio hori hala komunitate zientifikoarentzat nola publiko orokorrarentzat dago eskuragarri.

Ekimen honen buruak hauek dira: Angélica Torices, Paleontologiako Katedrako zuzendaria, eta UPV/EHUko ikertzaile Álvaro Rodríguez Miranda eta José M. Valle Melón (artikulu zientifikoaren egile nagusia). Ekimenak Errioxako Gobernuaren babesa du.

Ondarea zaintzeko eta ezagutarazteko proiektu aitzindaria da honako hau nazioartean, aurrenekoz formatu digitalean jasota egongo baita eremu paleontologiko bateko aztarnategiei buruz eskuragarri dagoen informazio guztia. Katalogo horretarako Internet bidezko sarbidea askea izatean, xede zientifikoekin eta dibulgatiboekin erabili ahal izango da bertako edukia.

“Gaur egun –dio Toricesek–, barreiatuta dago aztarnategiei buruzko informazioa; kasu askotan, ikertzaileen artxibo pertsonaletan dago, formatu analogikoetan (papera, diapositibak, ikatzezko kopiak, eta abar), digitalki dibulgazio estandarretara egokitu gabe; informazio hori guztia galtzeko arriskuan dago, gainera”.

Katalogoak bildu egingo ditu datu horiek, teknologia berrien bidez eskuratutako beste materialekin osatu, eta dagokien testuinguru espazialean kokatu. Horrela, eskualdeko aztarnategi paleontologikoei buruzko informazio andana jarriko dute, kalitatezkoa eta testuinguruan kokatua, interesa duten guztien esku (ikertzaile, Administrazio eta herritar).

‘Palaeontologia Electronica’ (‘The use of new web technologies for the analysis, preservation, and outreach of paleontological information and its application to La Rioja (Spain) paleontological heritage’), aldizkarian argitaratutako artikuluan, José M. Vallek eta bere kolaboratzaileek protokolo bat proposatu dute horrelako katalogoak egiteko, edozer aztarnategiri buruz dagoen informazioa modu estandarizatuan gorde, eguneratu eta partekatu ahal izateko (softwarearen eguneratzeak, bertsio berriak eta bestelako hobekuntza informatikoak gorabehera).

Artikuluak, gainera, protokoloak Valdecevilloko aztarnategiaren (Enciso, Errioxa) kasu zehatzean izan duen aplikazioa jarri du adibide gisa; zehazki, azken 30 urteetan aztarnategi horri buruz sortu den informazio guztia berrikusi eta sailkatu dute (argazkiak, diapositibak, planoak, marrazkiak, artikuluak, zirriborroak eta abar), hautaketa egin eta digitalizatu.

Material horiek teknologia berriei esker lortutako datu gehiagorekin osatu dira, hainbat eginkizun hartu dituen ‘eskaneo prozesu’ baten ostean: aztarnategia garbitu, geolokalizatu (erreferentziazko topografia ezarriz), argazkiak atera (kamera digitalen bidez, dronen bidez eta zehaztasun milimetrikoa ematen duten argi egituratuko eskanerren bidez), laborategian fotogrametria egin eta hiru dimentsioko ereduak egin. Informazio hori guztia IDERioja plataformara igo dute eta sarbide askea du Internet bidez.