euskaraespañol

Juan Manuel Machimbarrena

Eskola-jazarpena goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleekin grinatzen da

Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia Saileko eta Ikerkuntza Metodologiako irakasle atxikia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/08/19

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Berdinen arteko indarkeria ikastegietan kezka handien sortzen duen arazoetako bat da, nagusiki arazo horren prebalentziagatik, larritasunagatik eta osasunaren arloko aldagaiekin eta doikuntza psikosozialarekin duen loturagatik.

Hainbat azterlanetan agerian gelditu dira gazteak indarkeria mota horren aurrean egotearen ondorioz sortutako osasun fisikoari lotutako arazoak, emozio eta portaera zailtasunak, gizarte garapen problematikoa eta errendimendu akademiko txikia.

Eskola-jazarpena indarkeria mota bat da, non min egiteko helburuarekin pertsona batek edo gehiagok behin baino gehiagotan berdina den pertsona bat (edo batzuk) erasotzen duten, eta alderdien artean botere desoreka dagoen.

Eskola mailako “pandemia”

Eskola-jazarpena (eta bereziki berdinen arteko indarkeria) izaera pandemikoko fenomenoa da; hau da, hainbat herrialde eta kontinenteetan gertatzen den problematika da, mugak eta aurreikusten diren kasu kopurua gainditzen dira, eta denboran luzez irauten du.

Zorigaiztoko baieztapen hori egiaztatzeko, hona hemen 2018an UNESCOk egindako gai horri buruzko txostena. Bertan 11 eta 17 urte bitarteko ikasleei 40 herrialde baino gehiagotan egindako nazioarteko inkestetan jasotako datuak biltzen dira. Emaitzen arabera, inkesta egin aurreko hilabetean gutxi gorabehera hiru ikasletik batek ikaskideengandik jazarpena jaso izan du egun batean edo gehiagotan.

Espainiaren kasuan, 2021ean UNICEFek egindako txostenean, eskola-jazarpenari buruzko biktimizazio-datuak % 22,5 eta % 33,6 artean daude, ebaketa puntuen arabera. Hortaz,10 ikasletik 2 edo 3 biktima dira.

Goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleak

Ia hogei urtez aztertu da eskola-jazarpenaren eta goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleen arteko lotura, eta emaitza desberdinak aurkitu dira: batzuetan kolektibo horrek jazarpen handiagoa jasotzen duela aurkitu da, beste batzuetan ez da alderik hauteman, eta, beste gutxi batzuetan, berriz, goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleek goi-mailako gaitasunik ez duten ikasleek baino jazarpen gutxiago jasotzen dutela hauteman da.

Espainiako aurretiazko datuek iradokitzen dutenez, ikasle talde heterogeneo horri lotutako arazoa adierazgarria da, eta, emaitzen arabera, ikasle horiek indarkeriaren biktima ziren sarriago.

Biktimizatuagoak

Gaur egun gure ikerketa eskola-jazarpenari eta goi-mailako gaitasunei buruzko ikerketa zabalena da Espainia mailan. Zazpi autonomia-erkidegotako 14 zentrotako (Asturiasko Printzerria, Madrilgo Erkidegoa, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa, Aragoiko Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa) goi-mailako gaitasunak diagnostikatuta dituzten 449 nerabek parte hartu dute, eta goi-mailako gaitasunik gabeko 950 ikaslek.

Emaitzen arabera, goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleek biktima izateko prebalentzia handiagoa dute: % 50,6k biktimizazioari lotutako arazoak ditu; goi-mailako gaitasunik gabeko ikasleen artean, berriz, kopuru hori % 27,6 da.

Bestalde, erasotzaile puruen (hau da, erasotzaileak besterik ez diren) kopuruak ez du alde estatistikoki esanguratsurik erakusten bi laginetan (% 1,1 goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleen kasuan, eta, % 2,4, berriz, goi-mailako gabeko ikasleen kasuan).

Ondorioak eta kausak

Indarkeriak eraginak du hura jasotzen duen pertsona ororengan, baina baita indarkeria gauzatzen eta ikusten duten pertsonengan. Hortaz, indarkeria zirkuitu bati lotuta dagoen edonorengan eragina izan dezake, eta ikerketako datuek baieztapen hori berresten dute.

Biktima edo biktima-erasotzailea izatea estres, antsietate eta depresio maila altuekin lotuta dago, baita ikasle guztien osasunarekin lotutako bizi-kalitate txikiagoarekin ere. Hala ere, goi-mailako gaitasunak dituzten biktimek estres kopuru handiagoa erakutsi zuten goi-mailako gaitasunak ez dituzten biktimekin alderatuta.

Gure inguruko testuinguru sozialean, edozein desberdintasunek eragin dezake ingurunea imitatu ezin duten pertsonak isekak, burlak, hitzezko erasoak edo eraso fisikoak jasotzea, besteak beste.

Goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleen biktimizazio handiagoa talde minoritario izateagatik gertatu daiteke; izan ere, gehiengoa versus gutxiengoa bereizgarriaren bitartez azaldu daiteke nolabait jazarpena jasotzeko joera hori.

Desberdinak

Desberdintasun hori edozein zentzutan eman daiteke (positiboa izan ala ez) eta biktimizaziorako arrisku-faktorea bihurtu daiteke. Desberdintasunak askotarikoak izan daitezke: fisikoak, hala nola baxua, altua, lodia edo argala izatea; hitz egiteko arazoak izatea (disfemia); ortodontzia, betaurrekoak edo kokleako inplanteak izatea; talde etniko minoritario baten parte izatea, gehiengoarena ez den erlijioa jarraitzea edo normatiboa ez den sexu-orientazioa izatea.

Aipatutakoaz gain, nortasun sozialaren teoriaren arabera, taldearen barruko prozesuek eragiten dute gizabanakoek taldearen mesedetan jardutea (endotaldea) eta beste batzuk diskriminatzea (exotaldea).

Taldearen kontrastearen efektuak erabakigarriak dira bere nortasun arauak eta seinaleak garatzeko, eta kideak bereizten dituen ezaugarririk nabarmenenean oinarritzen dira (taldearen barruko gutxieneko paradigma). Horrek larderia justifikatzen du kide bat endotaldearen parte ez delako, eta erasoa sustatu dezake.

Exotaldetik urruntzeko efektu hori 4 eta 5 urteko umeengan ere aurkitu da. Horri esker hobeto ulertu dezakegu talde minoritarioek biktimizazio handiagoa jasaten dutela gehiengoaren taldearekin alderatuta.

Desberdina denarekiko errespetua

Gutxienez bi erronka daude egiteke:

  1. Ikastegiak ikasle guztientzako ingurune segurua izatea.
  2. Eskolaren testuinguruan desberdina dena barne hartzea eta errespetatzea.

Orokorrean, gizartean, familian eta bestelako sozializazio eremuetan “desberdina” dena negatibotzat hartzen da oraindik ere. Hori da oinarrizko lehen hausnarketa: desberdintasunak eta aniztasuna onartzea egiteke dagoen lana da.

Etorkizunerako gakoak

Goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleak askotarikoak dira; hortaz, hori ez onartzeak zaurgarriago bihurtzen ditu. Gainera, haien inguruan dugun pertzepzioa okerra bada edo estereotipoz beteta badago, arazoa larriagoa da. Hori ekiditeko, gutxienenez, honako hau egin behar dugu:

  1. Ondo ulertzea zer den goi-mailako gaitasunak izatea.
  2. Talde hori behar bezala identifikatzea.
  3. Goi-mailako gaitasunen inguruan dauden mitoak ezabatzea; izan ere, arazoa sortzen dute eskola-populazioaren eta familien inguruan.
  4. Goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleen hezkuntza-arretari behar bezala heltzea, eta, bereziki, irakasleak aditzera ez ematea goi-mailako gaitasunak dituen ikaslea desberdina dela.