euskaraespañol

Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/29

Ainara Castellanos Rubio eta Maialen Sebastián de la Cruz
Ainara Castellanos Rubio eta Maialen Sebastián de la Cruz

Biodonostia, Tomellosoko Ospitale Orokorra, Ikerbasque eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek esofagitis eosinofilikoaren diagnostikoa erraztuko duen metodo ez-inbaditzailea garatu dute. Lana Gastroenterologia arloko hamar argitalpen zientifiko onenen artean dagoen ‘Clinical Gastroenterology and Hepatology’ aldizkari ospetsuan argitaratu dute.

Esofagitis eosinofilikoa esofago edo hestegorriaren hantura kronikoa ezaugarri duen gaixotasuna da. Hantura hau eosinofiloak deritzen globulu zuriak mukosan sartu eta irensteko zailtasunak eragiten dituztenean gertazten da. Gaixotasun arraroa izan arren, gero eta prebalentzia handiagoa du. Orain arte, gaixotasun honen diagnostikoa hestegorriko hainbat puntutan hartutako biopsiak aztertuz egiten zen. Proba hau inbaditzailea eta oso molestagarria da pazienteentzat. Horren harira, test ez-inbaditzaileen garapena benetako erronka bihurtu da.

UPV/EHU, Biodonostia eta Tomelloso Ospitale Orokorra (Ciudad Real) partaide dituen ikerketa batek honako hipotesi hau izan du abiapuntu: ahoko mukosa hestegorritik gertu dagoenez gero, baliteke bertan biomarkatzaile erabilgarriak aurkitzeko aukera egotea, laginak ahotik lortzeak dakarren erraztasun eta abantailarekin.

Biomarkatzaile horiek aurkitzeko, esofagitis eosonofilikoarekin zerikusia dute 68 gene hautatu eta hauen jarduera aztertu da esofagitis aktiboa duten pazienteengan, sendatzeko bidean daudenengan eta osasun-kontrol egokiak dituztenengan, Tomellosoko Ospitale Orokorraren eta Donostia Unibertsitate Ospitalaren eskutik. 68 gene horietatik 29 ahoko laginetan detekta zitezkeen, eta hauetatik, zortzi gene biomarkatzailetzat erabiltzeko modukoak izan zitezkeen. Hartara, gene horiek beste paziente batzuengan aztertu ziren, eta horietako hiruk jarduera-desberdintasunak erakutsi zituzten pazienteen eta osasun-kontrol egokiak zituztenen artean. Hiru gene horiek datu klinikoekin konbinatuta erabiliz gero (sexua edo atopien presentzia, kasu), predikzio-gaitasuna % 95ekoa da.

Ikerlan honen egileen iritziz, emaitza itxaropentsu horiek oinarritzat erabil daitezke esofagitis eosonofilikoaren diagnostikoa errazteko, test inbaditzaileen kopurua murriztuz. Etorkizunean, beste lan batzuk egin beharko dira lortutako emaitzak baliozkotzeko, eta test honen erabilerak esofagitis eosonofilikoa eta hestegorriko beste gaixotasun batzuk bereizteko aukera emango duen aztertzeko.

Erreferentzia bibliografikoa