euskaraespañol

Iker Barbero

Etorkin irregularrak itzultzeko agindua: esanahi sozial ugariko zigorra

Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko irakasle agregatua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/05

Irudia
Argazkia: Nicola Fioravanti

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Ordu batzuk baino ez ziren igaro Mamadou Irunera iritsi zenetik, Espainia eta Frantzia arteko muga gurutzatu aurretiko azken hirira. Hiru hilabete pasatu zituen Kanarietan, harrera zentro batean. Aurretik, bost egunez nabigatu zuen Atlantikoan, noraezean.

Bizkar zorro txikian arropa apur bat eta plastikozko karpeta bat baino ez zeramatzan, haren paperekin. Dokumentu guztien artean, ‘Itzultze akordioa’ izeneko bat zuen gordeta. Izan ere, entzuna zuen Frantziarako bidean eskatuko ziotela.

‘Topo’-tik jaistean (Euskotrenen eskualdeko trenaren izen herrikoia; azken geltokia frantziar lurraldean du), PAFeko (Police aux Frontieres) agente pare bat zeuden irteera arretaz zaintzen. Deigarria iruditu zitzaion bera bezalako mutilak bakarrik gelditzen zituztela (afrikarrak, eta arabiarrak ere bai). Bertakoak edo turistak ziruditenak kalterik gabe pasatu ziren kontrol postutik.

Bere txanda iritsi zenean, kontroletan erakusteko esan zioten paper hura bilatu zuen berehala. Frantziar poliziak ez zuen segundo bakar bat ere hartu papera irakurtzeko. Zuzenean hatzen artean zimurtu zuen, eta zakarki jaurti zion Mamadouri. Arima zanpatu ziotela sentitu zuen hark. “Ezin zara Frantzian sartu. Itzuli etorritako bidetik”. Beste mutil afrikar batzuk bezala, “beroan” ukatu zioten sarrera Mamadouri (inolako prozedura administratiborik gabe) eta Irunera itzuli zuten.

Leihotik begira zegoen trenak berriz ere Bidasoa zeharkatzen zuen bitartean. Ibai horrek Espainiaren eta Frantziaren muga markatu du 1659az geroztik. Bere buruari galdetzen zion zergatik irten ote zen gaizki. Arazorik gabe bidaiatzeko hilabete bat zuela zioen dokumentua erakutsi zuen. Gurutze Gorriak Irunen kudeatzen zuen iragaitzazko migratzaileentzako aterpetxera iritsi zenean, itzultze akordioa ote zuen galdetu zioten berriz. Berriz ere paper famatu hori! Oraingoan bai, lagundu zion. “Iragaitzazko migratzailetzat” hartu zuten eta atseden hartzera sartu ahal izan zen. Hurrengo egunean berriro saiatu zen muga zeharkatzen.

Aginduaren izaera magikoa

Mamadou bezala, Andaluziako, Kanarietako eta Balearretako kostaldeetara iritsi ondoren, milaka migratzaile eta asilo eskatzaile Frantziara, Alemaniara edo Erresuma Batura abiatzen dira, ia ezer gabe eta itzultze aginduaren paper ospetsuarekin. Paper hura haien “fetitxea” da, Liliana Suarezen hitzetan. Baina, zer dokumentu mota da egiaz itzultze agindu hori? Zer izaera sozio-juridiko du? Eta, batez ere, izaera ia magikoa al du, nortasun dokumentu mota bat edo ibiltzeko baimen bat bilakatzeraino mutatzeko gaitasuna ematen diona?

UPV/EHUn egin dudan azterlanaren ondorioetako bat da baietz, praktikan balio duela pertsona bat “iragaitzazko migratzaile” gisa definitzeko eta baliabide sozial batzuk eskuratzeko.

David Moya Bartzelonako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko irakasleak sakon aztertu zuen moduan, paperaren izenak berak adierazten du dokumentu administratibo-poliziala dela. Horrek esan nahi du pertsona hori itzuli egingo dutela, muga gurutzatzeko baimendu gabeko leku batetik modu irregularrean sartzen saiatzen ari zela atxilotu ondoren (gehienak itsasoan erreskatatzen dituzte). Hortaz, migratzaileen kontrol zigortzailerako eskuragarri dauden tresnetako bat da.

Dena den, dokumentu mota hauek, praktikan, ez dira poliziak modu irregularrean sartu diren migratzaileei emandako frogagiriak bakarrik. Unearen arabera, beste esanahi, konnotazio eta erabilera alternatibo batzuk hartzen dituzte. Eta hori da interesgarriena.

Antropologia juridikoak ondorioztatu duenez (Gastón Gordillo, Susan Helen Ellison...), dokumentu legal batzuk (adibidez, administrazio egintzak, erroldak edo nortasun zedulak) benetako botere teknologiak dira, gaitasuna baitute kolektibo jakin batzuk kategorizatzeko, bistaratzeko edo monitorizatzeko (presoak, indigenen komunitateak, gutxiengo etnikoak...).

Polizia organoek idazten dituzte arau haustea eratzen duten egintzak itzultze aginduan. Eta, aldi berean, mugen legez kanpoko gurutzaketa interpretatzen dute: itsas zabaleko erreskatea arrantza ontzi baten edo itsas salbamenduko ontzi baten eskutik, ontzian bidaiatzen zuen pertsona kopurua (gizonak, emakumeak eta haurrak), gorabeherak (gaixoak, emakume haurdunak edo heriotzak) eta gaurkotasuneko gaiak, hala nola covidaren aurkako protokoloa.

Helegitea aurkezteko eskubidea

Gainera, urratutako lege aginduak (Espainiako Atzerritarren Legearen 58. artikulua) eta deportatzeko derrigortasuna ere jasotzen ditu dokumentu horrek. Hurrengo 30 egunen barruan helegitea aurkezteko eskubidea ere aipatzen du (Mamadouk bidaiatzeko baimena zela pentsatu zuen; ikusiko dugu zergatik).

Itzultze akordioak, tradizioz, itsaso edo lur bidezko (Ceuta eta Melilla) etorrera irregularrekin egon dira lotuta. Nagusiki, hasierako atxiloketan zehar (gehienez 72 ordu) hasten da prozedura, Atzerritarrei Arreta Emateko Aldi Baterako Zentroetan (CATE). Mediterraneoko (Andaluzia eta Balearrak) eta Ozeano Atlantikoko (Kanariar Uharteak) espainiar probintzietan daude horiek.

Dena den, kontuan hartu behar da 2015 eta 2020 artean kasuen % 21 inguruan egikaritu zela prozedura, batez beste, Herriaren Defendatzailearen Prebentzio Mekanismoak emandako zifrak aztertuta. Beste hitz batzuekin esanda, prozedura “eragingabea” da jatorrizko esanahiari dagokionez, hau da, deportazioari dagokionez. Hala, milaka pertsonari “orban administratiboa” geratzen zaie, erregularizatu arteko periplo burokratikoan eta bizitzan zehar gainean izango dutena, Damoklesen ezpataren gisa (baldin eta erregularizatzea lortzen badute).

Hain zuzen ere, itzultze aginduaren izaera identifikatzaileak ematen digu atentzioa. Datu pertsonalak agertzeaz gain (izen-abizenak, jaioterria eta jaiotze eguna, gurasoen izena), dokumentuak atzerritarren identifikazio zenbaki bat edo AIZ bat esleitzen du. Zenbaki horrekin, administrazioaren aurrean egiten duen atzerritarren legearen baitako edozein izapidetan identifikatu ahal izango da aurrerantzean pertsona atzerritarra. Hortaz, zigortzeko helburu inplizitua duen dokumentu bat nortasun legal bat sortzen ari da.

Hala, erabilgarria da Barne Arazoetako Ministerioaren mendekoak ez diren beste harrera zentro batzuetan nortasuna zehaztea, hala nola, Gizarteratzearen, Gizarte Gaien edo Migrazioen ministerioen mendeko zentroetan eta GKE-ek kudeatzen dituztenetan. Adibidez, CAED zentroetan (Larrialdi egoeretarako eta Deribaziorako Harrera Zentroak), Ceutako eta Melillako CETIetan (Etorkinen Aldi Baterako Egonaldirako Zentroak) edota Estatu osoan zehar dauden iragaitzazko migratzaileentzako zentroetan.

Europa erdialdeko eta iparraldeko herrialdeetarako bidean, poliziak migratzaile asko geldiarazten ditu profil etnikoetan oinarritutako nortasun kontroletan. Dokumentazioa eskatzean, duten bakarra erakusten dute: itzultze agindua. Gehienak “kanporaezinak” direnez, segituan askatzen dituzte. Egoera horretan oinarrituta, ibiltzeko baimenaren izaera ere egozten zaio dokumentu horri. Ikuspuntu juridiko formalista batetik, 30 egun horiek helegitea aurkezteko epea baino ez dute zehazten. Dena den, kanporatzea gauzatu ezin dutenez, migratzaileez gain, funtzionarioek, gizarte langileek eta boluntarioek ere ibiltzeko aginduaren izaera egozten diote dokumentuak markatzen dituen hogeita hamar egun horien barruan.

Azkenik, hasiera batean zigortzailea den dokumentu horren izaera erregulatzailea ere nabarmendu nahi nuke. Espainian modu irregularrean bizi ondoren, baimena lortzeko prozeduretako bat “errotzea” izenekoa da. Prozedura hori martxan jartzeko, ezinbestekoa da hiru urtez jarraian Espainian bizi izana. Orokorrean, udaleko errolda agiriarekin frogatu ohi da. Dena den, ba al dago dokumentu ofizialagorik, poliziak berak igortzen duen eta pertsona hori Espainian data jakin batean sartu zela ziurtatzen duen hori baino?

Poliziaren dokumentu burokratikoaren ondorioak

Funtsean, hasieran aipatu dudan azterlan horretan sakon aztertu dut egoera sozio-juridiko hori, eta oso ondorio esanguratsuak atera ditut: poliziaren dokumentu burokratikoak ez dira objektu bizigabeak; mutatu egiten dira, eta hainbat ondorio eragiten dituzte denboran zehar. Are, haien jatorrizko esanahia erabat aldatzen da, eta identifikazio dokumentuak bilakatzen dira, migratzaileak iragaitzazko migratzailetzat kategorizatzen dituztenak, eta egoera legal eta seguru baterako bidea ireki dezaketenak.

Nolanahi ere, amaitzeko, aldarrikatu nahi dut beharrezkoa dela “iragaitzazko migratzaile” gisa identifikatzeko nolabaiteko identifikazio dokumentu bat sortzea, izaera polizial zigortzailerik ez duena. Europako Itzulera Zuzentarauaren beraren agindua da. Zuzentarauak modu esplizituan aipatzen du egoera irregularrean dauden eta kanporatu ezin diren hirugarren herrialdeetako nazionalen egoerari heldu behar zaiola, hala nahi badute Europan eskubideekin mugitu eta bizi daitezen, poliziaren jazarpena jasateko beldurrik gabe.