euskaraespañol

EUEBren adierazpena, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/06

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia
Argazkia: Freepik-eko irudia

Aldarrikapen eguna da martxoaren 8a. Emakumeek eskubide berdintasuna, justizia eta genero berdintasuna lortzeko egiten duten borroka gogoratzeko eguna. Dagoeneko egun enblematikoa bihurtu da. Gainera, gizartea sentsibilizatzeko eta mundu berdinzaleago baten alde egiteko balio du.

NBEk honako leloa aukeratu du 2024rako: «Emakumeen eskubideak finantzatzea: berdintasuna azkartzea». Hala, genero berdintasunean aurrerapausoak emateko politiketan inbertitzera animatzen gaitu, giza eskubideak bermatzeko eta mundu osoari on egingo dioten gizarte inklusiboagoak sortzeko oinarri gisa. Emakumeek gure gizartearen garapenari eskaintzeko asko dutela nabarmentzen du leloak, eta apustu horrek alderdi ekonomiko bat ere baduela. Izan ere, emakumeen parte hartzea baztertzeak edo murrizteak gizartea eta kultura pobretzen ditu, bai, baina ekonomia ere bai. Gizarteko dinamika mota guztietan emakumeen parte hartzea handitzea betebehar etikoa da, baina, horrez gain, baliabide ekonomikoa ere bada: biztanleriaren erdiaren talentua eta ahalegina ahazten dituen gizarteak asko galtzen du.

Martxoaren 8a egun garrantzitsua da egutegian, aukera ona baita kontzientziak pizteko: berdintasuna lehentasunezko helburua da gizarte libre bat lortzeko, inork ez dezan pribilegio bidegaberik izan eta diskriminazio bidegabeek inor kaltetu ez dezaten. Hezkuntza funtsezkoa da hasierako etapetatik hasita. Hala, familiek eta ikastetxeek indarrak batu behar dituzte zeregin horretan.

Ildo horretatik, unibertsitatearen erantzukizuna funtsezkoa da, goi mailako hezkuntzaren instantzia gorena den aldetik. Unibertsitateak hezkuntza sistema osoaren ahaleginen buruan egon behar du, diziplina anitzeko ikuspegi batetik. Hala, jakintza arlo eta espezialitate guztiek egin behar dituzte ekarpenak. Helburu horrekin, eraldaketa eta aldaketa agertoki berri hori modu egokian finantzatzeko aukerak bilatu behar ditu unibertsitateak, eta botere publikoen konpromisoa erraztu.

Hortaz, benetako berdintasunaren aldeko konpromisoa berresten dugu gaur. Emakumeen aurkako indarkeria mota oro deuseztatzeko borroka egiten dugu eta, unibertsitate gisa, gure irakaskuntza eta ikerkuntza jarduera osoa printzipio horietan oinarrituko dela hitzematen dugu. Mundu justuagoa eta ekitatiboagoa lortzeko bide bakarra da.