null

Europako Batzordeak 10 milioi eurorekin finantzatuko du EuCanImage partzuergoa, minbiziaren kontra borrokatzeko

Plataforma horrek UPV/EHUren partaidetza du, eta haren helburua tumoreen irudiak trukatzea da, diagnostikoa hobetzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/09

Pilar Nicolás UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasle eta ikertzailea partzuergoaren parte da. Argazkia: UPV/EHU.

Europako Batzordeak 10 milioi eurorekin finantzatuko du EuCanImage partzuergoa, minbiziaren kontra borrokatzeko. UPV/EHUk plataforma horretan parte hartzen du, eta haren helburua da tumoreen irudiak trukatzea, adimen artifizialeko erremintak garatuta diagnostikoa hobetzeko. Finean, teknologia berriak aplikatuko dira onkologiaren esparruan (Big Data eta adimen artifiziala).

UPV/EHUk Zuzenbidea eta Giza Genoma Katedra ikertaldearen ekarpenarekin esku hartuko du. «Plataformaren inplikazio etikoekin eta legezkoekin arduratuko gara, kontuan izanik pazienteen datuak partekatuko direla; hala, diagnostiko metodo berrien inguruan ikertuko da, osasun-asistentzian ezartzeko», adierazi du Pilar Nicolás UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasle eta ikertzaileak.

EuCanImage plataforman, UPV/EHUk ez ezik beste hainbat erakundek ere esku hartzen dute, hala nola Bartzelonako Unibertsitateak, Minbizia Ikertzeko Europako Elkarteak, Maastrichteko Unibertsitateak edo Arkansaseko Unibertsitateko Minbizi Irudien Artxibategiak. Hori horrela, 25.000 pertsonaren baino gehiagoren datuak eskuratuko ditu plataformak, eta, hari esker, orain arte inoiz ez bezala ikertu ahal izango dira premia klinikoak; esaterako, gibeleko lesio txikiak eta kolon eta ondesteko minbiziaren metastasia detektatzeko, edo bularreko minbiziaren azpitipo molekularrak zenbatesteko.

«Ekimen oso ahaltsu batean parte hartzeko aukera eskaintzen digu, eta praktikan aztertu dezakegu nola aplikatu pazienteentzat horren onuragarriak izan litezkeen erreminta teknologikoak, betiere pazienteen eskubideak errespetatzen dituzten baldintzetan», azaldu du Pilar Nicolásek.