euskaraespañol

Europarlamentarioak Unibertsitatean

Europako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitza nagusietako ordezkariek UPV/EHUn antolatutako eztabaida batean parte hartu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/15

Irudia

Europako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitza nagusietako ordezkariek UPV/EHUn antolatutako eztabaida batean parte hartu zuten atzo, asteazkena. “Europa eta gazteria” izan zen mintzagai nagusia, eta Izaskun Bilbao Barandikak (EAJ/PNV), Zoe Nublak (PP), Eider Gardiazabalek (PSE-EE), Pernando Barrenak (EH-Bildu) eta Iñigo Martínezek (Unidas Podemos) egungo gazteei eragiten dieten zenbait aspekturi buruz eztabaidatu zuten, baita Europako politiketatik aspektu horiei heltzeko moduari buruz ere.

Ia bi orduz hitz egin zuten Europako hauteskundeekiko hain interes gutxi duen kolektibo honi buruz, eta, besteak beste, Bruselatik egiten diren ekonomia eta gizarte politikek gazteengan duten eragina, Euskadiren eta Europaren arteko harremana eta beren alderdietako ordezkariak kezkatzen dituzten etorkizuneko erronkak (populismoak, migrazioak, segurtasuna eta abar) izan ziren jorratutako gaietako batzuk.

Eztabaida ordenatua izan zen, eta ez zen parte-hartzaileen arteko liskar nabarmenik egon, nahiz eta agerian utzi zuten alde handia dagoela batzuen eta besteen iritzien artean, besteak beste, honako gaietan: Europak krisialdi ekonomikoei aurre egiteko hartu beharreko neurriak, migrazioak, armen fabrikazioa eta salmenta, edo autonomia erkidegoetako gobernuek Europako instituzioetan izan behar duten parte hartze maila.

Hala, Izaskun Bilbaok “eskualde mailako erakundeek Europako instituzioetan benetako parte hartzea izan behar dutelako” ideia aldarrikatu zuen eta Eider Gardiazabal ideia horren alde agertu zen “betiere instituzioen funtzionamendua gehiago konplikatzen ez badu, berez oso konplikatua baita”.

 

Brexita eta Erasmusa adibide

Ostera, mahaiak aho batez ohartarazi zuen Europak eurofobiaren hazkundearen eraginez bizi dituen arriskuei buruz. “Brexit”a adibidetzat hartuta, ordezkatutako alderdi ezberdinek bereziki azpimarratu nahi izan zuten alderdi euroeszeptikoen xede sakabanatzailea, baita Europako instituzioen barrualdetik jarduteko asmoa dutela ere.

Zentzu horretan, Izaskun Bilbao ordezkari jeltzaleak ohartarazi zuen “Brexit”ak Erasmus proiektuan ere izango dituela ondorioak; izan ere, bere ustez, “aldaketa handiak pairatuko ditu akordio berri bat erdietsi arte”.

Aipatzeko moduko beste kontzientzia puntu bat Istanbulgo emakumeen kontrako indarkeriari buruzko hitzarmena eta oraindik ere Europar Batasuneko gobernu guztiek sinatu ez izanagatiko frustrazioa izan zen. Honakoa uste du Iñigo Martínezek (Unidas Podemos): “Europako instituzioek hitzarmen hori sinatzea errefusatzen duten herrialdeak zigortzeko boterea izan beharko luke, beste gai batzuetan beste herrialde batzuekin egin den bezalaxe”.

Halaber, ordezkari politikoak Europako ganberan egindako lana aldarrikatzen saiatu ziren; hala, Europako instituzioek EBko gazteriaren arloko politikak berrikusteko kargu espezifiko bat eratzea lortu duen ordezkarietako bat izan dela aldarrikatu zuen Eider Gardiazabalek, eta mahaiko zenbait hizlarik goraipatu zuten ordezkari sozialistak egindako lana. Zoe Nublak (PP), aldiz, bere kide Arias Cañete plastikoen murrizketaren eta EBren deskarbonizazioaren buruzagitzan egon den komisarioa dela gogorarazi zuen.

Horrez gain, krisialditik ateratzeko modua ere eztabaidagai izan zen. Gauzak horrela, batzuek analisi etsikorragoak egin zituzten esanez aplikatutako neurriak ondorio lazgarriak izan zituzten beharrezko politikak izan zirela, eta beste batzuek, aldiz, adibidez, Pernando Barrenak (EH Bildu) kritikatu egin zuten “krisialdiaren ondorioak eta krisialdi hori konpontzeko hartutako neurriak ez direla bat-batean etorri zitzaigun eguraldi fenomeno bat, baizik eta erlazionatuta egon zirela Europar Batasunean hartutako erabakiekin, zeinek gobernu zentralei austeritate politikak ezarri zizkieten eta ez beste batzuk”.

Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia Saileko irakasle José Luis de Castro aritu zen moderatzaile lanetan, eta txalotu egin zuen Global Shaper Community Bilbaoren egitasmoa. Munduko Ekonomia Foroaren nazioarteko sareko kide da, eta 20 eta 30 urte bitarteko gazteak biltzen ditu. Besteak beste, gizartean eragina izango duten proiektuak sortzea da sare horren xedea, eta gaur egun hainbat proiektu ari dira garatzen gazteek Europako hauteskundeetan parte har dezaten, besteak beste, UPV/EHUko Komunikazio Zientzien Fakultateko auditoriumean egin zen eztabaida hori.