euskaraespañol

Erlantz Lizundia, Estibaliz Saez de Camara Oleaga eta Ion Agirre Arisketa, eta Mireia Martín

Europar Batasunaren ekonomiaren % 11,5 bakarrik da zirkularra, nola handitu ehuneko hori?

Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak eta CIC Energiguneko ikertzailea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/27

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Erosotasuna eta ongizatea eskaintzen dizkiguten produktu eta zerbitzu askoz inguratuta bizi gara. Nolanahi ere, erosotasun eta ongizate horrekin batera, kezka nabarmen bat ageri da: baliabide naturalak azkar agortzen ari direla, eta horietako asko baliabide kritikoak direla. Gizarte modernoak, biztanleriaren eta kontsumoaren hazkunde zorabiagarrian nahasita, gure planetaren eta gure espeziearen egonkortasuna mehatxatzen duen dilema bati aurre egin behar dio.

2009an ezarritako planetaren bederatzi mugetatik sei gainditu ditugu (klima aldaketa, baso soiltzea, biodibertsitatearen galera, produktu kimiko sintetikoak, ur gezaren agortzea eta nitrogenoaren erabilera), eta berehala eta irmo jardutea eskatzen duen bidegurutzean gaude.

Ekonomia zirkularra aliatu izan dezakegu jasangarritasuneranzko trantsizio honetan, hondakinak ahalik eta gehien gutxitzeko eta baliabideen erabilera ahalik eta handiena izateko ikuspegia eskainiz eta produzitzeko, kontsumitzeko eta birziklatzeko etengabeko zikloa sustatuz.

Lehengai kritikoak

Gizarte modernoaren materialen gero eta kontsumo handiagoari erantzuteko, Europako Batzordeak lehengai kritikoak identifikatu eta sailkatu ditu, lehengaien garrantzi ekonomikoagatik eta hornidura eteteko arriskuagatik.

2011n 11 material identifikatzen hasi zirenetik, zerrenda 30 materialetara zabaldu zen 2020an, eta, kontsulta publiko bat egin ondoren, 2023an 34 materialekin eguneratu zen. Gaur-gaurkoz dagoen zerrendan metal estrategikotzat hartzen diren 17 material daude.

Material horiek funtsezkoak dira sektore giltzarrietarako, hala nola energia berriztagarria ekoizteko eta ondoren biltegiratzeko, mugikortasun elektrikorako, defentsarako eta sektore aeroespazialerako. Horregatik, lehengai erabakigarri horien kudeaketari eraginkortasunez heldu behar zaio, baita horiek ziurtatzeari ere, garapen estrategikoa lortzeko jasangarritasunetik.

Birziklatzearen erronka eta hondakinen itzala

Ekonomia zirkularreko praktikak egiten ahalegindu arren, Europar Batasunak erronka handiak ditu birziklatze prozesuei dagokienez.

Metal batzuk (hala nola burdina edo zinka) jatorrizko edukiaren % 50 baino gehiagora iritsi arte birziklatzen dira, hau da, Europar Batasuneko kontsumoaren % 25 baino gehiago. Egoerak, ordea, desberdintasun nabarmenak ditu beste material batzuetarako (besteak beste, titanioa, galioa edo niobioa); azken horiek funtsezkoak dira goi mailako teknologiako aplikazioetan edo energia berriztagarrietan, eta arlo horietan,  bigarren mailako ekoizpenak lekukotasun hutseko ekarpena egiten du.

Tasa de entrada de reciclado al final de la vida útil (%). Study on the Critical Raw Materials for the EU 2023

Birziklatze indize baxu horrek, materialei bizitza berria emateko aukerak galtzeaz gainera, CO₂ isuri baliokideak eta hondakinak (horien zati handiena arriskutsuak) areagotzen ere laguntzen du.

Ingurumen arazoa izateaz haratago, birziklagarritasun eskas horrek gastu gehigarriak eragiten dizkiete enpresei, eta, beraz, irabazi ekonomikoei eragin eta kutsadura areagotzen dute.

Lankidetza jasangarria

Nolanahi ere, ahalegin horiek gorabehera, 2022ko azken datuen arabera, Europar Batasunaren ekonomiaren % 11,5 bakarrik da zirkularra. Datu horrek erakusten du  Europako Itun Berdeak ezarritako trantsizioaren asmoaren eta ezarpenaren arteko arrakala nabarmena.

Gainera, hurrengo irudian ikus daitekeen moduan, Europar Batasuneko herrialdeen arteko desberdintasun nabariek errealitate espezifikoetara egokitutako ikuspegiak ezartzeko beharra azpimarratzen dute.

La tasa de uso de material circular de la UE en 2022 (%). Eurostat

Bidegurutze horretan, ekonomia zirkular bateranzko norabidea gure ingurunea zaintzeaz gain justizia soziala ere sustatuko duen etorkizunera eramango gaituen aukera gisa agertzen da.  Herrialdeen, enpresen eta, oro har, gizartearen arteko lankidetza gako bihurtzen da helburuak benetako ekintza bihurtzeko eta ekonomia jasangarriago eta zirkularrago baterantz aldatzeko.

Funtsezkoa da berrikuntza zirkularra sustatzea, sektore estrategikoetan hondakinak kudeatzeko konponbide eraginkorrak ikertzeko eta garatzeko pizgarrien bidez. Gainera, hezkuntza programak sustatzea giltzarria da gizartea ekonomia zirkularraren garrantziaz eta jardunbide jasangarriagoak egiteko beharraz kontzientziatzeko.

Azkenik, industria sektoreen, hezkuntza erakundeen eta gobernuen arteko lankidetza funtsezkoa da erronkei hainbat ikuspegitatik helduko dieten ekonomia zirkularreko estrategia integralak garatzeko.

Materialen balioa handitzea

Panorama desafiatzaile horren aurrean, materialen balioa handitzea aukeratzat agertzen da hondakinei beste erabilgarritasun bat emateko, prozesu fisiko, kimiko edo biologikoen bitartez.

Oso hedatuta dauden jardunbide onen artean daude honako hauek, besteak beste: baso hondakinak birrintzea, zurezko ezpalak lortzeko eta bioerregai gisa erabili ahal izateko; prozesu kimikoak baliatzea (hala nola errekuntza, pirolisia eta gasifikazioa); eta hondakin biologikoak aprobetxatzea alkoholak ekoizteko (esaterako, bioetanola eta biobutanola hartzidura bidez). Tratamendu horiek hainbat produktu sortzen dituzte (hala nola erregaiak, animalientzako elikagaiak, plastikoak eta konposatu kimikoak), eta hondakinen kudeaketarekin lotutako kostuak nabarmen murrizten dituzte.

Ondorioz, balioa handitzeak enpresei ekonomikoki mesede egiteaz gainera, hondakinak diru sarrera iturri bihurtzen dituelako, ‘industria sinbiosiari’ ere laguntzen dio, enpresak konektatzen baitira enpresa batzuen hondakinak edo azpiproduktuak beste enpresa batzuetan lehengai gisa erabiltzeko. Sinbiosi hori erabakigarria da ekonomia zirkularrerako, hazkunde berdea eta konponbide ekoberritzaileak sustatzen baititu eta ziklo materiala ixten baitu, eta horrek, aldi berean, ingurumen inpaktua murrizten baitu.

Estrategia zirkularrak ezartzeak berotegi efektuko isuriak % 39 ere murriztu ditzake; horrek azpimarratzen du klima aldaketaren erronkei eraginkortasunez heltzeko eta eredu ekonomiko jasangarriago baterantz aurrera egiteko jardunbide zirkularrak egitearen garrantzi estrategikoa.

Jasangarritasuneranzko bidea

Halaber, hondakinen kudeaketak planteatutako erronkei erantzuteko, Espainian hainbat estrategia ezarri dira estatu mailan, hala nola Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Plana. Egitasmo horretan, hainbat jarduketa neurri proposatzen dira, zenbait ardatz eta ildotan banatuta.

Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Lege berriaren helburu nagusia da ekonomia zirkularraren printzipioak ezartzea hondakinei buruzko oinarrizko legediaren bitartez. Horrez gain, klima aldaketaren aurkako borrokan eta itsas ingurunea babesten laguntzea du xede, Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzen laguntzeko.

Azken finean, legegintza ekimen horiek, hondakinen kudeaketan mugarri bat ezartzeaz gainera, etorkizunerako konpromiso irmo bat ere badira, hain zuzen ere, ekonomia zirkularra estrategia bat izateaz gain, errealitate errotua izango den eta ingurumen jasangarritasunari eta etorkizuneko belaunaldien ongizateari modu erabakigarrian lagunduko dion etorkizun baterantz.

The Conversation