euskaraespañol

Carmen de Vega

Europarren dieta ‘berdetzen’ ari da: elikagaigintzaren erronka berriak

Elikadura eta Bromatologiaren arloko irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/07

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Kontsumitzaileek gero eta aukera begetal gehiago sartzen dituzte euren erosketa saskian eta dietan, animalia jatorriko proteinak ordezteko. Eta komunikabideetan edo argitalpen zientifikoetan ohiko bihurtu dira honako termino hauek: begano, flexitariano, haragi-analogoak, kontsumo arduratsua edo ekoizpen jasangarria.

Joera hori eta Europako Itun Berdearen (The Green Deal) gidalerroak elikagaien enpresa askoren lana bideratzen ari dira.

Zer alternatiba daude?

Zifrak argiak dira: Europako herritarren % 50ek baino ez dituzte erregulartasunez jaten haragia eta esnekiak, eta % 30ek, berriz, flexitariano gisa identifikatzen dute beren burua (noizean behin edo aldizka kontsumitzen dituzte), eta ia % 15ek diote dieta begetariano zorrotza edo beganoa dutela.

Elikadura ‘berde’ batera pasatzeko arrazoi ohikoenak ingurumenarekiko eta animalien ongizatearekiko kezka eta osasuna dira.

Frutak, barazkiak, zerealak, lekaleak eta fruitu lehorrak dira, zalantzarik gabe, proteina begetalen iturri nagusiak. Baina gordinean manipulatzeaz eta kontsumitzeaz gain, industrian ere eralda daitezke, haragiaren, arrainaren, itsaskien edo esnekien ordezko elikagaiak lortzeko.

Supermerkatuetan eta saltokietan, normalean, landare izoztuak, barazki kontserbak, lekale ontziratuak, almibarretako frutak, zukuak eta nektarrak aurkitu izan ditugu. Horiei, duela urte batzuk, arrozarekin, oloarekin, arbendolarekin, sojarekin eta abarrekin egindako edari begetalak batu zitzaizkien. Azken aldian, berriz, erabat begetalak diren saltsez, pureez edo humusez gain, hanburgesen, haragi bolen, nuggeten eta abarren antzeko alternatibak sortzen ari dira –haragia imitatzen duten produktuak–.

Ordezko aukerak bilatzeko orduan, kontsumitzaileek garrantzi handia ematen diete zaporeari, testurari eta itxurari. Eta gehien gustatzen zaizkienen artean, haragi-, oilasko- edo txerriki-analogoak gailentzen dira.

Merkataritzari dagokionez, Espainian gehien saltzen direnak edari begetalak dira: fakturazioaren % 70 hartzen dute. Hala ere, Erresuma Batuan eta Alemanian, esaterako, haragiaren ordezko elikagaiak nabarmentzen dira: salmenten % 50 hartzen dute.

Birziklatze profesionalaren premia

Jasangarritasunari eusteak eta landare jatorriko elikagai berriak eskaintzeak bi erronka dakartza berekin: elaborazio industrialari dagozkionak eta horretan diharduten profesionalen gaitasunei dagozkienak. Hau da, beharrezkoa da prozesu, teknologia eta trebetasun profesional berriak garatzea, lan inguruneko digitalizazioa eta automatizazioa ahaztu gabe.

2020aren amaieran, abian jarri zen EQVEGAN Erasmus+ proiektua (Europar kualifikazioak eta gaitasunak landare-transformatuen industriarako). Europako Batzordeak finantzatzen du, eta langileen gaitasunak hobetzea du helburu.

Birziklapen profesional horri esker, elikagaigintza industria kontsumitzaileen premietara egokitu ahal izango da, eta, era berean, baliabideen eta lehengaien erabilera eraginkorra eta jasangarria bermatu.

EQVEGAN proiektuak lau ekintza nagusi ezartzen ditu:

  1. Langileen, prozesuen goi mailako teknikarien eta elikagaien teknologoen gaitasunak eta trebetasunak eguneratzea.
  2. Sektoreko lankidetza ematea landare transformatuen industriarako gaitasunen arloan, Europan lanean eta lanbide mugikortasunean oinarritutako ikaskuntza sustatuz.
  3. Zientifikoki eguneratutako prestakuntza berritzailea edukitzea, baita ziurtagiria lortzeko aukera ere.
  4. Food Skills plataforma digitala garatzea, ikasleentzat, elikagaien enpresentzat eta formazio instituzioentzat eskuragarria izango dena.

Adibide gisa, elikagaien teknologoentzat diseinatutako proiektuaren 1. ekintzan eskatuko diren gaitasunak eta ezagutzak identifikatu dira. Zerrenda konplexua da, baina horien artean daude ekonomia zirkularra, karbono aztarnaren kontrola, elikagaien hondakinen kudeaketa edo automatizazioa.

Antzemandako premia horien arabera, lanbide heziketara eta unibertsitatera bideratutako prestakuntza moduluak diseinatu dira. Horietako batzuk presentzialki emango dira, eta beste batzuk teleirakaskuntza bidez.

Proiektuak aurrera egin ahala, etengabeko prestakuntza jaso ahal izango da hainbat mailatan eta gaitan. Lehen aipatutako gaitasun teknikoei trebetasun pertsonalak eta profesionalak gehituko zaizkie, hala nola komunikazioa, talde lana edo lidergoa. Gainera, Europa mailako esperientzian oinarritutako praktika edo ikaskuntza aukerak biltzen dituen datu base bat argitaratuko da.

Sektoreko langileen prestakuntza hobetzearen ondorioz, eta EQVEGAN proiektuari esker, elikagaien ekoizpena eta kontsumoa jasangarriagoa eta arduratsuagoa izatea espero da.