euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatearekin batera, Diálogo Saria 2018

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/02

Diálogo espainiarren eta frantziarren arteko laguntasunerako elkarte bat da, eta haren xedea kooperazioa bultzatzea da kultura, ekonomia, gizarte, hezkuntza eta zientziaren arloetan. Diálogo sariak Frantziaren eta Espainiaren arteko harremanak areagotzeko eta estutzeko eginkizun garrantzitsua izan duten pertsonen, enpresen edo erakundeen ahalegina aitortu nahi du.

Epaimahaiko burua Benoît Pellistrandi jauna izan da, eta harekin batera, Isabelle d´Ornano andreak, Emilio Ferré jaunak, Jean-Pierre Jouyet jaunak eta Jean-René Fourtou jaunak osatu dute epaimahaia.

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAK ETA BORDELEKO UNIBERTSITATEAK JASO DUTE 2018ko DIÁLOGO SARIA

Sari honen bidez, Frantziaren eta Espainiaren arteko unibertsitate eta zientzia lankidetzaren eragile nagusietako biren lana aitortu nahi du Diálogo elkarteak.

2000ko urteetan hasitako unean uneko lankidetza batzuetatik abiatuta, Euskal Herriko eta Bordeleko unibertsitateen arteko euroeskualdeko dinamikak aldaketa erabakigarria izan zuen 2011. urtean, UPV/EHUren “Euskampus” proiektua eta Bordeleko “IdEx Bordeaux” proiektua martxan jartzearekin batera, Espainiako eta Frantziako nazioarteko bikaintasun programa nazionalen testuinguruan.

Testuinguru horretan, bi unibertsitateek, beren errektoreen zuzendaritzapean, euroeskualde komunitate bat eratzeko eta garatzeko helburua finkatu zuten (Euskal Herria-Bordele ardatza), ikerketa, prestakuntza eta jakintzaren transmisioaren alde egiteko. Aliantza horrek aurreratu zuen jada 2011n Europako unibertsitateen premia, eta horrelako ezaugarriak zituen Europako lehen campus gisa eratu zen.

Gaur egun, Nazioarteko Bikaintasun Campus honek 110.000 ikasle, 9.000 irakasle-ikertzaile, eta 5.000 administrazio eta zerbitzuetako langile biltzen ditu. Haren jardueraren oinarrian lau ardatz hauek daude: hezkuntza, enplegagarritasuna eta ekintzailetza; ikerketa eta berrikuntza; konpromisoa; eta, nazioarteko sustapena.

Frantziar-espainiar aliantza horrek graduondoko baterako lau titulu sortzeko aukera eman du arlo hauetan: itsas baliabideak (Erasmus Mundus gisa aitortua), enologia berrikuntza, finantzak, eta bioinformatika. Gainera, aliantza horren bultzadaz, Euskal Herriko eta Bordeleko ikasleen arteko mugikortasuna areagotu da, tutoretza bikoitzeko erregimenean doktoregoak egin dira (25 tesi abian, urtean), mugaz gaindiko bi laborategi sortu dira (fabrikazio aurreratuan eta nanozientzian), eta Ocean Experience campus baten proiektua bultzatu da, zeina 50 enpresen eta euroeskualdeko eragile askoren ekosistema batean oinarritzen baita.

Frantziako Diálogoko presidente Jean Charles Raufast jaunak, Espainiak Frantzian duen enbaxadore Fernando Carderera jauna bertan dela, saria emango die Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka andreari eta Bordeleko Unibertsitateko presidente Manuel Tuñón de Lara jaunari.

Ostegunean, azaroak 8, 18:30ean, Espainiako Enbaxadan, Frantzian.

George V etorbidea 15, 75008 París.

PRENTSA AKREDITAZIOAK

Eskatzen dugu, arren, izen-abizenak, hedabidea eta prentsako txartelaren zenbakia bidaltzeko helbide honetara:

paris@comunicacion.presidencia.gob.es

Sarituen esker hitzak:

“UPV/EHUk ohorez, pozez eta esker onez jasotzen du sari garrantzitsu hau. Bordeleko unibertsitatearekin batera eratu dugun Nazioarteko Bikaintasun Campusa nazioartekotzearen alde egin dugun erronkaren adibiderik onena da, eta Diálogo sariak orain arte lortutako lankidetza maila areagotzera eta elkarlanerako bide berriak bilatzera animatzen gaitu”. Nekane Balluerka andrea.

Informazio gehiago: bizkaiacomunicacion@ehu.eus

 “Nire eskerrik beroenak eta harrotasuna adierazi nahi ditut, Bordeleko eta Euskal Herriko unibertsitateek guretzat benetan garrantzitsua den sari hau jaso dutelako. Euroeskualdeko campus handinahi eta erakargarri bat sortzeko eta garatzeko elkarlanean egindako lana aitortuta geratzen da horrela. Ezbairik gabe, sari hau motibazio bat gehiago izango da gure establezimenduen mugaz gaindiko dinamikarekin jarraitzeko, eta eskerrak eman nahi dizkiet ere epaimahaiko kide guztiei”. Manuel Tuñón de Lara jauna.

Informazio gehiago: blandine.laccassagne@u-bordeaux.fr