euskaraespañol

UPV/EHUk irabazi du IX. Euskarazko Eztabaida Txapelketa

Ekitaldia Eusko Legebiltzarrean izan da eta Mondragon Unibertsitateko Nerea Lizarraga izendatu dute hizlaririk onena

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/25

Irudia
IX. Euskarazko Eztabaida Txapelketa irabazi duen UPV/EHUko taldea | Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek parte hartu dute, Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren laguntzaz UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Erretoreordetzak antolatutako IX. Euskarazko Eztabaida Txapelketan.

'Energia nuklearra, gaur egun, energia hornidurarako alternatiba jasangarria al da?'. Gaurkotasun handiko auzi honi heldu diote IX. Eztabaida Txapelketan parte hartu dutenek. Aldeko zein aurkako arrazoiak eman dituzte hiru unibertsitateetako ikasleek. Eta euskara hutsean gainera. Izan ere, euskara beren jardueraren parte den unibertsitateen arteko lehiaketa da hau.

Beren hitzartzeetarako denbora muga dute. Aldeko zein kontrako jarrerak azaltzeko txandak 3 minutukoak dira, eta horiei erantzutekoak 5 minutukoak. Ondorioak aurkezteko, berriz, 3 minutu dituzte.

UPV/EHU eta UPNAko taldeak iritsi dira finalera. Azken saio hori hasi aurretik, parte-hartzaileak agurtu dituzte unibertsitateko agintariek eta Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. Ondoren palkoetara igo dira, eta bertatik jarraitu dute bukaerako eztabaida hori, gainerako gonbidatuek bezala.

Eztabaida bukatuta, epaimahaiak deliberazioari ekin dio. Bi sari eman ditu: UPV/EHUk irabazi du txapelketa eta Mondragon Unibertsitateko Nerea Lizarraga izendatu dute hizlaririk onena.

Tomas Moro aretoan izan da sariak emateko ekitaldia. Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria eta M. Juncal Gutierrez Mangado UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordearen eskutik jaso dituzte garaikur eta diplomak irabazleek, modu honetan amaiera emanez Euskarazko Eztabaida Txapelketaren aurtengo edizioari.