euskaraespañol

BFAk eta UPV/EHUk teknologia aurreratua aplikatzen dute egoitzetako iraupen luzeko zainketetan

Bi erakundeek exoeskeletoen eraginkortasuna ikertuko dute Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) Leioako egoitza-zentroan, egoitzetan adinekoak artatzen dituzten laguntzaileen lesio muskulu-eskeletikoak prebenitzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/24

Irudia
Exoeskeletoaren erabilgarritasunaren frogapenaren une bat. | Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) exoeskeletoen eraginkortasuna ebaluatzeko ikerketa-proiektu aitzindaria jarri dute abian. Proiektua prebentzio-neurri gisa planteatu da ergonomiaren ikuspegitik, adinekoen egoitzetako osasun-laguntzaileen karga fisikoa murrizten eta gerrialdeko lesioak prebenitzen laguntzeko.

Proiektu honetan Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak eta egoitzetako adinekoekin lan egiten ibilbide luzea duen UPV/EHUko Ageing On ikerketa-taldeak lan egiten dute. Era berean ikerketan euren borondatez Leioako adinekoen foru egoitzako 27 profesionalek parte hartuko dute.

Proiektuak UPV/EHUko Gizakiekin lotutako Ikerketarako Etika Batzordearen (GIEB) onespena du joan den uztailetik, eta Euskadiko Medikamentuen Ikerketarako Etika Batzordearen (CEIm Euskadi) berrespena lortu zuen urriaren 11n.

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako diputatuak, azaldu duenez, iraupen luzeko zainketak hobetzea zaintza horiek eskaintzen dituztenak zaintzea ere bada, eta, horretarako, azken teknologiak aplikatzea: “Hitz eman genuen gizarte ekintza modernizatuko genuela, eta teknologiak zaintzan sartzea bide horren zati saihestezina da. Kasu honetan, zaintzen dituztenak zaindu behar dira: egoitzetan lan egiten duten profesionalak. Sektore honetan inoiz aplikatu ez den teknologia garatzen ari gara: testatzen, probatzen eta baliozkotzen, hobeto zaintzeko. Aurrerapen zientifiko eta teknologiko guztiak iraupen luzeko zainketetan txertatzearen aldeko gure apustua da. Zaintzetan teknologia txertatzea”, azpimarratu du Gizarte Ekintzako diputatuak.

Bestalde, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, kasu honetan UPV/EHUren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artekoa. Era berean, gogorarazi du funtsezkoa dela “Euskal Herriko Unibertsitateak aktiboki parte hartza esparru soziosanitarioaren barruko berrikuntzan eragiten duten ikerketa-proiektuetan, eta gaur egun ditugun premiei eta gizarte-erronkei erantzutekoetan”.

Aurkezpenean Ageing On ikerketa-taldeko kideek exoeskeletoaren aplikazioaren erakustaldia egin dute; frogan egoitzetako langileentzat laneko osasunaren prebentziorako sistema horiek erabiltzeak dakartzan onuretako batzuk aurkeztu dituzte; kasu askotan mugikortasun murriztua duten adinekoei arreta emateko egiten duten lanagatik egunero esfortzu handia egiten duten langileak.

Ageing Oneko ikertzailea eta Fisiologiako katedraduna den  Jon Irazustak azaldu duenez,  “adinekoen egoitzetan lan egiten duten osasun-laguntzaileek lanaldiaren barruan min muskulu-eskeletikoaren prebentzioan exoeskeletoak erabiltzeak dituen ondorioei buruzko lehen azterlana da. Emaitza positiboak lortuz gero, teknologia hau erabiltzeak lanari eta kolektibo horren bizi-kalitatea hobetzeari lotutako gaitz horiek murriztea ekarriko luke.”

Proiektu bat bi fasetan

“Lan-ingurunean laguntza emateko  exoeskeletoak” ezartzeko proiektua bi fasetan gauzatuko da. Lehenengoa amaituta dago eta egin diren lanetan hainbat exoeskeleto-eredu ebaluatu dira eta ezartzeko ezaugarririk onenak eskaintzen dituena hautatu da. Horren ezarpena bigarren fasean egingo da.

Orain hasiko den fase berri honetan, Leioako egoitza-zentroko osasun-laguntzaileek exoeskeletoak erabiltzearen ondorioak ebaluatuko dira. Erabilera 12 hilabetez aztertuko da, eta, aurrez definitutako parametroen arabera, gailu horiek erabili dituen taldearen eta erabili ez dituenaren artean lortutako emaitzak alderatuko dira.

Egoitzetako langileentzat espero diren onurez gain, emaitzak iraupen luzeko zainketen arloan eta komunitate zientifikoaren sektorean ere zabalduko dira, eta exoeskeletoak garatzen dituzten I+G+Bko hainbat eragileri transferituko zaizkie ezagutzak. Horren ondorioz  industria-jarduera berria sortu ahal izango da egoitzetan lan egiten duten profil profesional soziosanitario horietarako exoeskeletoen berariazko diseinuan, bai eta ospitaleetan zein etxean mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzen aritzen diren pertsona guztientzat ere.

Lehen aldiz exoeskeletoak zaintzaileentzat

Gerrialdeko min zehaztugabea nahasmendu muskulu-eskeletikoa da, eta oso ohikoa da gure gizartean. Nahasmendu honek prebalentzia handienetakoa du fisikoki eskakizun handikoak diren lanbideak dituzten pertsonen artean, hala nola pisu handiak lekualdatu behar dituzten profesionalen artean. Ildo horretatik, azpimarratzekoa da gehiegizko ahaleginak direla mendekotasun-egoeran dauden pertsonak artatzen dituzten profesionalen lan-arrisku garrantzitsuenetako batzuk; bereziki, adinekoen egoitza-zentroetako laguntzaile soziosanitarioak.

Ageing On ikerketa-taldeak egindako aldizkako ebaluazio ergonomikoek eta istripu-tasari buruzko estatistikek egiaztatu egin du nahasmendu mota horren prebalentzia handia dela egoitzetako osasun-laguntzaileen artean. Batez ere, erabiltzaileak mugiarazteko orduan, bizkarra eta, zehazki, gerrialdea dira kaltetuak. Kolektibo horretan ohikoak dira, halaber,  lunbalgiek edo antzeko patologiek eragindako aldi baterako ezintasunak. Hazkunde horren arrazoietako batzuk plantillen zahartze progresiboaren ondorio dira eta, horrekin batera, kontuan  hartu behar da azken urteetan egoitzetan sartzen diren pertsonen profiletan mendetasun-maila handiagoak  agertzen direla.

Garabiak, ohe artikulatuak eta abar erabiliz laguntza teknikoak pixkanaka hobetzeak, bizkarra zaintzeko eskolaren bidezko prestakuntzak eta lan-protokoloek (binakako mobilizazioak) arriskua nabarmen murriztea ahalbidetu dute, baina kontua da pertsonak eta ez objektu geldoak mugiarazteak zailago egiten duela arrisku horren murrizketan maila handiagoak lortzea. Hortik sortzen da ahal den neurrian lesioak saihestuz laneko baldintzak eta laneko osasuna hobetzea ahalbidetuko duten teknologia berriak bilatzeko eta ezartzeko motibazioa, proiektu honetan frogatzen diren exoeskeletoen kasuan bezala.