euskaraespañol

Nahia Idoiaga Mondragon, Idoia Legorburu Fernández, Israel Alonso eta Maitane Picaza Gorrotxategi

Feminismoa ez da berdintasuna eta beste sinesmen antifeminista batzuk, unibertsitateko ikasleen arabera

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/19

Irudia
Argazkia: Shutterstock. Standret/Shutterstock.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

CISen (Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroa) azken inkestaren arabera, feminismoa urrunegi iritsi dela uste dute gizonen % 44k. Ehuneko hori apur bat handiagoa da gizon gazteen artean, hau da, 16 eta 24 urteko gizonen artean.

Ikuspegi hori unibertsitateko ikasleen artean zenbateraino finkatuta dagoen ikusteko, ideia antifeminista jakin batzuen presentzia aztertu dugu Bartzelonako Unibertsitateko eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntzako graduetako 350 ikasleren artean. Intered Fundazioak Euskal Herrian duen delegazioarekin egin dugu gure azterlana. Bertan, hitzak modu askean elkartzeko ariketa bat osatzeko eskatu genien ikasleei, Hezkuntzako gradua ikasten ari diren unibertsitateko ikasleen artean presente dauden ideia antifeminista nagusiak identifikatzeko.

Burura zetozkien lau ideia antifeminista nagusiak paper batean idatzi behar zituzten eta, beranduago, sakon azaldu behar zituzten, elkarrizketa batean. Azkenik, haiek, haien lagunak edo gazteria orokorra ideia harekin zer neurritan zeuden ados galdetu genien.

Erantzunetan bost ideia antifeminista gailendu ziren, baina atxikimendu eta garrantzi maila oso ezberdinekin. Honako hauek dira. Ikerketan parte hartu duten gazteen artean gutxien errotuta dagoen ideiatik gehien errotuta dagoenera ordenatu ditugu:

Gutxien partekatutako ideia: etxeko lanak

Bi sexuetako gazteek partekatutako argudio guztien artetik, etxeko lanez emakumeek arduratu behar duten ideia da gutxien errepikatu dutena (argudioen % 11,47k bakarrik egiten zioten erreferentzia ideia horri). Gehienek ez dute uste baieztapen hori zuzena denik, eta ez dute uste haien lagunek eta gazteria orokorrak hori pentsatzen dutenik. Egungo errealitatetik urrun dagoen ideia historikotzat hartzen dute.

Babes legal handiagoa emakumeentzat

Lege mailan emakumeek gizonek baino eskubide eta onura gehiago dituzten ideiari dagokionez (argudioen % 16,20), adierazi dute haiek eta haien lagunak ez daudela ados. Argudio hori gazteria orokorraren artean dagoela uste dute, baina ez dute harekiko atxikimendu handirik sentitzen.

Emakumeak probokatzaileak dira?

Aipatu duten ohiko beste argudio antifeminista bat honakoa da: emakumeek gizonak probokatzen dituztela sexualki, nahi dutena lortzeko. Baieztatu dute haiek ez daudela ados ideia horrekin, baina uste dute haien lagunak eta gazteria orokorra ados daudela.

Feminismoak ez du berdintasuna bilatzen

Feminismoak ez duela berdintasuna bilatzen; hori da ikerketan parte hartu zuten pertsonen artean gehien errepikatutako ideia (aztertutako argudioen % 31,87k aipatzen zuten ideia hori).

Feminismoaren eta genero berdintasunaren gaineko pertzepzioa ezberdina da. Izan ere, parte-hartzaileek berdintasunaren alde daudela diote (batez beste 4,83ko puntuazioa, 1etik 5erako eskala batean), baina feminismoarekin duten identifikazio maila ia puntu bat baxuagoa da, batez beste 3,96koa, 1etik 5erako eskala batean.

Feminismoaren eta berdintasunaren arteko bereizketa hori bat dator beste ikerketa batzuen emaitzekin. Ikerketa horien arabera, feminismo ‘ona’ (berdintasuna bakarrik bilatzen duena) eta feminismo ‘txarra’ edo ‘erradikala’ (egungo estatu quo-aren aurka protesta egiten duena eta aurre egiten diona) bereizten dira.

Soldata arrakalaren justifikazioa lan jakin batzuetan

Azkenik, ikerketa honetan parte hartu duten gazteek ideia honekiko agertu dute adostasun mailarik handiena: emakume batzuek gizonek adina kobratu nahi dute “prestatuta ez dauden” lan jakin batzuetan, adibidez, polizia-kidegoetan, suhiltzaile-kidegoetan, eliteko kiroletan, etab.

Ikerketa honetako parte-hartzaileek baieztatu dutenez, maila ertainean daude ados baieztapen horrekin, eta haien lagunak eta gazteria orokorra ere  ados daudela uste dute. Hau da: testuinguru batzuetan soldata arrakala zilegi dela uste dute, hala nola futbolean eta segurtasun kidego ofizialetan.

Nik ez dut pentsatzen, baina nire lagun batzuek bai

Amaitzeko, garrantzitsua da ideia antifeministekiko erakusten duten atxikimendu mailaren arteko aldeak nabarmentzea. Ideia horiek euren usteetatik, haien lagunen usteetatik eta gazteria orokorraren usteetatik urrun daudela sentitzen badute ere, beti uste dute urrunago daudela euren usteetatik, lagunen edo gazteria orokorraren usteetatik baino. Ideia horiek beste pertsona batzuei esleitzearen estrategia desiragarritasun sozialerako tresna gisa erabil daiteke.

Laburtuz, ideia antifeministak hezkuntzako ikasleen artean bizi dira, gutxienez; eta, kasu batzuetan, haiengan murgiltzen ari dira. Beharrezkoa iruditzen zaigu ideia horiei heltzea eta horiek lantzea; bereziki, gizonak eskubide judizialak eta lan eskubideak galtzen ari diren ideiarekin lotutakoak, eta feminismoaren xedea berdintasuna ez den ideiarekin lotutakoak.

The Conversation