euskaraespañol

Fernando Higueras polifazetikoaren erakusketa antologikoa Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ikusgai

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/03

Irudia
Juan Jose Arrizabalaga, Lola Botia eta José Angel Medina. Argazkia: UPV/EHU

Fernando Higueras arkitekto madrildar karismatikoaren lana, bizitza eta ikuspegia Donostiara iritsiko da 2021ean, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren eskutik. ‘Fernando Higueras. Sustraietatik’ erakusketa inauguratu da, eta Higuerasen bikotekide eta laguntzaile izandako Lola Botiak komisariatu du. Madrilgo ICO museoan egon da erakusketa antologiko hau, eta, orain, bi egoitza izango ditu Gipuzkoako hiriburuan: UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa bera, eta Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI).

Erakusketaren aurkezpenean izan dira: Juan José Arrizabalaga, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendariak; José Angel Medina, Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak, eta, Lola Botia, Fernando Higueras Fundazioko zuzendari eta erakusketaren komisarioak.

‘Fernando Higueras. Sustraietatik’ erakusketak ibilbide kronologikoa proposatzen du, arkitekto madrildarraren lana eta arkitektura ulertzeko era aurkeztuz. 2008an hil zen, eta “arkitekto bikain ahaztua” dela esan ohi da. Margolaria, musikaria, argazkilaria, karismatikoa eta bisionarioa; ‘Fernando Higueras. Sustraietatik’ erakusketari esker, herritarrak arkitekto polifazetikoaren munduan sartu ahalko dira. Argazki, marrazki, plano eta ikus-entzunezko materialaren bidez, ikusleak arkitektoaren sormen-prozesuan murgilduko dira.

Arkitektoak 300 proiektu egin zituen, eta horietako batzuk ikusi ahalko ditugu Donostian, sei bloketan banatuta, Higuerasen ibilbidearen etapen arabera. Erakusketak Fernando Higueras fundazioaren, Col legi d’Arquitectes de Catalunyaren eta Madrilgo Arkitektoen Elkargo Ofizialaren funtsak ditu, eta, orain, Euskadira iritsi da, Fuerteventuran, Tenerifen eta Lanzaroten egon ondotik.

Higuerasen ibilbide profesionala 1950etik 2008ra luzatu zen, eta sari asko –bi sari nazional barne– eta Pritzker-erako izendapena ere jaso zituen, bere ibilbide arkitektoniko eta artistikoa aitortuz. Bere proiektu eraikiak eta ez eraikiak UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan egongo dira ikusgai, argazki eta jatorrizko planoen bidez.

UPV/EHUko ikastegi honek ere parte hartuko du erakusketan maketa batekin: Monte-Carloko erabilera anitzeko eraikina birsortu du, arkitektoaren proiektu ezaguna. Monakoko printzerriak proposamena bidaltzera gonbidatu zituen bera eta hainbat herrialdetako beste hamar arkitekto.

Higuerasek ez zuen lehiaketa irabazi; izan ere, bere proiektuak “eremu erabilgarria halako bi” behar zuelako, dio Botiak. Botiak gogorarazi du Jacques Cousteau esploratzaileak, epaimahaiko kideak, itsaspeko hiri bat egitera animatu zuela. Eskolako Fab Lab-a maketa ari da sortzen dagoeneko, eta hura sortzeko prozesua zentroak erakusketaren esparruan egiten dituen jardueren barruan dago. Higuerasek Arkitekturako Sari Nazionala eskuratu zuen 1961ean –graduatu eta bi urtera–, eta beste sari asko ere bai karreran zehar.

Arkitektura lanagatik ez ezik, arte lanagatik ere jaso zuen saririk, besteak beste, bi Arte Ederren Sari Nazionala, 1954an eta 1957an. Higuerasek, lehen urteetatik, zubiak eraiki zituen artearen eta arkitekturaren artean bere proiektuetan; ikasle garaian eta lanean hasi berritan marrazki eta argazki erakusketak ere egin zituen.

Zubi horiek bere egunerokoan ere bazuten isla, harreman estua izan baitzuen, besteak beste, César Manrique artistarekin eta Antonio López margolariarekin. Azken horrekin izan zuen harremana eta Higuerasen alderdi artistikoa dira Euskadiko Arkitektura Institutuan dagoen erakusketaren oinarri.