euskaraespañol

Eguneko irudia

Kutsatze garairako filosofia gaztea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/09

Pentsatu! jaialdia. Argazkia: UPV/EHU

Pandemia garaian nola filosofatu? Zer pentsatu datozen erronken eta eraldaketen aurrean? Galdera horiek erantzuteko, eta bide batez Nazioarteko Filosofia Eguna ospatzeko, 4. urtez jarraian antolatu da “Pentsatu!” jaialdia, Agora Elkartearen eta Joxe Azurmendi Katedra proiektuaren arteko lankidetzan, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzaren laguntzaz. Aurtengo egoera dela eta, etxetik ere jarraitzeko bidea bilatu du jaialdiak.

Gipuzkoako Campuseko Hedakuntza zuzendaria den Antonio Casado da Rocha-ren ustez, “unibertsitate kultura ere eraldatzen ari da. Konfinamenduan zehar, zenbait jarduera online egitea lortu genuen, eta, ondoren, aurrez aurreko jarduera batzuk segurtasun-neurriekin. Zeren kultura ez baita luxu bat, beharra baizik. Beraz, txalogarria da jaialdiak egoera berrira egokitzeko egin duen ahalegina, etxean zein gelan eztabaida filosofikoak sustatzeko erabil daitezkeen bideo labur eta freskoak ekoiztuz.”

Agora elkarteko ordezkaria den Iñigo Martinez Peñaren aburuz, "egoerak geure burua berrasmatzera eta birpentsazera eraman gaitu.  Konplikatua izanda ere, pentsamenduak partekatzeko bideak bizirik mantendu nahi izan ditugu, modu batera edo bestera. Ez gaitzala egoerak guztiz mututu! Askotariko elkarguneak eraiki nahi ditugu, ahaztu gabe gorputzen presentziaren garrantziaz eta gogoaz.” 

Goizeko saioan, unibertsitateko eta institutu ezberdinetako irakasleak elkartuko dira, gelan izandako esperientziak publiko orokorrarekin partekatzeko. Bideo laburren bitartez, gelan hainbat gai jorratu dituzte, besteak beste: animaliekiko harremana, guda, COVID19, edo askatasunaren eta segurtasunaren arteko gatazka. Gai horien gaineko eztabaida taldeka antolatuko da azaroaren 20ko topaketan (BBCn, 11:00etan). Bideoak, testuak eta gida didaktikoak Pentsatu!k duen webgune berrian daude eskuragarri. Talde lana errazteko, izena aurretik eman behar da filosofiaelkartea@gmail.com helbidera idatziz.

Arratsaldeko saioan, Gabi Martinez idazlearen azken liburua (Un cambio de verdad, 2020) abiapuntu hartuta, edertasunaren eta paisaiaren botere eraldatzaileaz hitz egingo dugu: familia berriei, migrazioei, landa eta hiriaren arteko interdependentzia eta tentsioei, giza arloari eta ez-gizakiari, ardi zuriei eta beltzei buruz. Elkarrizketa izango da azaroaren 20ko 19:00etan, berriro ere EHUkultura-Gipuzkoako BBCko gelan.