euskaraespañol

Formula Student Bizkaia monoplazak Bilboko kaleak zeharkatu zituen

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/20

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak kalera atera zuen 2020/2021 denboraldiko ibilgailua. Bilboko Udaltzaingoak lagunduta, monoplazak ibilaldia egin zuen herriko arteria nagusietatik. Ekitaldia Bilboko Ingeniaritza Eskolan hasi zen, eta 30 minutu inguru iraun zuen, Sabino Aranatik, Kale Nagusitik, Albia lorategietatik eta Bilboko Udaletxetik igaroz.

Formula Student Bizkaia proiektuaren lehiaketarako ibilgailu elektrikoak hiriko kale nagusiak zeharkatuko zituen. “Driving Bilbao” ekimena 2015az geroztik egiten da, UPV/EHUk azaroan antolatzen zuen Zientzia Astearekin bat eginez. COVID-19aren pandemiak eragindako murrizketen ondorioz, 2020n data urte honetara aldatzea erabaki zen.

2006an sortutako Formula Student Bizkaia irakaskuntza-proiektuak Formula motako monoplaza diseinatzeko eta eraikitzeko erronka planteatzen die bertan parte hartzen duten ingeniaritzako ikasleei. Proiektu hori Silverstoneko eta Bartzelona-Kataluniako zirkuituetan egiten diren nazioarteko Formula Student ekitaldietan lehiatzen da, mundu osoko 100 unibertsitate baino gehiagoren kontra. Proiektua Bilboko Ingeniaritza Eskolako 78 ikaslek eta 4 irakaslek osatzen dute.

Bizkaiko hiriburuko kale nagusietatik zirkulatu zuen Formula Student Bizkaia monoplaza, munduko unibertsitate-lehiaketarik ospetsuenetako batean parte hartzeko UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan egingo den hamabosgarrena da. Formula Student ekitaldiak nazioarteko unibertsitateetako ikasleen arteko ingeniaritza-lehiaketa garrantzitsuenak dira, eta mundu osoko 100 taldetako 3.000 ikasle baino gehiago biltzen dituzte.

FSB2021 prototipoa monoplaza elektriko bat da (80 kW). Ezaugarri hauek ditu: 22 kilometroko autonomia potentzia osoan; atzeko trakzioa motor elektriko bikoitz bidezkoa; monokaskoa eta karbono-zuntzezko pack aerodinamikoa; 212 kilogramoko pisua; 107,5 kilometro orduko puntako abiadura; 3,8 segundoko azelerazioa orduko 0kilometrotik 100era; eta wifi bidezko telemetria.

Aurreko FSB2020ren teknologian oinarritzen da, nahiz eta hainbat arlotan hobekuntzak dituen: txasisa eta aerodinamika batera diseinatu dira kurbetan heltzeko gaitasuna maximizatzeko; esekidura karbono-zuntzez egin da pisua murrizteko eta gidatzeko orduan erraztasunari eusteko; baterien packa optimizatu egin da, tamaina eta pisua txikituz eta paketatzea trinkotuz; eta, azkenik, balaztatzean energia berreskuratzeko sistema bat txertatu da.