euskaraespañol

G-9 Unibertsitate Taldeak autonomia galera eta arrisku ekonomikoak ohartarazi ditu, unibertsitateei buruzko lege berria martxan jarri ondoren

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/25

Irudia
G-9 Unibertsitate Taldeko Gerentzien Batzordea, Extremadurako Unibertsitatean

G-9 Unibertsitate Taldeko Gerentzien Batzordea bildu zen, Extremadurako Unibertsitatean, Ignacio Villaverde Oviedoko Unibertsitateko errektorea batzordearen presidente zela. Hala, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) martxan jartzeak unibertsitateen autonomia nabarmen murriztuko duela eta ondorio ekonomikoak izango dituela ohartarazi du batzordeak.

LOSU legeak unibertsitateen kudeaketa administratiborako eta finantzariorako gaitasunari kalte egingo diola azpimarratu du G-9 taldeak. Izan ere, legeak nabarmen igoko ditu kostuak; bereziki, langile gastuei lotutakoak. G-9 taldean 135 milioi eurokoa baino handiagoa izango da kostuen hazkundea, Espainiako Unibertsitateetako EUEBk 2023an egindako monografikoaren arabera; LOSU legearen baitako finantzaketa publikoari buruzkoa da monografikoa. Legezko xedapen berriek erregulazioak egitera behartzen dituzten unibertsitateak, behar adinako babes ekonomikorik izan gabe. Horrek arriskuan jarriko ditu unibertsitate bakoitzaren politiken etorkizuneko iraunkortasuna eta kudeaketa independentea.

“LOSUren zirriborroa ezagutu genuenetik adierazi dugu araua indarrean sartzeak inpaktu ekonomiko handia izango duela Espainiako unibertsitate publikoen ekonomian. Orain, lege organikoa onartuta dagoenean eta aplikatzen hasi garenean, zifra zehatzak ditugu eskura”, esan du Ignacio Villaverdek.

Inpaktu ekonomiko horien eta etorkizuneko aurreikuspenen analisia jasoko duen lan dokumentu bat egitea adostu du batzordeak. Dokumentu hori autonomia erkidegoetako gobernuei helaraztea da helburua, Unibertsitateko Politikak Koordinatzeko Kontseiluaren barruan duten negoziazio jarrera indartzeko; bereziki, unibertsitateko goi mailako hezkuntza zerbitzu publikoa finantzatzera bideratu beharreko erkidegoko BPGaren % 1aren kalkuluari dagokionez.

“Ziurgabetasun egoeran jarraitzen dugu. Unibertsitate bakar batek ere ez daki gobernu autonomikoek eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak zer ekarpen egingo duten kostu horiei aurre egiteko”, nabarmendu du Villaverdek. Oviedoko Unibertsitateko errektoreak gogoratu duenez, G-9 taldea osatzen duen autonomia erkidego bakoitzari zenbateko bat dagokio, “eta unibertsitateen benetako finantzaketa ere asko aldatzen da, baina inor ez da % 1era iristen”.

G-9ko unibertsitateek legea berrikustea eta legegileekin elkarrizketa irekia izatea eskatzen dute, instituzioen bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko eta unibertsitate sistema bereizten duten hezkuntzaren eta ikerketaren kalitatea mantentzeko.

TEKAZEL Prestakuntza Plana

Bileran zehar aurreratu dutenez, G-9 Unibertsitate Taldeko TEKAZELentzako (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak) 2024rako XI. Prestakuntza Planak 61 online ikastaro eskainiko ditu, aurreko urtean baino hamalau gehiago. Hortaz, 1.005 plaza gehiago eskainiko dira: 3.355 (2023an 2.350 izan ziren). Izena emateko epea otsailaren 2an hasiko da eta otsailaren 22an amaituko da. Aurrez, G-9 taldearen webgunean argitaratuko da informazioa (ww.uni-g9.net). Hamaika unibertsitatek parte hartzen dute Prestakuntza Plan honetan. G-9ko unibertsitateez gain, Murtziako eta Burgoseko Unibertsitateek ere parte hartzen dute, kolaboratzaile gisa.

G-9 Unibertsitate Taldea

1997an sortutako elkartea da G-9 Unibertsitate Taldea, eta autonomia erkidego bakoitzeko unibertsitate publiko bakarrek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea. Gainera, Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea entitate laguntzaileak dira.