euskaraespañol

G-9ko unibertsitateek estrategia komunak garatuko dituzte Adimen Artifizialaren erronken aurrean

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/01

Irudia
Eraldaketa Digitalerako Batzorde Sektorialaren talde argazkia

Unibertsitateen G-9 Taldeak estrategia komunak garatuko ditu adimen artifiziala goi mailako hezkuntzako erakunde publikoetan erabiltzeak dakartzan erronkei aurre egiteko. Horixe izan da Eraldaketa Digitalerako Batzorde Sektorialak joan den astean Oviedoko Unibertsitatean egindako bileran lortutako akordioetako bat.

Ramon Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea buru duen batzordeak hainbat gai jorratu ditu, besteak beste: goi mailako hezkuntzan adimen artifizial sortzailea erabiltzea, hezkuntza inguruneetako segurtasun aurreratua edo datuen ustiaketa prediktiboa, azken hori ere adimen artifizialean oinarrituta, adibidez, unibertsitatea uzteari aurrea hartzeko.

G-9ko kideek Copilot tresna jarri dute adibidetzat. Tresna hori Microsoftek dauka Oficce 365 plataformarako, eta potentzialtasun ugari ditu irakasle eta ikertzaileen lana errazteko. Kezkatuta agertu dira tresna horren prezio altuagatik, unibertsitate publikoetan sar dadin zailtzen baitu.

Batzorde Sektorialak, besteak beste, informatikako segurtasunaren gaian pausoak emateko premia ere azaldu du. G-9ko kideak beren unibertsitateetan sistema integratuak kudeatzeko tresna berriak sartzeko aukera aztertzen ari dira, segurtasuna ahalik eta gehien babeste aldera.

Eta Batzordeak adimen artifizialaren erabilera landu du datuen ustiaketa prediktiboan eta, zehazki, unibertsitatea uzteari aurrea hartzean. Oviedoko Unibertsitateak ezarritako eredu pilotua Gaztela-Mantxako Unibertsitatean erabiltzen da orain, hainbat hobekuntza egin ondoren. Sistema adimendun horrek campus birtualeko datuak hartzen ditu ikasleen errendimenduaren bilakaera aztertzeko, adibidez, eta, horrela, unibertsitatea uzteko aukerei aurrea hartzeko. Eredua machine learning tresnetan oinarritzen da, eta gai zehatz honetarako ez ezik, beste askotarako ere balia daiteke.

Bileran, Oviedoko Unibertsitateko barne sistemen integrazioa ere aurkeztu da; horren xedea informazioa zentralizatzea da, erabiltzaileak puntu bakarretik sartu ahal izan daitezen behar dituzten kudeaketa guztietara. Sistema dagoeneko martxan dago, eta etorkizunean gehiago garatzeko zain.

Azkenik, Batzordea kezkatuta agertu da, halaber, UNIDIGITAL proiektuak justifikatzeko zailtasunengatik. UNIDIGITAL plana Unibertsitateen Ministerioak bultzatutako plan bat da, unibertsitate sistema digitalizatzea lortzeko.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea unibertsitateek osatutako elkartea da, 1997an sortua, eta beren autonomia erkidegoan unibertsitate publiko bakarrak diren erakundeek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Universitat de les Illes Balears, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea. Gainera, Murtziako Unibertsitateak eta Burgosko Unibertsitateak ere parte hartzen dute, erakunde kolaboratzaile gisa.