euskaraespañol

G9 taldeak online prestakuntza programa bat aktibatu du, irakasle berriei zuzendua, eta 600 pertsona baino gehiagok hartuko dute parte lehenengo edizioan

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/15

Irudia
G9 taldeko Irakasleen Batzorde Sektoriala

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin da G9 unibertsitate taldea osatzen duten unibertsitate publikoetako irakasleen prestakuntzako arduradunen lehenengo bilera presentziala.  Bilerako gai nagusia izan da irakasleentzako online prestakuntza planaren etengabeko hobekuntza, eta, horrez gain, irakasle laguntzaile doktore berriei zuzendutako online programa berritzaile batez hitz egin da, aurtengo irailean jarriko dena abian. Planaren lehenengo edizioan, hasierako kalkuluen arabera, 600 irakasle laguntzaile doktore berrik baino gehiagok hartuko dute parte. Ekimena bat dator iaz indarrean sartu zen Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoko 78. artikuluan xedatutakoarekin, artikulu horrek hasierako prestakuntza pedagogikoa egiteko eskatzen baitie irakasle hasiberriei.

G9 taldeko Irakasleen Batzorde Sektorialak, Zaragozako Unibertsitateko José Antonio Mayoral errektoreak zuzentzen duenak, erabaki zuen azken bileran G9 taldeak prestakuntza plan integral bat diseinatu behar duela irakasle berriek gaitasun didaktiko eta metodologiko berritzaileak berengana ditzaten eta, horrela, LOSUren eskakizunei erantzun. Akordio hori betetzeko, Iruñeko bilera honetan aurrera egin da planaren lehenbiziko xehetasunetan. Plan horrek hainbat gairi buruzko moduluak izango ditu –komunikazio teknikak, irakaskuntza metodologiak, ikasgelaren kudeaketa, arautegiak, nazioartekotze estrategiak, ikerketa, aurrekontu ekonomia, datuen babesa eta zibersegurtasuna–, denak online formatuan.

Lan bilera horretan, bestalde, G9 taldearen Unibertsitateko Irakasleen Prestakuntzarako XII. Planean izena emateko prozesuaren balantzea egin dute unibertsitateek Oraingo edizioa nabarmentzen hazkunde handia izan duelako: 45 ikastaro (2023. urtean baino % 45 gehiago) eta 2.475 plaza (% 37 gehiago).

Bilerak aukera eman du egungo prestakuntza eskaintza sakon berrikusteko, irakasleen eskaerari eta gogobetetzeari buruzko hausnarketa egin ahal izan da, eta 2025eko ediziorako konpromisoak finkatu. Ikastaroak funtsezko lau arlotan daude sailkatuta: online prestakuntza, hezkuntza digitala, baliabide didaktiko digitalak eta prestakuntza ebaluazioa. 2024ko ediziorako izena emateko epea otsailaren 22ra arte egongo da zabalik G9 taldearen webgunean (www.uni-g9.net).

G9 unibertsitate taldea

G9 unibertsitate taldea 1997. urtean sortutako elkarte bat da, beren erkidego autonomoetan unibertsitate publiko bakarrak diren unibertsitateek osatua: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela‑Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.