euskaraespañol

Autengo edizioa formatu birtualean izango da

50 enpresatik gora elkartuko dira 2021eko Enplegu Foroan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/26

Igor Salazar eta Manoli Igartua
Igor Salazar eta Manoli Igartua

Bihar hasiko da Gasteizko XI. Empleo Gune foroan izena emateko epea. Maiatzaren 13an egingo da jardunaldi nagusia, eta zibersegurtasunari eta orientazioari buruzko informazio-saioak izango ditu barne.

Udalak eta UPV/EHUko Arabako Campusak antolatu dute Gasteizko XI. enplegu foroa, eta gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan, Enplegu eta Prestakuntzako zinegotzi Iñigo Salazarrek UPV/EHUko Arabako Campusarek eta UPV/EHUko Arabako campuseko errektoreorde Manoli Igartuak.

Azken batean, Empleo Guneren helburua topagunea izatea da, gure inguruneko enpresetako giza baliabideen alorreko profesionalentzat, enplegu-bilaketa aktiboan diharduten pertsonentzat, azken prestakuntza-zikloetako ikasleentzat, laneratze eta gizarteratzearen alorrean lan egiten duten profesionalentzat, eta enplegu sortzaile diren entitate publikoentzat.

Maiatzaren 13an izango da jardunaldi nagusia, aurten modu birtualean, osasun krisia dela eta. Horretarako online plataforma bat sortu da, eta dagoeneko 50 enpresa baino gehiagok eman du izena, bertaratzen diren enplegu-eskatzaileei hainbat lanpostu eskaintzeko.

Bihartik, apirilaren 27tik egongo da baliagarri plataforma, www.empleo-gune.org webgunean, interesdunek enpresekin harremanetan jarri eta maiatzaren 13ko jardueretan parte hartzerik izan dezaten. Maiatzaren 20ra bitartean egongo da baliagarri, enpresa eta erakundeekin harremanetan jartzeko.

 “Empleo Gune birtualki egiteak enpresa askok parte hartzea ekarri du, inoiz baino gehiago dira, eta horrek interakzio gehiago izatea eta lana aurkitzeko aukera areagotzea ekarriko du. Gasteiztar askok enplegua galdu du pandemiaren ondorioz; horregatik inoiz baino garrantzitsuagoa da ekimen hau” azpimarratu du Enplegu eta Prestakuntzako zinegotziak.

UPV/EHUko Arabako campuseko errektoreordeak adierazi duenez, “Enplegu Foro hau lana aktiboki bilatzen duten pertsonei informazioa, tresnak eta beste baliabide erabilgarri batzuk emateko aukera gisa ulertu genuen bi erakundeok hasieratik. Beraz, Empleo Gune, guztiaren gainetik, ikasleak, profesionalak, enpresak eta erakunde publikoak elkartzeko gune bat da, batez ere gazteen enplegagarritasuna sustatzeko pentsatutako gune bat”.

Jardunaldi nagusia

Maiatzaren 13an, osteguna, izango da jardunaldi nagusia. Bertan, lan-orientaziorako lantegiak, tutoretza pertsonalizatuak, enpresei zuzendutako informazio-saioak, eta lan-orientazioaren arloko profesionalentzako prestakuntza-jardunaldiak izango dira.

“Edizio honetan hiru berritasun azpimarratu nahi nituzke. Alde batetik, zibersegurtasunari buruzko informazio saioak, erabateko gaurkotasuna duen gaia, eta enpresen, eta, oro ha, gailu elektronikoak erabiltzen dituzten pertsonen interesekoa guztiz. Bestetik, hezkuntza eta lan arloko orientazio-profesionalei zuzenduriko jardunaldi teknikoa, eta, azkenik, lana bilatzen laguntzeko banakako elkarrizketak, aurten streaming bidez”, esan du Igartuak.

“Teknologia berriak erabiltzeko zailtasunak dituzten taldeen parte hartzea sustatzeko, antolakuntzak bi areto gaituko ditu CETICen, Interneten sartzeko baliabiderik edo plataformak eskaintzen dituen aukerak baliatzerik ez dutenentzat. Zerbitzu horretan teknikari laguntzaileak egongo dira laguntza ematen”, nabarmendu du Salazarrek.