euskaraespañol

Gibeleko metastasia % 80 txikiagoa, tumore-zeluletara iristen diren odol-hodiak murriztuz

Nanopartikula bidez odol-hodien hazkuntza txikitu dute UPV/EHUko eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko ikertzaileek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/12

Irudia
Joana Márquez, Fernando Unda, Iker Badiola eta Gaskon Ibarretxe (Laura López. UPV/EHU)

International Journal of Cancer aldizkariak argitaratu berri duen artikulu batean, saguetan frogatutako terapia esperimental baten emaitzak agertzen dira. UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Signaling Lab ikerketa-taldeak eta Santiago de Compostela Unibertsitateko Farmakologia, Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailak zuzendu duten ikerketa horretan, koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia % 80 txikitzea lortu dute. Nanopartikulak erabili dituzte gibeleko tumore-zeluletara iristen diren odol-hodietako zelulen hazkuntza geldotzeko, eta, hala, oxigeno- eta elikagai-horniketa murrizteko minbizi-zelulei, hazkuntza ere txikiagoa izan dezaten.

Metastasia gertatzen da organo batean hazten ari den tumore bateko zelula batzuk hortik askatu, beste organo batera iritsi eta hura kolonizatzen dutenean. Kolonizazio-prozesu horretan, ezinbestekoa da odol-hodiak sortzea, minbizi-zelulek behar dituzten elikagaiak eta oxigenoa eskura ditzaten. Angiogenesi deritzo odol-hodiak sortzeko prozesuari, eta zelula endotelialak dira horren arduradunak. “Ohiko odol-hodietan ez bezala, ordea, tumore-zelulek bidaltzen dizkieten seinale batzuk tarteko, zelula endotelialak normalak baino gehiago hazi eta metastasi-masarantz mugitzen dira, eta tumore-zelulei hazten lagundu”, adierazi du Iker Badiola UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko Signaling Lab ikerketa-taldeko kideak.

Zelula endotelialek jasaten duten aldaketa hori zer dela eta gertatzen den argitzeko asmoz, saguekin ikerketa bat jarri zuten martxan, UPV/EHUko  Signaling Lab ikerketa-taldeak eta Santiago de Compostela Unibertsitateko Farmakologia, Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Sailak, beste zenbait ikertzailerekin elkarlanean. Azken helburua zen, Badiolak esan bezala, “angiogenesian eraginez, metastasi-prozesua etetea, zelula endotelialen aldaketa hori leheneratzea lortuz gero”. Ikerketa horretan, sagu batzuei gibeleko metastasia eragin zieten koloneko minbizi-zelulekin, eta masa horretatik zelula endotelialak erauzi zituzten. Orduan, tumoreetako zelula endotelialak eta zelula endotelial osasuntsuak konparatu zituzten. Bi alderditan egin zuten konparazioa: proteina mailan, ikusteko zelula batzuek eta besteek zein proteina zituzten eta zein ez, eta zer mailatan ageri ziren bakoitzean, eta gauza bera mikroRNA mailan. mikroRNAk elementu txiki batzuk dira; garai batean uste zen ez zutela ezertarako balio baina ikusi da proteinak erregulatzen dituztela.

Bioinformatika-tresnez baliatuz egin zuten proteina eta mikro-RNA elementu garrantzitsuen aukeraketa, eta “aukeraketa horren azkeneko urratsean mikro-RNA batekin gelditu ginen, miR-20a deritzonarekin. Zelula endotelial osasuntsuetan agertzen da elementu hori, baina ez tumorearen eraginpean daudenetan. Ikusi genuen miR-20a hori desagertzearen ondorioz, proteina batzuk agertzen direla zelula endotelialetan, eta orduan aldatzen da haien portaera, orduan hasten dira hazten eta mugitzen”, argitu du Badiolak.

miR-20a elementua leheneratzeko, nanopartikulak

miR-20a elementua gehituz tumore-zeluletara iristen ziren zelula endotelialen portaera leheneratuko ote zen argitzeko esperimentuei ekin zioten jarraian. Horretarako, nanopartikula batzuk sortu zituzten, “gibeleko zelula endotelialetara bideratzeko diseinatuak, eta miR-20a-rekin kargatuak. Aurretik metastasia eragindako saguei sartu genizkien, eragina ikusteko. Egindako analisi patologikoan ikusi genuen tratatutako kasuetan askoz odol-hodi berri gutxiago sortu zirela tumoreen barruan. Horrez gain, egiaztatu genuen metastasi-masen kopurua eta tamaina % 80 jaitsi zela”, zehaztu du.

Metastasiaren tamaina % 80 jaistea emaitza ona dela adierazi badu ere, Badiolak argi du “inoiz tratamendu gisa erabiltzera iristen bada, tratamendu osagarri bat izango dela. Izan ere, metastasiak % 20 hazten jarraitzen du, eta, gainera, tratamendu horrek ez ditu tumore-zelulak suntsitzen, ez die eraso egiten zuzenean. Metastasiari aurre egiteko lortu dugun bideak elikagai- eta oxigeno-ekarpena mugatzen dio; laguntza mugatzen diogu, alegia”.

Informazio osagarria

International Journal of Cancer aldizkariak eman du ikerketaren berri, eta diseinatutako nanopartikulak patentatzeko bidean dituzte UPV/EHUko eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko (USC) ikerketa-taldeek. Bi unibertsitate horietako ikertzaileak izan dira lanaren gidariak (UPV/EHUko Iker Badiolaren taldea zelulen portaeraren azterketaz arduratu da eta USCko Alejandro Sánchezena, berriz, nanopartikulen diseinuaz), baina beste zenbait zentrotako ikertzaileen laguntza izan dute azterketa aurrera eramateko: Biodonostia institutua, Düsserdolfeko Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatea eta UPV/EHUko SGIker zerbitzua.

Erreferentzia bibliografikoa