euskaraespañol

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta ULMAk lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, prestakuntzaren eta talentuaren kudeaketaren arloan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/20

Irudia
Joseba Martinez (ULMA Taldeko Pertsonen Kudeaketako arduraduna), Xabier Ostolaza (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendaria), Iñaki Gabilondo (ULMAko zuzendari nagusia), Iker Laskurain (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Kanpo Harremanetarako zuzendariordea) eta Alaitz Larrinaga (ULMA Taldeko Pertsonen Kudeaketako arduraduna) | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta ULMAk lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, ULMA unibertsitate zentroaren 'ESTU enpresa laguntzaile' izateko. Akordioak zenbait konpromiso biltzen ditu, horien bitartez sendotzeko bi erakundeen estrategiak prestakuntzari eta talentuaren kudeaketari dagokienez. Programatutako ekintzak administratzeko, jarraipen batzorde bat eratuko dute bi erakundeen ordezkariekin. Batzorde hori arduratuko da hitzarmenaren plangintzaz, jarraipenaz, balorazioaz eta emaitzen ebaluazioaz. Guztira, lau urte iraungo ditu, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da bi aldeek hala adosten badute.

Hartutako konpromisoei dagokienez, ULMAk ordaindutako praktikak eta gradu-amaierako lanak eskainiko dizkie ikasleei. Era berean, asmoa du prestakuntza-ikastaro espezializatuak emateko eta ikasleentzako bisitaldiak antolatzeko taldeko enpresetara. Gainera, ULMAk konpromisoa hartzen du eGIPUZKOA GIE-UPV/EHU taldea finantzatzen laguntzeko MotoStudent nazioarteko lehiaketarako, non mundu osoko unibertsitate ikasleek Moto3 kategoriaren antzeko txapelketako motozikleta prototipo bat diseinatu eta garatu behar baitute.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak, berriz, konpromisoa hartuko du antolatzeko, batetik, ikasleentzat interesgarriak diren baterako jardunaldiak bere instalazioetan eta, bestetik, ikasleen bisitaldiak ULMA Taldeko enpresetara. Halaber, bere hedabideetan ULMA Taldeko enpresei buruzko informazioa argitaratuko du, eta, dagokionean, ikasleei berri emango die ULMAk eskainiko dituen praktikei, gradu-amaierako lanei edota master-amaierako lanei buruz.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendari Xabier Ostolazaren hitzetan: “Hitzarmen honek balioa erantsiko dio gure eskolako ikasleek jasotzen duten prestakuntzari. Ingeniaritza Elektrikoko, Mekanikoko, Elektronikoko eta Automatikoko gure graduekin eta gradu bikoitzarekin eskuratzen diren gaitasunak bat datoz ULMAk nabarmentzen dituen lan-ildoekin. Digitalizazioaren erronka ezin erabakigarriagoa denez, denon artean egin beharko diogu aurre, betiere, lankidetzaren espiritutik eta hitzarmen honek bi erakundeen arteko sinergiak erraztuko ditu”.

Iñaki Gabilondo ULMA Taldeko zuzendari nagusiaren hitzetan: “Akordio honek adierazten du bi erakundeek gogoa dutela gure ikasleen eta etorkizuneko profesionalen harremana hobetzeko. Interes horrek lotura estua du talentua bilatzearekin, erakartzearekin eta atxikitzearekin; ondo baitakigu gai hori dela, are gehiago etorkizunean, Euskadiko enpresen erronka handienetako bat”.