null

Gizarte Segurantzaren afiliazioaren gehieneko balioak lortu zituen Euskadik 2019an

980.596 afiliazio izan dira, eta krisi aurreko garaitik ez zen lortu halako zifrarik

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/23

Enpleguak susperraldi jarraitua izan du 2019an. Argazkia: UPV/EHU.

Ekonomia suspertzen hasi zenetik (2015), 100.000 enplegu baino gehiago berreskuratu ditu Euskadik. 2019aren amaieran, 980.596 pertsona zeuden Gizarte Segurtasunari afiliatuta. Urteko hazkundeak konstante eutsi dio, eta enpleguak gora egin du: 15.000 eta 20.000 enplegu artean, urteko. Bestalde, erregistratutako langabeziari dagokionez, 5.510 langabe gutxiago zeuden 2019an Euskadin. Zifra orokorra, beraz, 114.159 langabekoa da.

Sara de la Rica UPV/EHUko Ekonomiako katedradunak eta ISEAKeko zuzendariak 2019ko Euskadiko lan merkatuaren balantzea aurkeztu du. Hori egiteko, iseakLab – Euskadiko Lan Laborategian (www.iseaklab.eu) eskura dauden informazio eta datuak hartu ditu oinarri. Online plataforma horrek, bada, hiru lurraldeen lan egoera eta bilakaera erakusten du.

De la Rica pozik agertu da; izan ere, “enpleguak susperraldi jarraitua izan du eta hori antzekoa izan da hiru lurraldeetan bost urteotan”. Afiliazioaren hazkundea honela banatzen da probintzien arabera:

  • 48.500 landun gehiago Bizkaian –Euskadiko enplegu guztiaren % 50 hartzen du–.
  • 35.181 landun gehiago Gipuzkoan –enplegu guztiaren % 33 hartzen du–.
  • 18.072 landun gehiago Araban –enplegu guztiaren % 16 hartzen du–.

Urtarokotasun femeninoa   

UPV/EHUko katedradunak adierazi duenez, afiliazioetan, ez da aldatu genero arrakala susperraldia hasi zenetik –atzeraldian murriztu egin zen–. Gainera, adierazi duenez, enpleguen % 52 gizonezkoek egiten dituzte, eta % 48 emakumezkoek. “Urtarokotasunak gehiago eragiten die emakumeei. Hain zuzen ere, galera handiagoak izan dituzte afiliazioetan udako hilabeteetan”, azaldu duenez.

Autonomoei dagokienez, enpleguaren hazkundea besteren konturako langileen kopurua areagotzetik “bakarrik” etorri da. “Autonomoen kopuruak ez dio jaisteari utzi 2015az geroztik, hiru lurraldeetan”.

Euskadiren guztizkoan, gorantz jarraitzen du industria sektoreko enpleguak, baina hazkunde tasak behera egin du 2019an. Araban, sektore horretako enpleguak indarrez egin du behera 2019ko lehen seihilekoan, baina, azken sei hilabeteetan, hobetu duela ikusi da. Bizkaian eta Gipuzkoan, industriako enpleguaren hazkundearen dezelerazioa areagotu egin da urtearen bigarren seihilekoan.

Enplegu mugagabearen hazkundea

Bestalde, De la Ricak adierazi duenez, enplegu mugagabearen hazkundea aldi baterako enpleguarenaren ia berbera da; 50.000 afiliazio inguruko hazkundea kontratu mota bakoitzean. Dena dela, azken hilabeteetan, enplegu mugagabeak gehiago egin du gora aldi baterakoak baino.

“2019aren erdialdetik, iraupen motzeko langabeak gehiago dira langabezian urtebete baino gehiago daramatenak baino. Hori oso nabarmena da Gipuzkoan eta ez hainbeste Araban. Bizkaian, zoritxarrez, ez da gertatzen, iraupen luzeko langabeziaren intzidentzia iraupen motzekoa baino handiagoa baita oraindik ere”, esan du amaitzeko.