euskaraespañol

UPV/EHUk 60 beka eskaintzen ditu praktikak atzerrian egiteko, Global Training programaren barruan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/15

Irudia

30 urtetik beherako tituludunei zuzenduta

Deialdia irekita dago ekainaren 15tik uztailaren 18ra

‘Global Training’ izeneko ‘Atzerrian Praktikak Egiteko Bekak’ programa abian da 30 urtetik beherako tituludunentzat. Beka hauek Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena dira. Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateak 60 beka kudeatuko ditu. Esan beharra dago Euskal Herriko Unibertsitatea dela EAEko goi hezkuntza eremuan bakarka aurkeztu den erakunde bakarra.

‘Global Training’ programak helburu du EAEko gazte tituludunen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzea, beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako praktika profesionalak atzerriko herrialdeetako enpresa eta erakundeetan 6-12 hilabetez egin ditzaten, betiere aurrez prestakuntza praktikoko plan bat eratuta. Ingeniaritzaren, teknologiaren, laborategien edota arkitekturaren arloko praktika profesionalak eskaintzeaz gain, garapen jasangarriarekin zerikusia duten praktikak ere eskaintzen dira, hala nola Nazio Batuen Munduko Itunen Sarean; kontserbazioarekin lotutakoak, Hegoafrikako Biodibertsitatearen eta Garapenaren Institutuan eta Hegazti Harrapariak Aztertzeko eta Kontserbatzeko Zentroan; kulturari buruzkoak, Estatu Batuetako Euskal Museoan eta Lisboako edo Limerickeko galerietan; eta genero berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutakoak, Panamako NB Emakumeak erakundean edo Promundo Globalen (Washington).

“Oso pozik gaude deialdiaren emaitzarekin, beste behin erakusten baitu gure unibertsitateak kalitateko proiektua aurkeztu duela. Hori dela eta, hainbat ezagutza arlotako 60 beka eskaini eta kudeatu ahalko ditugu”, esan du M. Juncal Gutierrez Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak.

*Programari eta UPV/EHUren eskaintzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo hona: https://www.ehu.eus/eu/web/nazioarteko-harremanak/global-training-bekak