euskaraespañol

Gobernu Kontseilua berritzea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/08

Irudia
Kargua uzten duen Gobernu Kontseilua

Joan den otsailaren 22an amaitu zuten beren agintaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseilua osatzen zuten pertsonek. Aipatutako datatik egun batzuetara egin zen Klaustroan berritu zen kontseilu hori, bai eta unibertsitateko beste organo batzuk ere.

Gobernu Kontseiluaren azken saioan erakundeko errektoreak, Eva Ferreirak, eskerrak eman zizkien kontseiluko kideei egindako lanagatik, bai eta agintaldiko eztabaidetan egindako ekarpenengatik ere.

Gobernu Kontseilua unibertsitateko gobernu organo gorena da eta bere eginkizunak dira, besteak beste, unibertsitateko politika orokorraren jarraibideak ezarri eta garatzea, bai eta jarraibideok aplikatzeko prozedurak ere, irakaskuntzaren, ikerketaren, giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen antolamenduaren arloan. Era berean, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzerako plana prestatzen du. Organo horren eginkizun nagusietako bat da, araugintzarako ahalmena erabiliz, Estatutuak garatu eta aplikatzeko arauak nahiz unibertsitatearen antolamendurako arauak onartzea.

Gobernu Kontseilua osatzen dute berezko kideek (errektorea, idazkari nagusia eta gerentea ), errektoreak edo Gizarte Kontseiluak izendatutako pertsonek, eta ikastegietako zuzendarien ordezkariek, UPV/EHUko sail eta institutuen ordezkariek, ikasleen ordezkariek, irakasle‑ikertzaile doktore iraunkorren eta gainerako irakasle‑ikertzaileen ordezkariek, eta TEKAZELen ordezkariek. Kontseiluko kideen agintaldia lau urtekoa da, ikasleen ordezkarien kasuan izan ezik (bat etorrita unibertsitatearen Estatutuetan adierazitakoarekin).