Gradu Amaierako Lan batek Portugaleteko Areilza Doktorea parkea birmoldatzea proposatu du

UPV/EHUko Ikasleen I. Biltzarrean saritua, hamabigarrena izan zen ere Portugaleteko Aurrekontu Parte hartzailetan bozkatutako proiektuen artean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/05

Uxue Castrillo Gómez Gradu Amaierako Lanarekin (Foto: Egoi Markaida)

Areilza Doktorea Parkeari tximinoen parkea deitzen diote biztanleek, 60ko hamarkadan hiritarrei irekitako zoologiko bat izan baitzen: basurdeak, hontzak, beltxargak, azeriak eta ezizena eman dioten tximinoak zituen. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle Uxue Castrillo Gómezen Gradu Amaierako Lanak eskuhartze artistiko bat proposatu du parkerako: tximino baten eskultura bat jartzea, “identitate eta biztanleriarekin komunikatzeko" baliabide gisa.

‘Remodelación para una identidad en el Parque Doctor Areilza, Portugalete, Bizkaia’ izeneko Gradu Amaierako Lanak (GrAL) lehen saria lortu du UPV/EHUko Ikasleen I. Biltzarreko Bakea eta Aliantzak modalitatean. Lehiaketa horrek mundua eraldatzeko gaitasuna luketen GrALak saritu zituen. Ikasleak, halaber, Portugaleteko Aurrekontu Parte hartzailetara aurkeztu zuen proiektua eta hamabigarrena izan zen bozkatutako proiektu guztien artean.

Uxue Castrillok egin duen maketak tximino baten burua irudikatzen du. Areilza Doktorea Parkean jarriko balitz, 14 m-ko altuera izango zuen. Bisitariek eskulturaren barrualdean zehar ibiltzeko aukera izango lukete; eta horrez gain, tximino erraldoiaren begizuloak miradore bezala erabil zitzaketen ere. Eskulturaren barrualdean, parkearen eta tximinoen historia azalduko litzateke plano ezberdinen bitartez.

Ikaslea Sorkuntza eta Diseinuko Graduaren hirugarren mailan zegoela sortu zen proiektua. Ingurugiroa / Hiri Espazioa irakasgaian, María Jesús Cueto Puente irakasleak ‘Errealitatea eta utopia’ izeneko proiektu bat garatzeko lurralde eta kokapen bat aukeratzea proposatu zien bere ikasleei. Xedea zen ikasleen inplikazioa bultzatzea maila ezberdinetan (pertsonala, kulturala, bizipen mailan, maila sortzailean, iraunkortasun eta gizarte mailan).

“Ikasturtea amaitu ondoren, Portugaleteko Udalean aurkeztu nuen nire proiektua eta interesa piztu zuela ikusi nuen. Ondorioz, GRALean gai hori lantzen jarraitzea erabaki nuen, María Jesús Cueto Puente tutore nuela. Gidari ezin hobea izan da eta proiektua gertu-gertutik jarraitu du, maila guztietan”, adierazi du Uxue Castrillok.

GrALerako, alderdi praktikoa zein teorikoa landu zituen Uxuek. “Liburutegietan eta Portugaleteko Udalean parkeari buruzko dokumentazioa bilatu nuen hasteko. Tximinoen inguruan, Santillana del Marreko (Kantabria) Parke Zoologikora joan nintzen informazio bila. Xedea zen tximinoen aurpegiera zehazki definitzea, proiektua ahalik eta gehien hurrera zedin errealitateari. Fase esperimentalean, irudikapen grafiko bat eta eskalan egindako hiru dimentsioko maketak egin nituen, material ezberdinak erabiliz”, adierazi du ikasle portugaletetarrak.

“Nire esker ona adierazi nahi diet Mikel Torres alkateari, Portugaleteko artxibozain Roberto Hernández Gallejonesi, udal ingeniari eta arkitekto David Lambeari eta José Ramón Anguianori, hurrenez hurren, beharrezko laguntza guztia eskaini baitidate nire proiektu artistikoaren ikerketarekin eta garapenarekin aurrera egin ahal izateko", nabarmendu du Uxuek. Ikaslea Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ikasten ari da egun, non eskulturaren bideragarritasuna aztertzen ari den.

Uxue Castrilloren nahia da proiektu handinahi hau Master Amaierako Lanean garatu ahal izatea. “Hartuko duen ‘lekuaren ekosistema’ aintzat hartuko dut orain. Bertako landareak erabiliko ditut, edertasunaren kontzeptutik gertu egongo den espazio artistiko eta natural bat sortzen saiatuz. Aipatuak udalerriko zein beste leku batzuetako bizilagunen interesa piztuko du, iraganeko bere ezaugarriak berreskuratuz".

Aintzatespenak

Gradu Amaierako lana 2018ko uztailaren 5ean aurkeztu zen eta Ohorezko Matrikula kalifikazioa lortu zuen. Horrez gain, 300 euroko saria lortu zuen Ikasleen I. Biltzarrean, mundua aldatzeko gaitasuna zuten GrAL hoberenak saritzeko lehiaketan. Azkenik, ikasleak Portugaleteko Aurrekontu Parte hartzailetara aurkeztu zuen proiektua eta hamabigarrena izan zen bozkatutako proiektu guztien artean.