euskaraespañol

Gure esperientzia CERNen

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/28

Irudia

Design The Future (Terraforming) workshopari esker, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko 12 ikaslek aukera paregabea izan zuten Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren (CERN, Geneva, Suitza) erronketan parte hartzen duten ikertaldeen eguneroko lanarekin bat egiteko. Handik itzuli ostean, ikergune horretan bizitako esperientziaren berri eman diote Campusari.

Esperientzia hasteko, aisialdiaz gozatzeko asteburu bat izan genuen, eta hiri ikusgarriak ikusi ahal izan genituen, Lausanne eta Montreaux, besteak beste.

Astelehenean hasi zen CERNen programa. Lehenengo bi egunetan eskolak izan genituen pentsamendu ez lineal mota bat sustatzeko, edo, gure tutore Pablok zioen moduan, pentsamendu esponentzial bat izateko, inkrementala izan ordez.

Zalantzarik gabe, eskola horiek tresnak eman zizkiguten ondoren taldeko proiektua izango zena lantzeko, hau da, taldeko fabrikazio bideo bat egiteko. Asmakizun berritzaile bat deskubritzeak eragindako etorkizun distopiko bat pentsatu behar izan genuen lan horretarako. Ondoren, eta gidoia egindakoan, 5 minutuko bideo bat grabatu behar genuen, eta aurrerapen teknologikoa zein zen eta etorkizuneko egoerara iristeko mundua nola aldatuko zuen azaldu behar genituen.

Esperientzia aberasgarria izan zen pertsonalki, denok oso ondo konpondu baikinen irakasleekin zein ikasleekin. Horrez gainera, beste pentsamendu mota batzuk aztertzeko aukera izan genuen, bai eta ohituta ez gauden gauzak egin eta proiektuak lantzekoa ere.

Hala ere, CERNen egin genuen egonaldia azpimarratu nahi dugu guztiaren gainetik, han ezagutu genituen pertsonak eta CERN bertara eginiko bisitak; guztiak oso interesgarriak eta aberasgarriak izan ziren, bereziki partikula azeleragailuaren hodiaren (LHC edo Large Hadron Collider) gunera egin genuen bisita, CMS deitutakora (Compact Muon Solenoid). Gune horretan, besteak beste, partikula azeleragailuan egiten diren mini-bigbangek ematen dituzten datuak eskuratzen dira.

Parte hartu zuten ikasleak

Design The Future workshopean parte hartzeko aukeratutako ikasleak hauek izan ziren: Álvaro Díaz Moreno, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatekoa, Daniel Cuenca, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa, Marcos Neira, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatekoa, Unai Díaz de Guereñu Cabeza, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa, Udane Uriarte Tellitu, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa, Aitziber Fernández de Betoño, Zientzia eta Teknologia Fakultatekoa, Sara Jurado, Bilboko Ingeniaritza Eskolakoa, Zuriñe Eraña Pérez, Farmazia Fakultatekoa, Leire Lazcano Zapatera, Letren Fakultatekoa, Oier López de Suso Echevarría, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa, Andrea Belver Fernandez, Hezkuntza eta Kirol Fakultatekoa, eta Iván Gallego Cuesta, Ekonomia eta Enpresa Fakultatekoa.